argia.eus
INPRIMATU
Txokolatea, gizakientzat ona baina alboko animalientzat ez
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko apirilaren 14a
André Karwath-CC By SA

Azken urteotan artikulu ugari agertu da txokolatearen onurez. Txokolate beltzak, hau da, %70etik gora kakaoz osatuta dagoenak, potasioa, magnesioa, kaltzioa, B3 bitamina eta epikatetxina eta prozianidina antioxidatzaileak ditu, besteak beste.

Antioxidatzaileek, hanturaren eta tronboen aurkako eragina izateaz gain, odol presioa erregulatzen dutenez, bihotzerako oso lagungarriak dira. Dena den, onura horien berri zehatzagoa izango dugu Bostongo (AEB) ospitale batean abiatutako ikerketa, inoizko zabalena, burututakoan: 18.000 boluntariok hartuko dute parte, eta 2018 arte iraungo du.

Baina ona al da txokolatea ondoan ditugun txakurrentzat eta katuentzat?

Erantzuna ezezkoa da. Arrazoia kakaoak duen teobromina izeneko molekulan datza; batez ere txokolate beltzean dago teobromina. Gure gibelak azkar deuseztatzen du, baina ez da gauza bera gertatzen katu eta txakurren kasuan: haien gibelek ezin dute teobromina behar bezain arin prozesatu, eta ondorioz molekula metatuz doa. Hala, txokolate tableta erdi batek heriotza eragin diezaioke txakur txiki bati, eta ez edonolako sufrimenduarekin gainera: hil aurretik, oka, beherakoa, takikardia eta konbultsioak gertatzen dira.