Batzuek diote haurtzaroa dela norberaren benetako aberria, baina beste batzuek Aberri Txarrak rock taldea sortu dutenez, agian ez gara horretaz hain seguru izanen. Aberri hitza potoloegia delakoan, erabilgarriagoak omen diren komunitate edo identitate kontzeptuak daude askoren ahotan. Hala ere, izen kolektiboak direnez, multzo horien barruan derrigorrez jendea sartu behar da, mundua –eta gurera ekarriz, Euskal Herria, edo are zehatzago Nafarroa– taldeka banatuz, hiritar guztiak batean edo bestean kokatuz, aldez aurretik mugaturiko komunitateetatik kanpo inor utzi gabe.
Modu horretan, munduaren aniztasuna eta konplexutasuna gure adimen mugatu eta eskasaren neurrira egokitzen dugu, benetan garen baino bizkorragoak sinestarazteko. Esparru politikora eramanez, adimen eskasari alderdi batzuen biziraupen behar larria gehitu behar zaio. Bitxia bada ere, bere burua komunitate batean –ala bestean– kokatzen ez duenak gainerako hiritar guztiak sartzen ditu multzo jakin batean, denak sailkatuz –bera izan ezik, noski–, Genesiaren Adam orojakilearen papera egiten: gizaki bakarra izanik, animalia bakoitzari izena jarri zion, baina bera salbu, zoologikotik kanpo.
Nafarroako alderdi politiko batek transbertsal hitza erabiltzen duenero, edo bi komunitateen arteko zubi-lana egiteko bere burua eskaintzen badu, interes maltzurra agerian uzten du: bi komunitateen existentziaren beharra; eta elkarren arteko gatazka badago, are beharrezkoagoa izanen da haren –ustezko– asmo oneko zubi-lana.
Alabaina, zubia behar dugu baldin eta bi bazterrak badaude. Bazterrak zenbat eta urrunago, zubia orduan eta premiazkoagoa. Beraz, alderdi baten biziraupen politikorako zubia izatea ezinbestekoa baldin bazaio, bazterrak beharko ditu, hau da, bi komunitateen existentzia, asmatuak balira ere. Baina ba al daude bi komunitate Nafarroan? Ni non nago, zeinena naiz? Euskaldun berri, zortzi abizen espainiar, iruindarra, emaztea erdaldun, guraso Gaztelako etorkinak, Erriberako familia politikoa. Ia nafar guztion bezala, bizitza nahasia eta askotarikoa da. Ai! Lasai. Politikari bat etorriko zait ni sailkatzera, zein komunitatean nago jakinaraziz, berari interesatzen zaion banaketa borobiltzeko.
Zorionez, Nafarroa ez da Hegoafrika –jaiotzez, beltza edo zuria zaren lekua–, edo Palestina-Israel –judua ala arabiarra– ezta Ipar Irlanda ere –katoliko ala protestante–. Jaiotzez, ez gara ezer, gure esku dago zer izan nahi dugun: erabaki politikoak direlako, eta ez etnikoak edo erlijiosoak. Kontua da bi hizkuntza dauzkagula –batzuek biak hitz egiten ditugu, beste batzuek bat besterik ez–, eta gatazka politikoaren mamia eskubide demokratikoen inguruan kokatzen da: nork aginduko dit nola edo norekin bizi, ala zein bandera jarri behar dugun gure udaletxean, beste adibide askoren artean?
Gu geu, ezer ez bagara ere. Ala agian, horregatik hain justu, ezer ez garelako.