CUP

"Independentzia soilik izango da posible CIU gabe"

  • Militantzia ardura anitzak izan ditu Anna Gabriel Sabaték (1975, Sallent, Bartzelona): lehen Correllenguaren (Korrikaren ahizpa katalana) antolatzailea, Terra i Llibertat kolektiboko kidea sorreratik, zinegotzia, CUPeko idazkari orokorra, Endavat-eko kidea, "Independentzia, guztia aldatzeko" kanpainaren eledun... Egun Parlament-ean dihardu CUP taldeko koordinatzaile gisa. Euskal Herrian ezohikoa zaigun doinu libertarioa dario bere independentismoari.

Askapena talde internazionalistak gonbidatuta, otsailean Altsasun, Zarautzen eta Arrasaten hitzaldi bana eman zuen Sabaték.Axier Lopez

Zer da Kataluniako Printzerriko prozesuak utzi dizuen onena?

Une garrantzitsuetan eta mobilizazioetan egotea. Aspalditik lehendabiziko aldiz hitz egin ahal izan dugu nahi dugun herrialdeari buruz, osotasunez eta ez soilik egitura politikoari buruz. Garai historiko honen tentsioak bizitzeak irakaspen handiak eman dizkigu; etsaiak zeinen indartsuak izan daitezkeen ikasi dugu. Eta etsaiak, pluralean, diot.  Nahiko genuke bat eta bakarra izango balitz.

Goizean poliziarekin ostiaka eta arratsean Barne sailburuaren eskutik helduta?

Guk ez dugu bat egin inoiz sailburuarekin eta bere alderdi politikoarekin. ERC, Iniciativa eta CIUrekin, a priori, helburu bat partekatzen dugu: erabakitzeko eskubidea gauzatu eta katalanek adierazi ahal izatea. Bide horretan asmo bera dugu, baina batasuna ez da era abstraktuan existitzen. Ez da batasun akritikoa. Gure borrokarako grina, salaketa, kritika eta protesta maila mantentzen ditugu. Bestela ez zatekeen posible izango-eta.

Egun berean, goizean, kontsulta legeari buruzko batzordean galdeketa gauzatu ahal izateko testua buruz buru lantzen egon gaitezke, eta arratsaldean, Poliziaren gomazko piloten aurkako manifestazioan ikusiko gaituzu. Garai hauetan horixe da egunerokotasuna.

Parlamentuan sartu zarete lehen aldiz. Hauteskundeetan parte-hartzeari buruzko eztabaida behin betiko itxi al du horrek?

Gomendagarria da hauteskunde guztien aurretik eztabaida egotea. Sakon hausnartu behar dira egoera, testuingurua, indarrak eta, batez ere, zein den hauteskunde bakoitzera aurkezteko helburua. Esan gabe doa denok ez garela iritzi berekoak. Batzuek pentsatzen dute hauteskundeetan presente egoteko baldintzak ez direla epe motz eta ertainean aldatuko. Hauteskundeetan aurkezteko baiezkoa berresteko besterik ez bada ere –gehiengo batek oso garbi duelako– eztabaida ematea guztiz gomendagarria izango da.

Herri mugimendua eta botere instituzionala. Mahai beraren bi aldeak, baina zeinek aukeratzen du menua?

Menua herri mugimenduak osatu behar du beti; ordezkaritza instituzionala haren isla izan behar du, eta ez alderantziz. Antolatutako jendea ordezkatzen dugu instituzioetan,  ez beste inor. Suminduek gu ordezkatzen gaituzte, gu ez gara haien ordezkariak. Horixe da gure logika. Adibidez, Barne Saileko batzordeetan, Escuadra Mossoek gomazko pilotak erabiltzea debekatu zuen komisioan gure parte-hartzeak, ekarpenak eta ondorioak errepresioaren aurkako arloan aritzen diren taldeek sortu zituzten. Diskurtsoa eta eztabaida aurretik emanda badaude guk ez dugu ezer sortzen; gure egitekoa da horiek erakundeen barnera eramatea eta defendatzea. Makineria horixe behar du izan, osterantzean, ez genuke ulertuko ordezkarien lana zein den, ahotsa nori ematen dioten, ezta nor ordezkatzen duten ere.

Quim Arrufat, Isabel Vallet, David Fernandez -CUPeko hiru parlamentariak- eta Anna Gabriel Sabate. Guztiek kargua utziko dute maiatzean. Barne estatutuen arabera, CUPeko ordezkari publikoak gehienez 4 urtez aritu daitezke. Liberatu guztien soldata ere araututa dute: 1.600 euro.

Zein da aldaketarako subjektua?

Zenbait talde politikok uste du independentzia CIUrekin batera etorriko dela. Beste batzuek, aldiz, kontrakoa diogu: independentzia soilik posible izango dela CIU barik. Arazoa haiekin ez dugu alderdi politiko gisa, CIUk ordezkatzen duenagatik baizik: oligarkien eta burgesia propioaren interesak eta identitate eta kultura katalana ulertzeko era selektiboa, Herrialde Katalanak bere osotasunean alboratzen dituena.

Fronte patriotikoaren eztabaidak horrelako tentsioak sortzen ditu; eliteak, burgesiak, botere handiagoa eta bitarteko gehiago duenez, marko propioa eskuratzeko bidea laburragoa izango dela pentsatzea, alegia. Historiak oso argi erakutsi digu zein izan den haien rola une erabakigarrietan. Horregatik gutako batzuk 1930eko hamarkadan esparru nazionala aldarrikatzen zuen CNT-tik gertuago sentitzen gara.

Feminista izango da, bestela aldaketarik ez da izango?

Kide feministek esaten duten moduan: “feminismoa beti hurrengo egunerako uzten da”. Azken katebegia. Postrearen azken ukitua. Eta azken ukitua baino ezinbesteko oinarrizko osagaia da. Oraindik asko dago egiteko bide horretan, emakumezkoak gizonezko kideen maila berean jartzeko baino harago; hori minimoa baita. Emakumeon bazterketaren logikatik sortzen den mundu ikuskera beharrezkoa zaigu. Pribilegiorik gabe, zigorrez betetako gorputz batean bizitzeak ematen dizun ikuspegiak aldaketarako motorra izan behar du. Baina, tira, borrokak eta helburuak hierarkizatzeko joera duen logika ere bada. “Lehenago estatua lortu, eta gero, ikusiko dugu zein den eredu sozioekonomikoa” ideia sinetsi eta eroso sentitzen denik ere bada; feminismoa amaieraren amaierarako uzten duen pentsaera da. Horren emaitza begi-bistakoa izan da, historia lekuko.

Udalgintzari buruzko eztabaidan erreferentzietako bat bilakatu da CUP.

CUPen udalgintza eredua esperientzia berezi xamarra da. Ez da bakarra, ezta onena ere. Berezitasuna da CUP hortik jaio zela. Gure estreinako apustua udalgintzari begira izan zen eta denbora luzez hori izan zen gure errealitate bakarra. Militanteen artean, beraz, oso sustraituta dago herri mailako logika: inguruaren ezagutza zehatza, herriaren egoera, erronkak, ahulguneak, gaitasunak… errealitatearen egiazko argazkia zein den bilatzera ohituta gaude.

Herrialde Katalanetako udalgintza borrokalariaren sarea marraztu beharko banu, ez nituzke CUPeko nukleoak bakarrik jasoko, ezta CUPek zinegotziak dituen lekuak ere. Mapa zabalagoa egingo nuke. Maila lokalean, herria eraldatzeko lanean ari direnak ere bilduko nituzke: kooperatibak, casal-ak (gune autogestionatuak), ateneoak, gazte mugimenduak, herri-kultura berreskuratzeko taldeak, lurraren defentsan ari direnak, eta abar. Hori litzateke Kataluniako udalgintza. Guk auto-antolakuntzaren, elkartzearen eta herri batasunaren eraikuntzaren adierazpen horietan jartzen dugu enfasia. Horrek bizirik mantentzen du instituzioaren eta kalearen arteko tentsioa –zentzu positiboan ulertuta–, zinegotzien eta erakundeetatik at dauden hainbat militanteren lanaren artekoa. Izan ere, zinegotziak beti askoz gutxiago dira “kanpoan” direnak baino. Horregatik bakarrik bada ere, dimentsioagatik, argi geratzen da praktika politikoan azentua non jarri behar den.

"Herri Boterea eraikiz, behetik eta ezkerretik" izeneko hitzaldia eman zuen Sabaték Zarauzko Putzuzulo gaztetxean
"Herri Boterea eraikiz, behetik eta ezkerretik" izeneko hitzaldia eman zuen Sabaték Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. (Axier Lopez)

 

“Madril, hiri-eredu gisa, ekintza terrorista da”, esan zidan behin Gaztelako lagun batek. Eta Bartzelona?

Jakina. Hain zuzen ere, Bartzelonako CUPeko kideen analisia ildo beretik doa. Bartzelona ez dago Kataluniako beste edozein hirirekin konparatzerik hainbat arrazoirengatik: populazio dentsitatea, egitura ekonomikoa, hiriko eragileen izaera, eta abar. Oso dinamika oldarkorrak daude Udaletik harago; eragile ekonomiko eta politikoek, lobbyek, mafiosoek sortutakoak. Adibide batzuk jartzearren: Zer egin lobby turistikoarekin? Escuadra Mossoekin? Nola kudeatu Bartzelonako Portua? Eta Graciako Pasealekua goraino bete eta luxuzko dendetan erosten duten 40.000 turistekin, itsasontziz asteburuero gurera heltzen diren horiekin, zer? Galdera potoloak dira horiek. Guk ez dugu egoera hori iraultzeko nahikoa indarrik, ezta Bartzelonako herritarrek ere. Gauza bat da kritikoa izatea, eta beste bat da horri aurre egiteko bitartekoen jabe izatea.

Oso adierazgarria da Alde Zaharrean hirigintza ardurak zituen zinegotzi baten kasua. Ciutat Bellako apartamentu turistikoen lizentzien inguruan aritzen den mafiari aurre egiten saiatu zen. Mehatxuak, segimenduak eta bere ordenagailu pertsonalaren lapurreta susmagarriak jasan zituen. Horien presiopean, dimititu egin zuen. Hori alderdi sozialistaren izenean lan egiten zuen zinegotzi bati gertatu zitzaion orain gutxi. Beraz, zer gertatuko litzaiguke guri, ezker independentistako militanteei, horren aurka borrokatuko bagina? Imajina dezaket…

Auzoetan oinarri sendoak sortu nahi ditugu. Bartzelonan, hala eta guztiz ere, auzoek identitatea eta funtzionatzeko era berezia dute gaur egun, metropolien eredu klasikotik aparte.

Bartzelonan Guanyem-en agerpenak berriz ireki du ezkerren batasunari buruzko eztabaida.

Miliante garenontzat, bizitza espazio kolektiboetan lan egin gabe ulertzen ez dugunontzat, oso pozgarria da jende gehiago egotea kolektiboki eragiteko prest. Kontzientzia handirik gabeko, politizatu eta antolatu gabeko herritarrak gehitu dituen esperientzia politikoa da Guanyem. Hori, bere horretan, pozgarria eta interesgarria da.

Sistema demokratiko burgesa krisian dagoen honetan, ongietorriak dira Espainiako trantsiziotik eratorritako kontsentsuak apurtzeko laguntzera datozen apustuak. Horregatik trantsizio eredu haren alde egin zuten indarrak espazio politiko berri horretan ez egotea nahi genuen. Bartzelonako kasuan, Iniciativa per Catalunya 30 urtez udal-gobernuan izan da. Dagokien neurrian haiek izan dira guk begi onez ikusten ez ditugun hainbat politikaren arduradunak: Barcelona markaren kudeatzaileak, hiria turismora bideratzen lagundu dute, jende umila bere bizitokitik botarazi duen zentrifikazio politika arriskutsuen sustatzaileak, eta abar luze bat. Guk Iniciativa Guanyem-en ez egotea nahiago genuen. Publikoki hala esan dugu. Batzuek ulertu dute eta beste batzuek, aldiz, sektario deitu digute; larritasun handiko garaiotan besteekin elkartzen ez omen dugulako asmatu, ez garelako, haien ustez, eskuzabalak izan. Ezin zaie eskuzabaltasuna dosi berdinetan eskatu instituzioetako kudeatzaile izan direnei eta kaletik eta marginalitate politikotik datorren mugimendu ekintzaile bati. Iniciativa pozarren dago Guanyem-en onartu izanagatik, etxebizitzaren borrokan erreferente izan den Ada Colau zerrenda-buru edukitzeagatik. Oso erraz jarri diogu ordezkari publikoak izaten jarrai dezaten.

Analisian ez dut arinegi jokatu nahi ordea. Guanyem-en arrazoiak ere oso ondo argudiatuta daude. Balio handiko jendea dute, aspalditik elkar ezagutzen duguna. Errespetu handia diogun jende asko dago. Poztuko nintzateke oker bagina eta Guanyem hausturaren aldeko indar gisa sartuko balitz Bartzelonako Udalean, erabakigarria den udalerri batean autodeterminazioaren aldeko jarrera irmoa izango balu, hiriko mafia guztiekin amaitzeko apustua egingo balu, egoera larriari irtenbideak bilatuko balizkio… Elkarrekin aurkeztuko ez garela erabaki ostean, nire hitzak zuzendu beharko ditudala pentsatu nahiko nuke. Kataluniako hiriburua dena aldatzeko gogoz dagoen jendeak gobernatzen duela esan nahiko lukeelako.

“Kasurik onenean, botere-egitura berdinak izango dituen estatu bat lortuko du Herrialde Katalanetako lau zatietako batek”. Ados al zaude esaldiarekin?

Hori izan da gure kontrapuntua prozesuan. Kataluniak Europako estatu modernoen kopia bat –jatorrizkoaren antza handiagoa ala txikiago izan– lortzea ez da nahikoa. Halere, gutako asko alai biziko lirateke egun dugun estatuaren antzeko batean, baina ‘gurea’ balitz. Zentzu horretan jende posibilista egon badago eta ilusioak ondorengoa pentsatzera eramaten ditu: “burgesia ez da desagertuko eta militatzen jarraitu beharko dugu; baina eremu propio batean izango da”. Kontua horrela ikusita arrazoizkoa lirudike, baina jardun politikoan begirada internazionalista ez dugu galdu behar, bestela sistema kapitalistak eragiten duen miseria gorria ahaztuko dugu.

Kapitalismoak gosea, heriotza, suntsipena, gerra eta hobi komunak besterik ez ditu eskaintzen munduko zenbait lekurentzat. Egoera horren aurrean ezin gara marko nazional propioarekin konformatu, ezin dugu ahaztu gu hobeto bizi gaitezen munduan hiltzen ari den jendea. Begirada internazionalista galtzea jarrera berekoia eta kultura-zentrikoa iruditzen zait, gure independentismoa inoiz ordezkatu ez duen identitarismoz betea. Gu ez gara independentistak katalanak beste inor baino hobeak garelako edo gure arbasoak XV. mendean hemen bizi zirelako. Gutako gehiengoa mestizoa da eta gure senideak Espainiako Estatuan jaiotakoak dira. Independentistak gara Espainiako Estatuarekiko gatazka oinarri demokratikoetan ulertzen dugulako, Espainiako Estatuak ez dituelako demokraziaren minimoak errespetatzen. Ikuspegi horrek jarrera identitarioetatik aldendu eta laguntasunaren eta senidetasunaren logikan kokatzen zaitu.

Europar Batasunetik ateratzea babesten duen indar politiko bakarra zarete Katalunian. Alternatibarik ba al da?

Europar Batasunetik, eurotik eta NATOtik kanpo bizitza dagoela diogunean, jakitun gara gaur arte Ipar Konoan eta Europan inork ez duela lortu. Beraz, errespetuz esaten dugu, baina posible bihurtu daitekeela sinetsita gaude.

Gu geu bakarrik ez gara gai euroko eta EBko irteera diseinatzeko, baina gure herrian ildo horretan sakontzen ari den jendea dago eta haiekin jorratu nahi dugu bide hori. Zentzu horretan, Taifa ekonomia kritikoaren mintegiko lagunekin lanean ari gara. Haiek marxismoa berrirakurtzen ari dira, bera eguneratuz kapitalismoaren alternatiba integrala sortzeko. Zorraren Ikuskaritzaren aldeko Plataformarekin ere elkarlanean ari gara.

Gure aldarrikapena denok, eta ez gu bakarrik, hobeto bizitzearen aldekoa da. Eta horrek gu ezberdin bizitzeak eskatuko du. Austeritate dosi handiagoak–ez Troikak proposatutakoen modukoak– ezarriz, jabego pribatuaren rola eta ekoizpen-bideen jabegoa birplanteatuz, ekoizpen ereduak aztertuz… Langilearen etorkizuna jabego txikiak metatzea dela dioten posizio sozialdemokrata faltsuetatik aldenduta. Hori ez da iparra. Gure azken helburua bizitza duina da, nehoren zapalketaren errudunak ez garela jakinda.

Komunikazioaren esparrua Katalunian

Egungo politika, polizia eta kartzela ereduei koloreak atera dizkio 4F kasuak, eta lehen lerrora ekarri du kazetaritza independentearen beharra.

Gai hau sarri albo batera utzi dute ezkerreko mugimenduek; “Kontrainformazio egunkariaren kontuaz arduratuko dira gure lau militante kazetariak, hori kontrolatzen dutenez, zeozer sortuko dute”, esanaz bigarren plano batean laga izan da komunikazioaren borroka.

Fedearen izenean gauza asko egiten dugu egunero arlo askotan eta komunikazioaren esparruan ere egin beharra daukagu. La Directa hasi zenean–oso oker ez banago 4. harpideduna naiz, David Fernandez baino lehenago! (barrez)– ez genekien proiektua ea ondo ala gaizki joango ote zen, baina beharrezkoa zela ziur ginen. 9 urte eta gero Ester Quintanaren kasuarengatik (Escuadra Mossoek jaurtitako pilotakada batek begia suntsitu zion 2012an) jende askok ezagutu zituen La Directaren balioak eta onurak. Harpidedunen igoera nabarmena eragin zuen kasu horrek, eta 4Frekin (Ciutat Morta dokumentalaren haritik sortutakoa) berdin gertatu da; berriz ere gora. Gehienak memento jakin batean jabetu dira horrelako proiektu komunikatiboen garrantziaz, baina militanteok lehendabiziko minututik oso garbi izan behar dugu haren baliagarritasuna. Une on eta txarretan proiektua sustatuko duen baldintzarik gabeko jarraitzaile leialen koltxoirik gabe nekez mantenduko dira-eta.

4F kasuari buruzko dokumentalak TV3n ikustea lortu izana ezin da azaldu La Directaren lana kontuan hartu barik. Jatorrian ez daude sare sozialak, Twitter, ezta CUPek Parlamentuan egindako galdera ere; hori gertatu zen ikerketa kazetaritzara dedikatutako jendea dagoelako. Gaitasun handiko kideak dira, kazetaritzaren inguruko ikusmolde paregabea dutenak. Haiek ez dute inoiz lan egingo euren buruaren jabe eta independenteak ez diren komunikabideentzat; egun prekaritate handiz jarduten badira ere. Jende horri zor handia diogu.

Eta TV3?

Kataluniako etapa demokratiko berri honetan telebista publikoa eduki izanak begi-bistakoak diren eragin positiboak izan ditu. TV3en eredua, jakina, kritikagarria da eta asko hobetu daiteke, baina katalanez bakarrik egindako telebista izate hutsa, adibidez, oso positiboa da berez. Telebista kate hori botere nagusiaren logikaren mendekoa da, baina, hala eta guztiz ere, beste hedabide gehienek baino kalitate informatibo handiagoa eskaintzen du.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CUP
2022-10-25 | La Directa
Anna Gabrielekin elkarrizketa, erbestetik bueltan

Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel Sabaté Suitzara erbesteratu zenetik, Jordi-ak eta Kataluniako Gobernuaren zati bat espetxean zirela. Ordutik asko aldatu da egoera: indargabetutako Carles Puigdemonten inbestidura saioa, Quim Torraren izendapena eta inhabilitazioa,... [+]


Ezker Independentista eta CDRak masiboki zelatatu ditu Espainiako Barne Ministerioak

Directa hedabideak eman du argitara espioitza masiboa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu, eta besteak beste kaleko jarraipena ere egin die hainbat militanteri. 2017ko... [+]


2022-01-19 | Saioa Baleztena
Mireia Vehí i Cantenys
“PSOEren gobernua egonkortzea nork bere buruari harrika egitea da”

2019an Kataluniak bizi zuen salbuespen egoerak bultzatuta, CUP lehenbizikoz aurkeztu zen Espainiako Estatuko hauteskundeetara bi eserleku lortuta. Mireia Vehí (Vilafant, Herrialde Katalanak, 1985) diputatu eta zerrendaburuak ARGIA jaso du Madrilgo Kongresuan, alderdi... [+]


2021-12-01 | ARGIA
CUPek katalanez baino ez du egingo hedabideen aurrean

Prentsaurrekoak eta edozein motatako parte-hartzeak katalanez eskainiko dituzte Herrialde Katalanetan. Erabaki hori hartu du CUPek Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duelako ikastetxeetan ikasgaien laurdena gaztelaniaz eman behar dela.


2021-10-01 | Axier Lopez
Alde bakarreko bidearen aurka agertu da Kataluniako Parlamentua, U1-eko erreferendumaren urteurrenean

Lau urte bete dira gaur Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumetik. Urteak pasa dira, eta errepresioa tarteko, galdeketa hori sustatu zuten alderdi independentisten jarrerak ere aldatu dira. Ostegunean, aldaketa hori islatuta geratu da Kataluniako Parlamentuan.


2020-10-05 | ARGIA
Quim Arrufatek “eraso matxistak kudeatzeko prozesu baten erdian” utzi zuen CUP

CUPek oharra kaleratu du igandean, Ara hedabideak kasuaren inguruko informazioa argitaratu ostean. Astelehen goizean CUPeko diputatu Natalia Sánchezek adierazi du Arrufatek “kanporatze baten atarian” utzi zuela CUP. Arrufatek desadostasun politikoengatik irten... [+]


CUP alderdia ikerketapean jarri du Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak

Urriaren 1eko erreferendumari begira egindako kanpainan alderdiak dirua bidegabeki erabili ote zuen ikertzen ari da fiskaltza. Orduko CUPeko idazkaritza nazionaleko kideetako bat deklaratzera deitu dute astelehenean.


2020-07-14 | Mikel Eizagirre
Anna Gabrielen mugikorra ere zelatatu zutela salatu dute

Roger Torrent ez ezik, Anna Gabriel ere Estatu-espioitzaren biktima izan dela salatu dute, Israelgo NSO konpainiaren Pegasus programarekin.


Jusapol polizia elkartetik jasotako mehatxuak salatu dituzte hainbat alderdik, tartean EH Bilduk

EH Bildu, ERC, JxCat, Compromís, CUP, BNG eta Más País alderdiek Kongresuko Mahaian idatzi bat aurkeztu dute Jusapol polizia elkartearen manifestazio batean jasandako irain eta mehatxuak salatuz. Horrez gain, Kongresuko segurtasun indarren pasitibitatea... [+]


2019-11-06 | Z. Oleaga
Albert Botran i Pahissa, CUPeko kidea
“Nahiko genuke ezker abertzaleak aliantza esparru bat gurekin ere izatea”

Albert Botran i Pahissa CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea da eta Espainiako Kongresuko hauteskundeen zerrendan bigarren postuan da. CUPen historian estreinako aldiz eztabaidatu zuten estatuko hauteskundeetara aurkeztu ala ez, apirileko zitaren aurretik. Ezezkoa gailendu zen... [+]


2019-09-25 | ARGIA
Pakete susmagarriak agertu dira Bartzelonan Òmnium, ANC, CUP eta ERCren egoitzen atarietan

Espainiako bandera jarrita eta "TNT" hizkiak idatzita zeuzkaten lau pakete agertu dira asteazken goizean Òmnium, ANC, CUP eta ERCk Bartzelonan dituzten egoitzetan. Esquadra Mossoek TEDAX taldeak mobilizatu eta lehergailuen aurkako protokoloa aktibatu dute, nahiz... [+]


2019-01-16 | ARGIA
11 lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Katalunian, tartean CUPeko bi alkate

Espainiako Poliziak operazioa egin du asteazken goizean Katalunian eta 11 lagun atxilotu ditu, tartean Celráko alkate Dani Cornellà eta Vergesekoa, Ignasi Sabater, biak ere CUPekoak. Abiadura Handiko Trenaren Gironako errailen okupazioarekin lotuta dago operazioa:... [+]


2018-09-14 | ARGIA
Anna Gabrielen Gasteizeko hitzaldia etetean giza eskubideak urratu zirela aitortu du Gasteizko epaitegi batek

Javier de Andres Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren eskakizunez moztu zuten orduko hartan Kataluniako CUP alderdiko diputatua zen Anna Gabrielen hitzaldia. Epaitegiaren arabera, debeku horrekin biltzeko eta adierazteko eskubideak urratu ziren.


Udaletxeko leihotik ‘estelada’ ez kentzeagatik, sei hilabetez ezgaitu dute Bergako alkatea

Alkateak epaiketa politikoa dela salatu du, estelada jartzea Bergako udalbatzak hartutako erabakia izan zelako.


2018-03-14 | ARGIA
Espainiako erregearen argazkiak erre dituzte Kataluniako Banyoles herrian, Estrasburgoren sententzia ospatzeko

Astearte gauean zenbait lagunek Felipe VI Espainiako erregearen argazkiak erre dituzte Banyoles herriko udaletxearen aurrean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako sententzia ospatzeko egin dute.


Eguneraketa berriak daude