Zein animalia da benetakoa?

Ornitorrinkoaren eskeletoa. Adituek luzaroan esan zuten ez zela posible ornitorrinkoa benetako animalia izatea.Ricardo Kohn
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Cuckfield (Ingalaterra), 1822. Mary Ann Mantellek hagin handi fosildu bat aurkitu zuen Tilgateko basoan. Aurkikuntzaren berri senarrari eman zionean, hark, Gideon Mantell (1790-1852) geologoak, eremua miatu zuen beste arrasto batzuk aurkitu arte, eta horiek aztertzeari ekin zion. Ikerlana 1925ean eman zuen argitara. Basoan aurkitutako arrastoak muturrean adar bat zeukan hamabi metroko iguana erraldoiari zegozkion, Mantellen esanetan. Samuel Stutchbury Zirujauen Errege Elkarteko naturalistak esan zion haginak iguanarena zirudiela, askoz handiagoa izan arren, eta horregatik ondorioztatu zuen geologoak animalia hark iguana erraldoiaren itxura izango zuela. Eta horregatik jarri zion iguanodon izena; “iguanaren hagina” esan nahi du..

Mende erdiz ez zuen inork zalantzan jarri Mantellen iguana erraldoi adarbakarra. Baina 1878an, Belgikan, Bernissarteko meatzean, Louis Dollok espezie bereko 38 aleren arrastoak aurkitu eta aztertu zituen. Iguanodonak Behe Kretazikoan bizi izan ziren Europan, Mantellek esan bezala lauoindunak izan arren, oinbikoen jarrera hartzeko gaitasuna zuten eta muturrean ez zuten  adarrik; Mantellek adartzat jo zuena dinosauroaren ezproi itxurako erpurua zen. Belgikako aurkikuntzen ondorioz, ezproia zegokion tokian jarri zioten animalia desagertuari, baina iguanodon izena atxiki zuen. Mantelli zuhurtziarik eza eta zientzia egin nahian Mr. Potatoan jolastu izana egotz dakioke, baina iguanadona historian izendatutako bigarren dinosauroa baino ez zen, eta garai hartan paleontologian ez zegoen aurkikuntzak alderatzeko tipologiarik. Gainera, gehiegizko zuhurtasuna ere ez zen beti onuragarri.

Urte batzuk lehenago, 1799an, George Kearsley Shaw (1751-1813) botanikari eta zoologoa Britainiar Museoko historia naturaleko saileko kontserbatzailea zen. Hegoaldeko Gales Berriko gobernadoreak animalia espezimen arraroa bidali zion Australiatik: sator handi modukoa zen, baina kastoreen isatsa zuen, eta ahateen mokoa. Shawek faltsifikazioa zela ondorioztatu zuen eta haren inguruko adituak bat etorri ziren. Garaiko prentsak “txinatarren ohiko munstrokeria eta iruzurtzat” jo zuen ustezko animalia. Baina hurrengo urteetan ale gehiago iritsi ziren Europara eta, azkenik, 1884an, William Caldwell enbrologo eskoziarrak animalia horietako bat arrautza erruten ikusi zuen Queenslanden; iguanodona zuzen birmuntatu eta urte batzuetara, zientzialarien komunitateak ornitorrinkoa existitzen zela onartu behar izan zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zoologia
Olatz Aizpurua San Roman. Enarak habi
“Enarak dira eskuartean dugun intsektizida naturala”

Biologia ikasketak egin zituen Olatz Aizpurua San Romanek (Hendaia, 1980) Nafarroako Unibertsitatean. Ia bi urte dira Aranzadi Zientzia Elkarteko Enarak proiektuaren gidaritza hartu duela, eta hegaztiek hegoak astintzen dituzten gogo eta intentsitate berarekin kontatu digu beren... [+]


Zerk gidatzen du inurri talde baten mugimendua?

Alemaniako ikerlari talde batek inurri multzoen higidura aztertu berri du, baita ondorio harrigarriak atera ere. Ikerlana The Science of Nature aldizkarian argitaratu dute.
Behatu dutenez, habiatik elikagaiak dauden tokiraino joateko abiadura %50 motelagoa da alderantzizko... [+]


Eguneraketa berriak daude