argia.eus
INPRIMATU
Miren
Kattalin Miner @MKattalin 2015eko martxoaren 31

Hau pelikula bat balitz, yankia ahal dela, etxe desjabetzeen inguruan protagonista etxetik botatzear dagoena balitz, hori gertatu aurretik, norbait azalduko litzateke salbazioa eskainiz. Izan liteke gizon aberats jator bat, izan banku zuzendari bihozbera bat... Batek daki.

Hau pelikula bat balitz, europarra ahal dela, ziurrenik, protagonista etxetik bidaliko zuten, edo zorian zegoen eta bere buruaz beste egingo zuen. Ondoren, misterioz beteriko gertakari batzuk jazoko ziren, hala nola, banketxeko zuzendariaren bihotza biguntzerainokoak edo kontzientzia birrintzerainokoak, eta amaieran berauk ere bere buruaz beste egingo zuen –edo frantsesa bada pelikula, duen botere-gunea utzi eta bizitza altruismo basatira dedikatu–.

Baliteke Nafarroa, eta Antsoain hain zuzen, ez izatea Europa ez AEB. Baliteke, pelikulatik gutxi izatea Miren Peña Rastrollo sistemak erail izanak. Baina badu zinean inoiz gutxi gertatzen den errealitaterik. Izan ere, badu herri bat errea. Badu herri bat banketxe bat itauntzen. Badu herri bat, banketxeek ez bezala, badakiena zenbat balio duen bizitzak.

Eta badu herri bat ez dakiena ahazten, ez behintzat bizitza bat erauzten diotenean. Gugan bego Miren.