argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren biktimak
Juan Mari Arregi 2015eko martxoaren 31

Miren Peña, 43 urteko emakume langile nafarra, sistema kapitalista honen azken biktima da oraingoz. Sistema honi berdin zaio bere zerbitzura dauden pertsona hauen egoera humanoa, etekinak baizik ez ditu bilatzen. Miren bakarrik bizi zen eta 20 urteko alaba zuen. Bizitzari uko egin zion martxoaren 21ean, bere bankuaren gutuna jaso ostean. Arazoak zituen hipoteka ordaintzeko, langabezia prestazioa bukatu baitzitzaion. Gutunean bankuak jakinarazi zion ez zuela betetzen hipoteka birnegoziatzeko baldintzetako bat. Oraindik ez zen etxegabetzerik egon, baina dirudienez, gutun hori izan zen azken tanta egoera dramatikoak gain hartzeko.

Miren LAB sindikatura afiliaturik zegoen. 2013ko irailean kaleratu zuten hamar lankiderekin Orkoiengo Faurecia plantatik –Volkswagen hornitzen duen enpresa–. Lanik gabe, langabezia prestazioa jasotzen hasi zen eta hilero-hilero ordaintzen zuen hipoteka. Baina prestazioa amaitzean hipotekari aurre egiteko zailtasunak etorri ziren. Bankuaren gutuna jaso ondoren, Laboral Kutxako bulegoan bilera baterako deitu zuten martxoaren 23rako. Bazterketaren marra igarota eta balizko etxegabetzearen beldur, Mirenek nahiago izan zuen bilera horretara ez joan, bi egun lehenago aitak hilda aurkitu zuen Artika herriko bere etxean. Bere buruaz beste egin zuen. Aritmetika kapitalista zoritxarrekoa bete da: despidoari gehitzen badiozu etxegabetzearen beldurra, heriotzarako probabilitate handiagoa izango duzu.

Miren ez da lehena ezta azkena izango ere, tamalez. Bi urtetik hona Euskal Herrian jadanik hainbat lagunek egin du bere buruaz beste, etxegabetu egin behar zituztelako, langabezian geratu zirelako edo bi arrazoiengatik batera. Langile baten azkeneko suizidioa ere Nafarroan gertatu zen, Altsasuko Sunsundegui enpresatik kanporatua izan zen pertsona batena, hain zuzen. Ea behinik behin halako egoerek beste sistema ekonomiko-sozial bat eraikitzera bultzatzen gaituzten, ororen gainetik giza duintasuna errespetatuko duena.