Ez da osabaren izena, ez bederen munduan agintzen duen osabarena. SAM Mauleko Kirol Batasunaren izena da (Sport Athlétique Mauléonais, dakidanaz ez diote euskarazko izenik eman) eta batasuneko adar azkarrena, nola ez, errugbia da. Garai batean baskoi (euskaltzale/abertzale), chevreuil (ile luzedun) eta txute (drogatu) ginenentzat SAM bortizkeriaren ikurra zen, hain zuzen, ezaugarri horiengatik jo nahi gintuztelako errugbilari batzuek –eta guk saski berean ezarri genituen denak–.
Duela gutxi Mauleko errugbi partida bat ikustera joan naiz, sasoiko azkena eta ene biziko lehena. Garai batean gaztetxe bat genuelarik haietarik batzuk hurbildu ziren bezala joan nintzen haiengana. Nahiz eta segituko dudan erraten “haiek” eta “gu”, onartu beharra dut lagun andana badudala errugbian, zelaian gutxi eta ostatuan gehiago. Lehen estigmatizatu gintuzten batzuek orain frogatzen digute herrialde berekoak garela –ala alderantziz da?–, diferentziak diferentzia. Hori bai, Getxotik ekarri duten jokalariarekin beste bi jokalari mintzo zaizkio bere hizkuntzan, besteak gaztelera traketsean. Horrek baskoiari belarrian min egiten dio.