argia.eus
INPRIMATU
Krisi garaiko soldatak
Juan Mari Arregi 2015eko maiatzaren 12a

Gobernuetatik errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten dutenek badakite gezurretan ari direla. Hemen soilik kapital-errentak baino ez dira hobetzen ari krisiaren ondotik, eta bitartean, ezberdintasun soziala handitzen ari da, soldaten arteko leizea nola. Egunetik egunera sakonagoa, eta beraz eskandalagarriagoa den leizea. Datu ofizialetara jo besterik ez dugu hori ikusteko.

2014an zuzendaritzetako kideen soldatak %10 baino gehiago igo ziren eta enplegatuenak %0,6 jaitsi. 2013an, IBEX 35ean dauden enpresetan ondoen ordaindutako pertsonen soldataren batez bestekoa, konpainia bereko enplegatuek kobratzen zutenaren halako 75 zen. 2014an berriz, ongien ordaindutakoek –goi-karguetako zuzendari eta kontseilariek– langileek baino 104 aldiz gehiago jaso zuten. Desberdintasuna 75etik 104ra igo da beraz. Repsoleko Josu Jon Imaz, Espainiako Estatuan soldata handienetakoa duten 50 pertsonen artean dago; bada, 2014an 2,10 milioi euro irabazi zituen. Txapeldunak berriz, Juan Maria Nin Caixabankeko presidenteak, 16,38 milioi irabazi zituen. Eta Jazzteleko exekutibo nagusiak bere langileek baino 1.000 aldiz gehiago. Horri guztiari batu behar zaio euren pentsioentzat egiten diren diru-ekarpenak. 2014an IBEXeko enpresetako 72 kontseilarik 500 milioi euro pilatu zituzten. Bitartean, Espainiako Estatuko soldatadunen %40ak ez du lanbide arteko gutxieneko soldata irabazten: aurten 648,60 euro kobratuko dituzte hilean, 9.800,40 euro urte osoan.

Nola mantendu daiteke hain injustua eta ezberdina den gizartea? Errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten dutenak dira IBEX 35eko enpresetan parte hartzen duten berberak. Rajoyrekin edo Moncloarekin hitz egiten duten horiexek dira, orain egun batzuk egin zuten moduan, laudatzeko eta animatzeko segi dezan prekarietatearen bidez soldaten arteko leizea eta desberdintasuna handitzen. Klase borroka ez da iraganeko kontua. Gure herri eta enpresetan daukagu. Ez badugu nahi egoera are larriagoa izatea, sistema kapitalista aldatu eta beste gizarte eredu bat eraikitzea beste aukerarik ez daukagu, aberastasunaren bidezko banaketa lehenetsiko duena, justizia, berdintasun eta elkartasunean oinarritua.