argia.eus
INPRIMATU
Jostuna klasikoak harilkatzen

Amaia Alvarez Uria 2015eko maiatzaren 12a

Argiaren alaba

Yolanda Arrieta

Autoedizioa, 2014

Argiaren alaba izeneko liburuan Bizenta Mogel Elgezabal euskal idazlearen bizitzara hurbiltzeko proposamena egiten digu Yolanda Arrietak. Datu errealetatik abiatu eta fikzioaren bidez egiten da klasiko honen berrirakurketa. Amaia izekoak eta Mirari ilobak idazlearen inguruan egingo duten ikerketa pausoz pauso jarraituko dugu testuan. Jostein Gaarder-en Sofiaren mundua eredu hartuta XIX. mendeko idazlearen bizimodua aurkeztu eta girotzen du. Markinan hasi eta Bilboko Abandon amaituko da egile honen ibilbidearen eraikuntza, eta datu antropologiko-historiko-psikologiko-biografikoak josiko dituzte protagonistok idazle klasikoa bere testuinguruan irudikatzeko.

Egindako ikerketaz eta sortutako fikzioaz gain, idazle honen inguruan egindako “hitzaldi-tailer-performancea” aurkeztuko digu Arrietak liburuaren amaieran, 10 kutxarekin eta irudimena lagun, dekalogo bat osatu zuten ikasleek. Aipatutako kutxetan ikasleek, besteak beste, kriseilua, abarkak, luma, tinta, txirikorda, ziba, bisturia, errosarioa, sendabelarrak eta bertso paperak aurkituko dituzte.

1782an jaio zen Mogel Azkoitian eta Bilboko Abandon hil 1854an. 1804an argitaratutako Ipui onac lanagatik da ezaguna, nahiz eta ez zen izan idatzi zuen bakarra. Arrietak Argiaren alaba deitu dio,  Ilustrazioa eta arrazoia euskal tradizioarekin uztartu nahi izan zituelako, “euskara eta ohitura onetan zentratu zela” esanez. Era berean, “ohiko ereduen gainetik jokatzen jakin zuen” Arrietaren hitzetan, eta “barne espazio propioa eraiki zuen bere garaiko kumea” izan zen.

Arrietaren ustetan bi izan ziren bere ekarpenak, bata “haurrak eta alfabetatu gabeak (nekazariak) euskaraz hezteko eta hazteko lehen material pedagogikoa sortu izana”, eta bestea, “euskararen kategoria altxatu izana ahozko txiste hutsetik papereko hizkuntza klasikoen parera”. Honez gain, ondoren argitaratu ziren alegi bildumen erreferentzia izan zela diosku, eta euskal haur eta gazte literaturaren aitzindaria dela.

XIX. mendean ez zen ohikoa emakume idazleak egotea, eta horretaz kontziente izan zen Mogel, bere hitzaurre gogoangarrian adierazi zuen bezala; eta Yolanda Arrietaren lan honi esker, bere bizitza nolakoa izan zen imajinatu dezakegu, ikerketa horren ondorioz jasotako datuak josi dizkigulako, Jostorratza eta haria lanean egin zuen antzera. Berak dioen moduan “tradizioa, historia bezalaxe, ezer izango bada, etenik gabe, astindu, aztertu eta berregin beharreko zerbait bizia delako”. Hemen duzue bada, lehen euskal emakume idazlearengana fikzioaren bidez hurbiltzeko gonbitea.