Donostia, 1870. Udalaren babesaz eta Jose Peña gimnastaren laguntzaz Euskal Herriko lehen gimnasioa jarri zuen abian Marcelino Soroa Lasak (1848-1902) Heriz Etxean, ateko idazpuruan Academia de gimnasia dirigida por los hermanos Arquímedes jartzen zuen arren. Hurrengo urtean, Andia kalean, zirkoa prestatu zuten gimnasioan egindako lana jendaurrean erakusteko asmoz. Marcelino Soroak berak hainbat ariketa egin behar zituen trapezio bikoitzetik zintzilik, oinetan bolbora zuela. Baina gauzak ez ziren behar bezala gertatu eta Soroak erredura larriak izan zituen eskuineko izterrean.
Ez zen hura izan, ordea, jarduna eteteko eta gimnasioa ixteko arrazoia, Gerra Karlista baizik. Soroak Ziburura alde egin zuen 1872an eta bost urtean ez zen itzuli. Orduan, 1877an, berriro ere Soroaren zuzendaritzapean, udal gimnasio berria Peñaflorida kaleko eskoletako sotoan prestatu zuten. Baita ederki prestatu ere. Francisco López Alén idazle eta margolariak RevistaVascongadan idatzi zuenez: “Akademiak itxura bikaina zuen; ariketa-trenen multzoa honakoek osatzen zuten: burdinazko nahiz egurrezko trapezio bakun eta bikoitzak, soka lodi berdin zein korapilodunak, hainbat praktikarako askotariko uztaiak, lehorreko nahiz itsasontzietako eskailerak, pika sorta, txirrika sorta, orotariko eraztunak, makila sorta, pisu bilduma osoa, indar praktiketarako gomak, burdinazko eta egurrezko barrak, eskailera ortopedikoa, eskailera horizontala, zaldi makurra, hainbat sistematako barra paraleloak eta abar”.
1878an La Infantil del Gimnasio elkartea sortu zuen, jardun fisikoa umetatik sustatzeko. Udalak lan horretan ere lagundu zion, eta hainbat urtez indarrean egongo zen ebazpen baten bidez, hiriko eskola publikoetako haur guztientzat gimnasia derrigorrezkoa izango zela erabaki zuen.
Soroa hil zenean La Voz de Guipúzcoak zera idatzi zuen haurren gimnasioari buruz: “Donostiako mutiko guztiak bertatik pasa ziren eta, egun gizonak diren mutil koskor horien artean, itsasgizonak, medikuak, militarrak, ingeniariak, abokatuak, artistak, apaizak eta abar ditugu”. Artikulua ez zen erabat zuzena, udalaren ebazpenak, mutikoez gain, neskak ere barne hartzen baitzituen. Eta helduen gimnasioan gehienak gizonezkoak izan arren, gorde diren zerrendetan emakume izenak ere ageri dira: María de Aizpurua, Carmen Besné, Rufina Soroa, Paquita eta Teresita Rodriguez, Luisa Uranga...
Marcelino Soroak zuzenbidea ikasi zuen Valladoliden, eta euskara hutsezko lehen antzezlanaren (Anton Kaiku, 1878) egilea izateagatik da ezaguna. Baina gimnasia izan zuen beti bizibide.