Zorigaiztoko 2015a Mediterraneoan: dagoenekoz 1.700 etorkin baino gehiago ito dira Afrika eta Asiatik Europarako itsasbidean. Europar Batasunak Frontex zen operazioari –etorkinei bidea ixteko antolatua– Triton izena ipini dio eta Italiari laguntza handitu. Baina milioitik gora jende gehiago iritsiko da nola edo hala datozen urteetan Europara.
"Etorkinekiko errukia duten liderrak nahi ditut” idatzi du David Walker Manchesterreko apezpiku anglikanoak The Observer egunkarian. “Bultzatuta datoz etorkinak Europara, ez erakarrita. Sorterrietatik ihes egitera behartu dituzte gerrak, terrorismoak eta gutxiengoekiko jazarpenak. Etsitako biktimatzat hartu ordez horiek nahitara ari diren gaiztagintzat tratatzen dituen erretorika politikoa ez da bidezkoa eta gezurretan ari da”.
Walkerrek Erresuma Batuari eskatzen dio bere gain har ditzala berak parte hartutako gerra eta erasoen kalteak: “Atzerrietan gure herrialdeak egindako esku hartze ugariek berekin eraman behar dute guk parte hartu dugun gerren biktimak geure etxean hartzea babes eskubidea daukaten errefuxiatu gisa”.
Ez da segurua Britainia Handiko apezpikuari kasu handia egingo diotenik Britainia Handiko giristinoek. Ezta ere ingelesekin Irak, Siria, Libia eta beste bazter askotan gerran ibili diren herrialdeetakoek, Euskal Herrikoek barne. Han bezala hemen gogaikarriak dira urrutietatik bertakoei ustez lana eta bizimodua kentzera datozen jende kolore beltzaranekoak.
2000tik 2013a bitartean 22.000 iheslari ito dira Mediterraneoko uretan hondoraturik, Wikipediaren arabera. 3.073 daude kontabilizatuak 2014an. Larritzekoa bai, ez ordea harritzekoa. Iaz bertan 280.000 etorkin sartu zen ilegalki Europan eta Balkanetan barrena zetozenez landa gainerako 220.000ak itsasoz ahalegindu ziren iristen Europako lehorrera, gehienak (170.000) Italiako kostara.
Ez dira gutxiago etorriko datozen urteetan. Nazio Batuen Erakundearen migrazio gaietarako berriemaile François Crepeauk The Guardian egunkariari esan dionez munduko herrialde aberatsek prestatu behar dute datozen bost urteetan milioi bat iheslari siriar hartzeko beren lurretan.
Bi multzo handi bereizi ditu Crepeauk hilabeteotan Europara datozenen artean. Alde batetik daude Magrebetik eta Saharaz beheko Afrikatik eten gabe datozenak, hemen lana badela jakinik.
Baina hilabeteotako larrialdi humanitarioa bigarren sail baten etorrerak eragin du, gerrari ihesi Siriatik, Eritreatik, Somaliatik eta Afganistandik datozenenak: “Begiratzen badiegu siriar eta eritrearrei, ohartuko gara oraintxe bertan Ekialde Hurbilean daudela kokaturik –Turkian, Libanon, Jordanian eta, eritrearren kasuan Egipton– baina leku horietan etorkizunik ez daukate, hori ere badakigu. Herrialde horiek ez diete utziko gelditzen bertan. Iheslariak harrapatuta daude ez beraiek eta ez beren haurrek etorkizunik ez daukaten lekuetan”.
Time magazinean Ian Bremmerrek nabarmendu ditu Mediterraneoak bizi duen trafiko hilkorraren bost ezaugarri. Lehenik, gatazka politikoetatik ihesi datozenak ugaritu direla. Gutxi batzuek lortu dute NBEren iheslari estatusa, gainerakoek ez dute beste aukerarik ikusten jende-trafikatzaileen eskuetan beren buruak jartzea baino.
Gero eta gehiago datoz. Iazko kopuruak %43 gainditu dira apirila artean eta uda ez da iritsi oraindik. Libian bertan 600.000 pertsona daude Europara jauzia noiz egingo zain. Aldi berean, jendea onartu edo arbuiatzeko eskubidea estatu bakoitzak duenez, Europar Batasunako herrialde batzuek nozitu behar dute arazoa –funtsean Italia, Malta eta Greziak– bertan preso geratzen direlako Europako beste lurretara joan nahian ari direnak.
Bremmerrek nabarmendu du Turkiaren kasua. Honek bere lurretan 1,6 milioi siriar hartu ditu, Siriatik ihesi joandako jendeen erdiak. Orain artean osasun eta hezkuntza zerbitzuak bermatu dizkie iheslarioi, baina horiek zaintzea oso garestia denez errefuxiatu politiko eskubidea ukatzen die. Horrek Europaranzko uhin berriak eragingo omen ditu.
Xenofobiaren igoera da Bremmerrek aipatzen duen bosgarren ezaugarria. Krisi humanitarioa egokitu da 80 urtean Europak nozitu duen atzeraldi ekonomiko sakonenarekin batera. Pew Research Center erakundeak 2014an egindako inkestak erakutsi omen zuen europarren %55ek immigrazioa mugatzea nahi dutela, baina greziarren %86k eta italiarren %80k. Eskuin muturreko alderdientzako pagotxa eta gainerako indarrentzat xenofobia eta populismora lerratzeko tentazioa.
Europar Batasunak giza uholde honi hesia jartzea dauka lehenetsita bere estrategiaren atalen artean. Hesi fisikoa Balkanetatik barrena lehorretik zetorren trafikoari jarri zaio, 2012an Grezia eta Turkia arteko muga txarrantxaz gogorturik. Ondorioz, Mediterraneo ertza bihurtu da Europarako atari.
Italiak 2013an Mare Nostrum operazioa antolatu zuen, etorkinez zamatutako baporeak aurkitu eta onik lehorreratzeko. 2014an larrialdi humanitarioa berak bakarrik kudeatu ezinean europar guztiei laguntza eskaturik, EBk Frontex operazioa jarri zuen abian, aurtengo hondoratze hilgarrien ostean Triton izenez bataiatu dutena.
2015-2016 urteetarako 120 milioi euroko aurrekontua ordainduz, Triton operazio militarrarekin geldiarazi nahi luke EBk itsasoz datorkion jende oldea. Uraren beste aldetik ari da gizakien kontrabandoan berezitutako mafia indartsua.
Policy Forum gunean azaldutako “Unintended consequences” (Uste gabeko ondorioak) analisian datu hau eman dute: Mediterraneoan gizakien trafikoaren kontrabandoak 2014. urtean 1.000 milioi eurotik gora mugitu zituela. Artikulua sinatu duten Marie McAuliffe eta Khalid Koserrek ikerlanerako elkarrizketatu dituzten 273 iheslari 15 herrialdeetatik iritsietatik den-denek aitortzen dute kontrabandistei pagatua zietela Europara iritsi ahal izateko. Garesti pagatu, inork ez 500 euro baino gutxiago, askok milatik gora, 6.000 eurotaraino.
Eskaria hain oparoa izanik, kontrabandistek eten gabe berritzen dituzte beren taktikak. Jendeak itsasoratzen dituzte klase eta neurri guztietako ontzietan. Azken aldian gero eta sarriagotan itsas zabalean jitoan abandonatzen dituzte ehunka pertsona zamaontzi handi eta zaharkituetan. Urtarrilean azienden garraiorako eraikitako Ezadeen bapore zaharrean lagata 350 iheslari utziz, kontrabandistek hiru milioi dolar irabazi zituzten.
Europarrentzako asko ala gutxi da milioi bat etorkin berri hartzea? Gaur EBn bizi garen 501 milioi biztanleen artean 31 dira EBz kanpoko herrialdeetan sortuak, %6,3. Baina immigrazioen inguruko erreakzioek sortzen duten zalapartarekin askoz gehiago direla irudi luke.
HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.