Loraldia. Noiz: apirilaren 23tik 26ra. Non: Bilbo. Webgunea: Loraldia.eus
Euskal sorkuntzaren udaberriko hitzordua bilakatzeko asmoz jaio da Loraldia, Bilbon apirilaren 23tik 26ra ospatuko den kultura jaialdi oparoa. Euskal kultura garaikideaz jantziko da hiria lau egunez, datozen urteetan egitasmoa sendotzen joateko erronkari helduta.
Udazkenaren azkenetan, euskal kulturgile eta kultura zaleen urteroko zita da Durangoko Azoka. Loraldiaren antolatzaileek baina, Durangoko “transmisioa eta ikusgarritasuna” faltan sumatu izan dute udaberrian, eta hain justu, hutsune hori betetzeko asmoz aurkeztu dute egitasmo berria.
Guztira hamazazpi ekitaldi eskaini, eta 50 sortzaile baino gehiago bilduko ditu jaialdiak. Honela, sorkuntza-adierazpide anitzi egingo zaie lekua lau egunetan: antzerkia, literatura, musika, arte plastikoak, dantza eta bertsolaritza, besteak beste.
Ez da kasualitatea jaialdia Bilbon erditu izana. Antolatzaileek webgunean azaldu dutenez, “munduko modernitatearen ikurra, euskararen historian aitzindaria eta Gure Euskal Hiria” delako hautatu dute. Hiriaren erdigunean izango dira ekitaldi gehienak gainera. Euskara hiriaren erdiguneaz jabetzea da xedea, euskal kulturaren zentralitatea irudikatzea.
XIX. mendean Anton Abbadiak bultzatutako Lore Jokoak ditu oinarri egitasmo berriak. Ipar Euskal Herrian euskarari ikusgarritasuna emateko sortu zen ekimena, poesia lehiaketak eta kultur ikuskizunak barnebiltzen zituena. Lekukoa hartu eta jarraipena Bilbon ematea da Loraldiaren asmoa.
Jaialdiari hasiera emateko Abbadiaren omenez berariaz sortutako ikuskizuna estreinatuko du Kukai dantza taldeak. Aitor Mazo aktorea sartuko da Abbadiaren paperean eta Arkaitz Minerrek jarriko du musika. “Dantza eta teatroaren bidez XIX. mendeko kulturgilea berpiztuko dugu Arriagan”, azaldu dute.
1901ean Miguel Unamunok Bilboko Lore Jokoetan euskararen aurka botatakoak ere gogoan hartuko dituzte. Apirilaren 26an, duela mende pasa esandakoei erantzungo diete Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek Kafe Antzokiko bertso-bazkarian, Lutxo Egiak idatzitako gidoiaren bueltan eta Mikel Martinez gidari lanetan jarrita.
Esku bete aukera izanik, guztiak ezin aipatuko ditugu hemen. Kasu ematekoak dira hala ere, apirilaren 24an Zabalguneko merkatuan egingo den kulturgintzako eragileen topaketa, apirilaren 25erako Okela Sormen Lantegiak antolatu duen arte plastiko eta bisualen erakusketa Rekalde aretoan, eta azken eguneko Bilbao-Baobil 2115 emanaldia; Harkaitz Canok ehun urte barruko Bilbori idatzitako testuaren inguruan kantatuko dute Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek, Gorka Benitez, David Cirgu eta Josu Goiko musikariekin batera.
Beste estreinaldirik ere izanen da: Metrokoadroka antzerki taldeak Sua izan nahi obra eta Kukai eta Tanttanka dantza taldeek Hazipenen pozak ikuskizuna taularatuko dituzte hurrenez hurren apirilaren 25ean Pabiloi 6an eta Guggenheim plazan apirilaren 26an. Euskal zinemari eskainitako saioa ere egongo da hilaren 25ean.
Musika zaleentzat, besteak beste, Itoiz taldearen omenezko kontzertua izango da ostiralean Kafe Antzokian, Espaloian, Hutsa eta Joseba Irazokiren eskutik; eta larunbatean Campos Kupula aretoan Lurra, 22M2 eta Piztiak taldeak arituko dira, badok.info atariak sustatutako Badok Geroa saioan.
Estreinaldirako egitarau mardula osatu badute ere, hurrengo urteetan egitasmoa sendotu eta erreferente bihurtzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Oraingoz, asteburu luze batez bederen, euskal kulturgintza Bilbon lehen lerrora eramango du Loraldiak. Eta antolatzaileek argi dute: “Kimuak ditugu helburu”.
Loratuko da Bilbo eta itzuliko da euskara zazpi edo hamazazpi kale estu zalapartatsuetan oihartzun egitera, eta zabalduko da zabalguneetara eta luzatuko da auzorik auzo, Otxarkoagaraino eta harantzago. Udaberria helduko zaio gure hizkuntzari mendeetako neguaren ondoren. Udaberri... [+]
Euskal kultura garaikidearen Loraldia jaialdiaren antolatzaileek “balorazio guztiz baikorra” egin dute amaitu berri den aurtengo edizioari buruz. Jarduerak mugarik gabe egin ahal izan dituzte atzera ere, eta festibalak izandako kalitate artistikoa azpimarratu dute.
Loraldia Festibalaren zazpigarren edizioa asteartean hasi da, martxoak 9, eta hilaren 28a bitartean ospatuko da. Bilboko euskarazko kulturaren jaialdiaren edizio honetako lema Sormenari zor da. 19 egunez, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak... [+]
Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko die martxoaren 24an Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren 5. edizioaren baitan.
Astearte goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa, "Sentikariz blai!" lemapean.
Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat ikuskizunaren kronika. Martxoaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian. Loraldiaren baitako ekitaldia.
Loraldia Festibala amaitu eta "erabateko arrakasta"-tzat jo dute antolatzaileek. Bost astetan Bilbo "euskarazko sormenaren erdigune" bihurtu dela azpimarratu dute, bai eta ikuslegoaren harrera ona ere. Ikuskizun gehienetan eserleku-kopuruaren %80 baino... [+]
Loraldia Festibalaren barruan, martxoaren 16an Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inunziaga musikariak eskainitako
Hiri hori da hiri hau emanaldiaren kronika.
René Le Henaff zuzendariak hiru dimentsioen teknikarekin esperimentatzeko Euskal Herrian grabatu zuen filma aurkitu du Josu Martinez zinegile eta ikerlari bilbotarrak. Euskadi filmaren lau emanaldi egingo dituzte martxoan, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Baionan.
Euskal kulturaren udaberriko hitzordua hastear da Bilbon. 30 emanaldi eta 150 sortzaile baino gehiago bilduko ditu 32 egunetan. “Berritzailea eta bizigarria” egiteko asmoa dute antolatzaileek.
Euskal kultura ikustaraztea da festibalaren helburua. Apirilaren 9tik 24ra hamaika ekitaldi izango da Bilboko hainbat txokotan.