argia.eus
INPRIMATU
Baratzea eta sexu heziketa, elkarbizitzarako bidean
  • Lastotan. Lan-eremua: Nafarroa. Bizibidea: Laborantza. Sorrera: Ideiaren abiapuntua 2011n, kooperatiba gisa 2014an. Kideak: Oihana Beloki, Saioa Martinez eta Nerea Esparza. Jarduerak: Sexu heziketa eta nekazaritza agroekologikoa. Helburua: Elkarbizitza Laborategia sortzea.

Lander Arretxea @larretxea 2015eko maiatzaren 06a
Auto-estimua, bikote harremanetako rolak, parte-hartzea eta abar lantzeko Elkarbizitza Laborategia sortu nahi du Lastotan kooperatibak. Bitartean, sexu heziketa ikastaroak ematen ditu, eta barazki ekologikoak ekoitzi.

Erronka eta proiektu ederra dute eskuartean Oihana Beloki, Saioa Martinez eta Nerea Esparza nafarrek. Bideragarritasun plana egin behar dutenean ordea, ez dira bulegoko itzalpean ezkutatzen. Senitartekoekin haietako baten bordara joaten dira asteburu pasa, eta naturatik gertu eta lasaiago, ematen diote forma. Abian jarri nahi dutena ez da edonolako enpresa, Lastotan kooperatibak kudeatuko duen Elkarbizitza Laborategia baizik.

Lau urte dira proiektuarekin amesten hasi zirela. Elkarbizitzaren garrantziaz ohartuta eta gure gizartean zein gutxi lantzen den ikusita, auto-estimua, bikote harremanetako rolak, parte-hartzea eta abar lantzeko gunea martxan jarriko zutela erabaki zuten. “Elkarbizitzaren behatoki, plaza eta laborategia izango dena nahi dugu sortu, behar duen denbora eta tokia izan ditzan”.

Oraindik ez dute espazio hori eskuratu, baina ez dira geldirik egotekoak. Duela urtebete sortu zuten irabazi asmorik gabeko kooperatiba, eta izaera hori lagungarri zaiela diote: “Gure buruaren jabe gara, lana guk antolatzen dugu, eta guk geuk kudeatzen dugu gure ametsa”.

Elkarbizitza Laborategia lortzeko ahaleginean ari diren bitartean, bi lan esparru ditu kooperatibak: sexu heziketa eta barazki ekologikoen ekoizpena. Sexu heziketako tailer eta ikastaroak hainbat eskola eta gazte gunetan ematen dituzte, gaiari merezi duen zentraltasuna eskainiz. Badostain herrian duten baratze agroekologikoko produktuak aldiz, familia eta elkarte gutxi batzuei saltzen dizkiete.

Erakundeen babesaren faltan, konplizeak bidaide

Bada Lastotanekoen barazkiak erosi eta euren sexu heziketako zerbitzuak ere baliatzen dituen beste kooperatiba bat: Iruñeko Katakrak. “Konplizeak ezinbestekoak dira halako proiektuetan aurrera egin ahal izateko, eta zentzu horretan, Katakrak  bidelaguna ari da izaten”.

Elkarlan horrek nola edo hala orekatzen du Lastotaneko kideek euren ametsak gauzatzeko bidean aurkitu duten oztopo nagusietakoa: erakunde publikoen babes eta laguntza falta. “Gazteak, pobreak eta emakumeak gara, eta gainera elkarbizitza landu nahi dugu, ez produktu fisiko bat. Badirudi hori ez datorrela bat erakundeen logikarekin, eta ez digute batere babesik ematen”.

Lau urteko ibilbidea ez da erraza izan, baina espazioa laster lortuko dutela aurreikusten dute. Gero, auzolanaren bitartez emango diote forma. Etorkizunera begira, hortaz, itxaropentsu daude: “Argi dugu lan asko egin beharko dugula aurrerantzean, baina baldintza eta harreman duin eta malguetan oinarrituta izango da, bideaz gozatzen”.

“Ahaleginari berehalako fruitua eskatzeko joera dago, baina egiten den horretan sinetsi behar da, eta pixkanaka hurbildu nahi den horretara, itsutu gabe”. Pazientzia izatea eta proiektuan sinestea, hori da antzeko ekimena martxan jarri nahi duenari gomendatzen diotena.