Uraren Estokolmoko Saria eman diote Rajendra Singh indiarrari, euri urak kudeatzeko antigoaleko sistemak erabiliz Rajastango herrietan idorteen eragina gutxitu eta agorturiko ibaiak berpiztu dituelako. Utikan urrutiko urtegi handiak: lekuan jasotako eurian datza gakoa. Baserrietako logika bera erabiltzen hasi dira Indiako hiri handietan ere.
Sendagile adjurveda gisa heldu zenean 23 urterekin Indiako Rajastan estatura, 1982an, herritarrei entzun omen zien haien arazo larriena osasun zerbitzua ez baina urik eza zela. Rajastan famatua da bere basamortu eta lehorteengatik.
“Tristetu nintzen ohartzean –kontatu du Rajendra Singhek– gizon gazte gehienak joanak zirela herrietatik, eta geratzen ziren bakanak hirietako bazka hobeen bila ihes egiteko ametsetan bizi zirela. Urik ezarekin borrokan etsita alde egin zutenek dena uzten hemen, zaharrak, emakumeak eta haurrak. Albora laga nituen nire mediku asmoak eta ur faltaz okupatzen hasi nintzen, horrela libratu ahal izateko jendeak hainbat gaixotasunetatik”.
Baina ur aferak konpontzen laguntzeko ez zen abiatu lehen munduan bezala herrialde txiroetan administrazioek ezarri dituzten sistemekin lanean. Gaztetan jasotako Mahatma Ghandiren irakaspenen eraginez eta bertako herritar zaharrek uraren kudeaketaz kontatu ziotenari jarraituz, euri urak bildu eta lekuan bertan metatzeko antzinako teknikak erabiltzeari ekin zion.
33 urte geroago, Rajendra Singh Water Man da Indiako jende askorentzako. 2001ean Filipinetako Magsaysay saria eman zioten eta aurten Estokolmoko Water Prize saria.
Honen epaimahaiak nabarmendu du: “Singhek ura berreskuratzeko ahalegin berritzailea egin du, Indiako landa eremuetan ur segurtasuna indartuz, eta irmotasun eta adore bereziak erakutsi ditu behartsuenen bizimoduak hobetzeko ahaleginean”. Jendeek edateko ura eskuratzeko asmoz hasita, laster aurkituko zen eskualdearen arazo ekonomiko eta ekologiko konplikatuei aurre egiten.
Rajastanen Johad deitzen diren aspaldiko ur biltegiak izan dira berreskuratzearen gako nagusia. Ehunka urtez urtegi txikiak antolatu dituzte alderdi haietako sakonune eta erreka-zuloetan, urtean oso egun gutxitan monzoiek suilez botatzen duten euri kopuru handia ahalik eta gehien lekuan bertan metatzeko: zorua zulatu eta inguruan harriz, buztinez eta ahal denaz eraiki hesia, urak ahalik eta gehien iraun dezan bertan, jendeen, azienden, laboreen eta inguruko izaki basatien egarria asetzeko.
Inperio ingelesaren nagusitzearekin hasi ziren baztertzen betiko sistemok eta independentzia ostean administrazio berriko funtzionarioek eten bera sakondu zuten. Ura herrietara bezala hirietara urrutiko urtegietatik eraman behar zen, hodietan barrena, ingeniariek unibertsitateetan ikasi duten ereduan. Sistema zentralizatua, garestia, azpiegiturak jasan behar dituztenentzako kaltegarria, eta oro har... efikazia gutxikoa.
Rain Water Harvesting webguneak nabarmentzen duenez, mundu aberatsean estandartzat jotzen den sistemak Indian ibai eta errekak hondatu eta kutsatu ditu, urtegiak urratzeko herri osoak lekualdatu dituzte bortizki. Gero lurzoruak salinizatu dira eta lurpeko urak agortu.
Ur egarria konpondu beharrean, arazoa okerragotu egin dute urtegi eta hodien bidezko hornidura sistemek eta gaur Indiako leku askotan lehorteak gogorragoak dira duela berrogei urte baino, horrek dakartzan arazo ekonomiko eta gatazka sozial gogorrekin.
Tarun Bharat Sangh mugimenduak hedatzen du gaur Rajendra Singhek 1980ko hamarkadan hasitakoa. Famatuak dira hark ehunka herritan urratutako johad urtegiak, baina bestelako eraikin motak ere badituzte.
Asko erabiltzen dituzte, esaterako, kontrol-hesiak , check damm ingelesez: erreka eta ibaietan tarteka hesiak ipinirik, horietan geldiarazten dute ura eurite handietan, ibaia mantsoago jaistera behartuz eta ekaitz laburretan jausitako ura bertan denbora luzeagoz atxikiz.
Putzu, osin eta hesiok abantaila galantak erakutsi dituzte denborarekin. Uholdeak gutxitzen dituzte ibaien beheragoko parajeetan. Eta urari eustean, inguruko herritarren beharrak asetzeaz gain ekosistema osoa hezetzen dute, landareak elikatuz eta horien babesera azienda eta animalia basak erakarriz.
Baina Rajendra Singh berak ere aitortzen du ezusteko handiagoa izan zela Alwar eskualdeko ibai bat berpizten ikustea. Zaharrek aipatzen zuten arren noizbait aspaldi ura eramaten zuela, herritarrek betidanik agorturik ikusia zuten. Hiru urteren bueltan, inguruetako lurpeko akuiferoak berriro urez ase ahala, harri idorren artean ura azaldu zen berriro.
Gaur Singh gizon ezaguna den arren, lehen urteetan ahotik ahorako famak hedatu zituen bere sistemak Rajastan osoan barrena: Alwarreko urmael, presa, osin eta putzuen inguruan nekazaritzarako ura bazen berriro, baso txikiak sortzen ari ziren, ahaztutako hegazti eta pizti basatiak agertzen...
“Jal-jameen-jungle” (ura-lurra-basoa) kanpaina baserrietako bizimodua hobetzeko helburuz sortu den arren, gaur da eguna Indiako hiri handietan ere hedatzen ari direna uraren kudeaketarako Singh eta lekuko nekazariek berreskuratu eta egokitutako usadiozko sistemak.
Rain Water Harvesting (Euri Ura Uztatuz) webguneak azaltzen duenez, “eurien ur-uzta da bildu behar duguna. Ez presak eraikitzea haren bidea oztopatzeko; ez lurpekoa zurrupatzea, azpi guztia lehortu arte; ez kanalak eta milaka kilometro hodi eraikitzea. Euria biltzea, hori baizik ez da ura biltzea”.
Indiako kasuan, monzoiek euria ordu gutxiko tartean oparitzen diote lurrari, sekulako zaparradatan. Lehenik uholdeak eragiten dituzte; urak eskapo egindakoan, aste gutxiren bueltan, lehortea berriro. Zaparraden fruituak denboran luzatzea da estrategia, horretarako euri-ura eroritako lekuan bertan bilduz.
Estrategia bera egokitu dute hirietan, Chennai, Bangalore eta Delhiko auzo eta eraikinetako teilatuetatik euriak jasota tanke handietan bilduz. Urtegi eta hoditeria erraldoi karioak soluzio txarra direla ohartuta, teknologia oso bat jartzen da martxan, urak bildu, garbitu, potabilizatu eta bideratzeko.
Indiako adibideok badituzte baliokideak munduko leku askotan. Europatik, esaterako, Joseph Orszagh hungariar-belgikarrak euri-ura probesten duen Eautarcie sistema zabaldu du. Rajendra Singhek Rajastanen aurkitu zuena Orszaghek Kongoko Kinshasan topatu zuen. Alegia, euri-ura modurik merke, erraz eta iraunkorrenean erabili beharra, industrializazioak ezarritako kudeaketa baztertuta.
Uraren hornidura eta erabilera auto-kudeatua da proposamen zahar berria. Baina... horrek lekarke herritarren uraren jabe egin diren indar handiek ezarritako egia bakarra urratzea.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]
Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik... [+]
Klimaren arazoa gero eta kezkagarriagoa ari da bihurtzen: uda gero eta beroagoak, lehorteak eskualde askotan, kalte materialak eta giza galerak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko bortitzak… Arazoaz eman ohi den azalpen bakarra izaten da "klimaren... [+]
Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa. Zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur... [+]
Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.
Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]
Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]
Ura baliabide preziatua bada, are gehiago da Hego Amerikako txokorik lehorrenetan dagoen Argentinako Mendoza eskualdean. 2019an herritarren errebolta batek lortu zuen meatzaritzako multinazionalek hango ur apurrak zianuroz ez kutsatzeko lege bat aurrera ateratzea. Baina... [+]
Astelehenean egindako batzarrean uraren tarifa igotzea erabaki zuen Bizkaian uraren kudeaketaren gehiengo daraman entitateak. Batez beste urtean ia hamar euro garestituko zaio faktura herritarrari.
Busturialdeko Ur Partzuergoa desegin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hartu du bere gain Busturialdeko urak kudeatzearen ardura, urte hasieran. Erabaki horrekin, ura multinazionalen esku utzi eta pribatizatzeko dagoen arriskuaz ohartarazi dute hainbat talde politikok eta... [+]