argia.eus
INPRIMATU
Duintasun kapilarra
Edu Zelaieta Anta 2015eko apirilaren 15a

Argazkiek itzultzen dizkizuten irudiekin ez zaude sobera konforme azkenaldian. Argazki zaharren kasuan, ile gehiago ageri da aurpegi gazteagoaren gainean; argazki berriagoen kasuan, aldiz, kopeta gero eta zabalagoa ikusten diozu zeure buruari. Kontu horiek bizitzen ari zarela etorri zaizu gaur semearen galdera, seme-alabek ohi duten eran, ustekabean: “Zergatik duzu ile gutxi, aita?”.

Erantzun on bat eman nahi izan diozunerako alde egina zuen komunetik. Nolanahi ere, zuk argi duzu ez zarela kaskasoila. Hori ez da bereziki pentsatu behar duzun deus: sentitu egiten duzu, barren-barrenetik, zeurez. Izan ere, ile gutxi(ago) luzitzea eta kaskasoila izatea ez da inondik ere gauza bera. Gakoa, baina, zera da: zuk argi dakizun hori semeari ikusaraztea, berezko errealitatea uler eta ikas dezan.

Azalpen didaktikoa prest duzu jada. Pertsona helduen artean, gizonezkoetan nagusiki, hiru gauza gerta daitezke: gaztetan bezala ile guztia edukitzea, aitzinaldeko ilea erretiratuta sarrerak izatea eta ile aunitz galduta burusoil gelditzea. “Eta noiz gelditzen dira burusoil sarrerak dituztenak, aita?”.