argia.eus
INPRIMATU
Gaztea, Euskadi gabea
Joxerra Garzia 2015eko maiatzaren 06a
Antton Olariaga

Euskadik traba egiten zion, ez omen zion behar bezain moderno eta gazte izaten uzten, eta ezabatu egin zioten. Geroztik, Gaztea da, soilik, sortzez Euskadi Gaztea zen irratia. Komunikazioan adituek emandako aholkua izan zen, antza.

Duela hamar bat urte izan zen. Aurrez, Kike Amonarrizek eta biok bi urte eman genituen, zuzendaritzak eskatuta, irratiak zerabilen euskara txukuntzeko ahaleginetan. Lana beltz eginda, egitasmo interesgarri bat adostu genuen.

Funtsean, zuzendaritzaren eta esatarien arteko hitzarmena zen hura. Batetik, esatariek beren gain hartzen zuten gazte hizkera garatzeko konpromisoa. Bestetik, zuzendaritzak esatari batzuk beste lanetatik aske utziko zituen, egiteko horretan jarduteko. Hitzarmena bi aldeek sinatu zuten, baina, Gazteari Euskadi kentzean Miramongo tiradera batean usteltzera kondenatu zuten dokumentua.

Gure herriak duen tragediarik lazgarrienetakoa: kausa bakoitza, borroka bakoitza, bere esparrutxora mugatzen da; hortik kanpo, hor konpon!

Genero kontuak (matxismo kontuak, garbi esanda), adibidez, Emakundearen esku uzten ditu Jaurlaritzak. Erakunde horren zuzendariak urtero egiten du Bidasoa aldera bisita, genero berdintasuna aldarrikatuz. Horraino dena ondo. Gertatzen dena da, ordea, Irunen PSE-EEk eta Hondarribian EAJk dutela udal agintea, eta haiek “betiko” alardearen alde egiten dutela beti, genero berdintasuna hankarteko zubitik pasata. Botoak eta boterea berdin hasten dira biak, eta hazi ere berdin hazten dira sarri: gizalegearen kontura.

Euskararen aldeko borroka, berriz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ardura da Jaurlaritzan. Berak ondotxo dakienez, nik ez dut Patxi Baztarrikaren euskaltzaletasunaz eta borondate onaz zalantzarik batere. Patetikoa da, hala ere, euskara suspertzeko lanetan eta planetan etengabe jardun eta, aldi berean, horretarako dugun tresnarik eraginkorrenetako bat, Gaztea, ez behartzea egin behar lukeen ekarpena egitera.

Orain ofiziala da diagnostikoa: euskararen ezagutza baino askoz ere mantsoago handitzen ari da erabilera. Onartzen dut arrazoi politiko eta sozio-linguistiko mardulak daudela hori horrela izan dadin. Baina garaia da aitor dezagun denon artean “antolatu” dugun euskara horrek ez diela gazteei balio gauza triste eta aspergarrietarako baizik. Ikasi, euskaraz ikastea nahiago dute. Gozatzeko garaian, aldiz, euskarak ez die balio, eta aldi berean esaten diote kaixo eta adio. Eta gazte sano, buru-argi, abertzale eta euskaltzaleez ari naiz, ez PPko txoropito pepelerdoez.

Ehun mila entzule pasatxo ditu Gazteak. Euskara hutsez dihardu, nagusiki musika eskainiz, euskarak hain eskas duen lagunarteko giro ludiko jolastian. Ordezka ezineko tresna izan zitekeen, euskararen estrategiarako mauka sekulakoa... Tamalez, lezakeenaren laurdenik ere ez du egiten, ordea. Arrainak ura bezala behar du euskarak gazte hizkera bizi eta jostari bat. Baina hizkera hori arian osatu beharra dago, eta etengabe elikatu: esapide egokiak sortu eta plarazatu, erabilerak ematen baitie indarra esapideei. Euskaldun guztion lana da hori, jakina, baina euskaratik bizi diren profesionalei dagokie ardura nagusia.
Gazteari Euskadi kentzean, euskarari Gaztea kendu zioten, eta, inork erabakirik hartzen ez badu, Gaztea gabe ez ezik aurki gazterik gabe ere geratzeko arriskua du gure hizkuntzak. Ez da lehen aldia kontu hauek aipatzen ditudana. Estimatuko nuke bakarren batek erantzutea, nire ikuspegia guztiz okerra dela esateko bada ere.