argia.eus
INPRIMATU
Katalunia aukera galduen eta berrien artean
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2015eko maiatzaren 06a

Bartzelonara egin dudan azkeneko bidaian, proiektu independentistan konfiantza ahulduta sumatu dut lagunen artean. Generalitateko Centre d’Estudis d’Opiniók jarri dio zenbakia Kataluniako kaleetan sumatzen den giroari. Martxoko barometroaren arabera, Katalunia estatu independentea izan beharko lukeela pentsatzen dutenak %39,1 dira, federalistak %26,1, autonomistak %24,0 eta zentralistak %3,4. Galdera dikotomikoa bada, hau da, independentziaren inguruan “bai” edo “ez” erantzuteko aukerak eskaintzen badira soilik, ezezkoak %48rekin irabazten dio baiezkoaren %44ri.

Kataluniak Espainiarekin adostutako erreferenduma nahi zuen. Horrela, independentzia lortzeko adostutako gehiengoa lortzen bada estatu berriaren nazioarteko aitortza automatikoa izaten da. Halere, kontsultak adostu egin ohi dira gatazka bortitz baten amaiera kudeatzeko modu gisa. Salbuespenen artean Eskozia edo Montenegro kasuak ditugu sezesio proposamen merkeak zirelako jatorrizko estatuentzat, bestela, agertokiak halabeharrez gatazkara garamatza sezesio eskubide adostua lortu ahal izateko, eta lortzen denean gutxieneko partaidetzak eta gehiengo zabalak inposatzen dira independentzia gauzatzeko. Azkeneko urteetan praxi honen adibide dira Nevis, Montenegro edo Hego Sudan.

Aldebakarreko independentziez hitz egiten badugu, azkeneko hiru hamarkadetan guztiek lortu dute aldeko botoen bi hereneko langa gainditzea hauteskundeetan edota erreferendumean, nahiz eta honek ez duen segurtatu nazioarteko aitortza. Izan ere, estatu independente normal bat sortzeko nazioarteko aitortza behar da. Azken honetarako gehiengo demokratikoa izatea beharrezko baldintza bilakatu da, baina ez nahikoa geopolitika arrazoiak medio. Halere, zenbatz eta babes handiago herritarren partetik orduan eta aukera gehiago nazioarteko ezagutza izateko joko geopolitikoen gainetik.

Katalunia urrun dago independentziaren aldeko gehiengo zabala lortzetik. Eskuratzeko modu bakarra tentsioa areagotzea da, uneon hauteskunde “plebiszitarioen” bitartez gerta daiteke soilik. Gehiengo independentista balego, nahiz eta motza izan, Espainiari eta Europar Batasunari arazo potoloa planteatuko litzaieke. Ataka horretan, Espainiak kontsulta negoziatuko ez balu gehiengo zabal sezesionista lortzeko bulkada irmoa litzateke. Baina, eskema argi hori gehiegi atzeratu da. Azaroaren 9ko erreferenduma eta gero, Kataluniako elite independentista ez zen gai izan 2015eko urte hasierarako hauteskundeak adosteko. Kataluniako Asanblea Nazionalak 2015eko apirilaren 23rako iragarri zuen independentzia aldarrikapena ez da gertatu eta alderdikeriak sortutako blokeoak frustrazioa sortu du.

Bitartean, Podemos agertu zen ilusioa piztuz Katalunian: lo zegoen boto ez independentista esnatu eta sezesionista batzuren artean begirunea lortu zuen Espainiaren birsorkuntza demokratiko, sozial eta plurinazionalaren ideiekin. Birsorkuntzaren eta apurketaren arteko dialektika horretan, inkestek Kataluniako independentistentzat berri onak ekarri dituzte orain. Madrilgo botere guneek arrakasta izan dute Podemosen aurka eta Ciudadanosen alde. Espainian birsorkuntza aldaketaren bat etorriko bada, kosmetikoa bada ere, Ciudadanosen eskutik izango dela dirudi. Horrela gertatzen bada, independentismoa nabarmen sendotuko da Ciudadanos bezalako alderdi nazionalista espainol batek sortzen duen beldurragatik. Podemosek ordezkatu dituen birsorkuntza ideiak alboratuak, irtenbide bakarra haustura izango da, independentzia.