argia.eus
INPRIMATU
"Utzi erregaiak lurpean", beranduegi izan baino lehen
  • Londresko The Guardian egunkariak bere ildo estrategikoen artean lehenetsi izanak oihartzun berezia emango dio “Keep it in the ground” (Utzi erregaiak lurpean) kanpainari. Dagoenekoz nozitzen dugun klimaren berotzea katastrofikoa gertatu ez dadin, petrolio, gas eta ikatza erauzten dituzten konpainietatik dirua ateratzea sustatzen du.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko maiatzaren 12a
350.org erakundearen Australiako gunetik hartutako argazkian, abenduan Camberra hiriburuan egindako elkarretaratzea: otsailean burutuko zen mundu mailako ekintza eguna sustatzeaz gain, eskuetako afixetan erakusten dute bertako hainbat unibertsitate, udal eta fundaziok dagoenekoz atera dituztela diruak erregai fosilak ustiatzen dituzten korporazioetatik eta horiei lotutako inbertsio funtsetatik. Britainia Handian berrikitan Ingalaterrako eliza anglikanoak erabaki du petrolio enpresen akzioetan zeuzkan 12 milioi librak (16 milioi euro) saltzea. Suedian Lidköping hiriko udalak petrolio konpainien akzioetan zeuzkan 20 milioi koroak (2,1 milioi euro) saldu ditu apirilean. Erregaietan ez inbertitzeko kanpaina herrialde txiroagoetara ere iritsi da, Afrikara bezala Asiara. Denen artean berotzen ari dira giroa Parisen irailean burutuko den CO21 klimaren gailurra epelkeriatan ito ez dadin.

Bilioika dolar balio duten erregaiak daude lurpean bertan utzi behar ditugunak geure on beharrez”. Alan Rusbridger zuzendariaren esaldi horretan laburbiltzen da The Guardian egunkaria lerro estrategikotzat lantzen hasi den “Keep it in the Ground” kanpaina, paperean artikulu eta erreportaje sakon zabalez eta interneten multimedia aberatsez hornitua.

“Alan Rusbridger zuzendariak borrokarako deia egin dio taldeari eta desafioa ipini: ‘Klimaren aldaketaz informazioa egiteko modu berririk aurkitzeko gai izango ote zarete?’ Azaldu die munduan kontatzeko dagoen gertakizunik garrantzitsuenaren aurrean gaudela eta dagoenekoz ezagutzen ditugun erregai fosil gehienak lurpean utzi beharra daukagula. Sei hilabetetan lortuko al dute irakurleak konprometitzea bide horretan?”.

The Guardianen lehenbiziko idatzi handietakoa izan da Naomi Kleinen azken liburuaren (“This changes everithing”, Honek dena aldatzen du) sarrera. Bertan Kleinek, aitortu ondoren klimaren aldaketari luzaz behar baino garrantzia txikiagoa eman diola, irakurlea jartzen du aldaketa historiko baten aurrean: klimaren berotzeak dena aldatuko du, baina hori eragozteko edo gutxienez zerbait kontrolatzeko hartu beharreko erabakiek ere dena aldatu dezakete, politikan bezala ekonomian edo mundu mailako justizian gauzak egiteko modu hobeak sortuz.

Keep it in the Ground” kanpainaren inspirazio iturri nagusia da AEBetan Bill McKibben ekologistak 2012an abian jarritako 350.org mugimendua. Milioiko 350 karbono zati –350 parts per million–, kopuru hori ezarri zuen mugatzat NASAko zientzialari James E. Hansenek 2007an: Lurraren eguratsean hori baino karbono gehiago egoteak markatzen du bizitza gaur ezagutzen dugun moduan iraun ezin izatea. 1988an gainditu zuen Lurrak 350ko kopurua, gaur 400 inguruan gabiltza.

350.orgek ezer baino lehen kontu zehatzak ateratzea proposatzen du (“Do the maths”). Gakoa: erregaiak ekoizten dituzten konpainiek beren erreserbetan dauzkatela munduak kontsumitu beharko lituzkeen erregaiak bider bost.  Ondorioz, lortu beharra daukagula horien %80 lurpean uztea.

Hiru zifra xumek azaltzen dute zergatia. Hasteko, 2ºC: munduko gobernu gehienek onartzen dute arriskutsua izango dela klima 2 gradu baino gehiagoz berotzea eta dagoeneko 0,8 berotu dugu, espero ziren baino ondorio latzagoak eraginez. Artikoak galdu du udan eduki ohi zuen izotzaren herena, itsasoaren azidotasuna %30 handitu da, nabaritzen dira eraginak uholde eta lehorteetan.

Bigarren zifra: 565 gigatona. Gehienez, erregai-karbono kopuru hori kontsumitu dezakegu tenperatura 2ºC baino gehiago igo gabe. Gehiegi erretzen dugunaren inertziaz 0,8ºC gehiago berotuko dugu seguru. Gehituz dagoenekoz berotutako beste 0,8ºC, bi graduen helmugara iristeko bidearen hiru laurdenak korritu ditugu.

Hirugarrenik, 2.795 gigatona. Erregai putzu hori daukate erreserbatan bere jabe diren enpresa eta estatuek. Urtean 31 gigatona kontsumitzen ari garenez, 16 urtetan errea izango dugu Lurra 2ºC-z berotzeko adina. Horra nola heldu garen gizakiok ataka gaitzera.           

Gure dirurik ez petroliozaleei

Berandu da. Bill McKibbenk mezu katastrofista aspaldi eman zuen, 2007an Warning on Warming (Beroketaz ohartarazten) plazaratuta. Urteotan munduko agintariek lehengo bidetik segitu dutenez, orain berandu da beroketa gelditzeko. Kaltearen zati handi bat martxan dago, ikusten ari gara urtetik urtera larriagotzen. Orain jokoan dagoena da beroketa ez suertatzea erabat katastrofikoa. Horregatik sartu da kanpainan.

AEBetako hiri guztiak korritu ditu autobusez herritarrei proposatzeko dirua atera dezatela erregaiak ekoizten dituzten konpainietatik: “Divestment”. Erregaien ustiapenarekin zerikusirik daukaten konpainietan eduki ditzakegun aurrezki edo inbertsioak saldu eta ixtea.

Amerikar unibertsitateetan hasi dira presio egiten, inbertsio horiek eteteko. Udal eta lekuko administrazioekin ere ari dira, eliza eta beste elkarteekin bezala. “Ez du zentzurik inbertitzea konpainia horietan edo dirua uzten dieten pentsio funtsetan, mundua hondamendira daramaten horien eskuetatik erretiratu behar ditugu diruak. Erregai fosiletan ari diren konpainiok ez ditu ezerk mugiaraziko diruak ez bada. (...) Horrela amaitu zuen munduak Hego Afrikako apartheid sistema, horrela espero dugu gertatzea klimaren krisian”.

Ametsez ez, helburu praktikoez arduratzen da McKibben: “Kostatu zait konturatzea borroka hau ez dela sekula erabakiko justiziaren edo arrazoiaren zelaian. Eztabaida irabazita daukagu, baina hori ez da garrantzizkoena: borroka gehienak bezala, hau ere botere borroka da”. Eta Europara iritsi da.

Gogoratzen Yasuni erreserbarena, Ekuadorren? Orain, erregaiak lurpean uzteko proposamena ez da dagoenekoz ekologista, indigenen maitale edo ezkertiar utopikoen eskaria. “Keep it in the Ground” kanpainari aparteko bultzada emango dio Europan The Guardianek bereganatu izanak.

Baina kazetaritzak orain arte ez du asmatu klimaren krisia gizartearengana helarazten, zuzendariak aitortu duenez: “Kazetaritzak atzera begirako ispilu moduan jokatu ohi du. Nahiago dugu gertatu denaz aritzea, aurrean daukagunaz baino. Hobesten ditugu gertakizun berezi eta denen bistan daudenak, egunerokoak eta ezkutuan direnen gainetik”.

Egia da jazotzen ari direla gauza oso bereziak, baina mantsoegi  gertatzen dira, edo kazetarientzako ikusezinegiak dira, lanera bidean berripapera leitzen duen irakurle presatuarentzako. Horregatik, oso gutxitan da lehen albiste Lurraren klima krisia. Aldaketak azkarregi ari dira gertatzen gizakiaren ongizatearentzako, baina mantsoegi kazetari eta irakurleentzako.

The Guardianeko zuzendariak laburbiltzen du kanpaina: “Datorren eztabaidan bi gauza daude jokoan. Bat, edo gobernuak gai dira arazoa kontrolatzeko, edo bestela hasten dira prebenitzen mendea bukatzerako 2ºC baino gehiago berotzearen ondorio ikaragarriak. Bi, ea nola eragotzi diezaiekegun planetako ikatz, gas eta petrolioen jabe diren korporazio eta estatuei horien ustiatzeko aukera. Erregaiok lurpean utzi behar ditugu”.

Hasteko, egunkariaren diruak funts horietatik ateratzeaz gain Bill eta Melinda Gatesen fundazioari gauza bera egitera behartzeko sinadura bilketari ekin diote.