argia.eus
INPRIMATU
Zergatik da ona zuntza jatea?
Jabier Agirre 2015eko apirilaren 21a
Fruitu lehorrak dira zuntz disolbagarriaren iturri nagusietakoa.Boca Dorada-CC By SA

Gauza jakina da zuntz dietetikoak ez digula bitaminarik ez mineralik  ematen, baina, hala ere, ezinbestekoa da gure nutrizioan, tumoreak prebenitzen, pisua zaintzen eta idorreria saihesten laguntzen digulako.

Zuntz dietetikoa ez da gure gorputzean digeritzen, ezta xurgatzen ere, baina osasun onerako ezinbestekoa da, 60ko hamarkadatik ondotxo dakigun bezala. Garai hartan ikusi zen Hirugarren Munduan ez zirela ikusi ere egiten gizarte garatuetan oso ohikoak diren gaixotasunetako batzuk, herrialde horietako dietak zuntz ugari duelako; mendebaldeko herrialde aberatsetan, aldiz, azukre eta karbohidrato konplexu gehiegi kontsumitzen dira.

Zuntzaren jatorria begetala da beti; haren pektinak edo muzilagoak uretan disolbagarriak diren ala ez, halakoak izango dira zuntzaren ezaugarriak:

- Zuntz disolbaezina. Hesteetako iragapena errazten du, digestioa egin bitartean ura “harrapatu” eta janari-boloa gelatina moduko zerbait bihurtzen baitu. Era horretako zuntza zereal integraletan (oloa, garagarra, eta abar.) aurkitzen da, baita fruta eta barazkietan ere. Zuntz mota hau da idorreriari aurre hartzeko baliagarriena.

- Zuntz disolbagarria. Heste-mugimenduak erregulatzeaz gain, hainbat gaixotasun izateko arriskua gutxitzen du. Gainera, urdailera iristan puztu egiten da, eta horrek asetasun-sentsazioa luzatzen du. Gari-zahia, lekaleak, frutak –zitrikoak batez ere–, fruitu lehorrak eta barazkiak dira zuntz disolbagarriaren iturri nagusiak. Gorputz barruan pilatutako mukia modu naturalean desegin eta kanporatzen du.

Mesede handiak

AEBetan egindako ikerketa baten arabera, zuntzez aberatsak diren janariek zelulekin “talka” egiten dute digestio-aparatuaren barrenako bidaian, eta haien egitura egoera onean mantentzen duen gai lubrifikatzaile bat askatzen dute. Mekanismo horri esker, zuntzak hainbat mesede egiten dio gure gorputzari:

- Kolesterola gutxitzen du. Urdailean dauden azidoekin eta kolesterolarekin elkartzen da zuntza, eta horrela hesteak koipe gutxiago xurgatuko ditu.

- Odoleko azukrea hobeto kontrolatzen da, karbohidratoak mantsoago xurgatzen direlako. Horregatik, diabetikoen jan-neurrian zuntz ugari egotea gomendatzen da.

- Zenbait tumore prebenitzen ditu, minbiziaren aitzindaritzat hartzen diren heste lodiko polipoak, esaterako. Heste lodiko eta ondesteko minbizia izateko probabilitateak asko murrizten dira jan-neurrian zuntza ugaritzen den heinean.

- Hipertentsioa izateko arriskua murrizten du. Horregatik barazkiak maiz hartzea gomendatzen da, tentsioa kontrolatzeko ezinbestekoak diren hiru mantenugai (zuntza, magnesioa eta potasioa) ematen dizkigutelako.