argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzak
Aterpea izateko eskubidea nola bermatu
  • “Etxebizitzak, kaleratzeak eta alternatibak” mahai-ingurua antolatu dute ikasleek Leioako campusean, Herri Unibertsitateen barruan. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko moduez aritu dira Kaleratzeak Stop, Elkartzen, Errekaleor eta Maison13 ekimenetako kideak.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 31
Leioatik!

Euskal Herrian bizi diren guztientzako oinarrizko eskubideak onartzea du helburu Elkartzen mugimenduak. Mugimenduko ordezkaria izan da hitza hartzen lehenengoa: oinarrizko eskubide bati –etxebizitza izateari– etekina atera nahian merkaturatzea da arazoa. Desjabetzeen gaia pil-pilean egon denean, instituzioek ez dutela ezer egin ere salatu du, eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko erakunde publikoek egiten duten inbertsioa oso urria dela. Denei aterpea bermatu aldera, etxebizitza parke publikoa egotea beharrezkoa ikusten du Elkartzenek, eta horri lotuta, etxe hutsen aurrean neurri legalak hartzeko premia aldarrikatu du: “Alemanian, Italian, Suitzan edo Ingalaterran adibidez, etxe bateko jabeak leku horri ez badio erabilerarik ematen, estatuak bere gain hartzen du etxearen erabilera soziala”. Halaber, eskubideak bermatzen ez diren bitartean, “okupazioa zilegi da borroka tresna modura, baita molde berriak eraikitzeko tresna gisa ere”, adierazi du Elkartzeneko ordezkariak.

Izenak dioen moduan, etxe kaleratzeak etetea eta horretarako desjabetze arriskuan dauden herritarrak laguntzea da Kaleratzeak Stop mugimenduaren xedea. Bizkaiko ordezkaritzatik etorri den kideak azaldu duenez, desobedientzia eta erresistentzia pasiboa dituzte tresna nagusi, kaleratze mehatxuei aurre egiteko. Funtzionatzeko bi modu bereizten dituzte: ekintza taktikoak, epaitegietan garatzen duten jardunari dagokiona, eta alderdi politikoekin lobby lana egitea, herritarren beharrak kontuan hartuko dituen Etxebizitzaren Euskal Lege bat onartu dezaten. Bankuek etxebizitza-paketeak inbertsio funtsei saltzen dizkietela azpimarratu nahi izan du mugimenduko partaideak.

Maison13 eta Errekaleor, okupazioaren esperientziak

Maison13 Bilboko Alde Zaharrean zegoen etxe okupatua zen. 2010ean okupatu zuten lehen aldiz, eta etxebizitza kolektiboa osatu zuten bertan. Bi urtez martxan izan ondoren, 2012an hutsarazi zuten. 2014an, Erribera13tik joanarazi ostean berriz ere okupatu zuten eta berriz ere bota zituen Ertzaintzak, urte amaieran. Egun, espazio fisikorik ez daukaten arren, bizitza proiektu alternatiboak garatzea dute helburu, autogestioaren bidetik. Maison13ko lagunek argi dute: etxebizitza eskubide eza da arazoa eta aurrera egitea da bidea: “Ez dugu ikusten inori ezer eskatu behar diogunik gure eskubideak bermatzeko. Guk geure bizitza nahi dugun moduan eraiki nahi dugu”. Okupazioaren eta erresistentziaren garrantzia azpimarratu dute: “Ekonomiak kolonizaturiko bizitzaren aurrean, erresistentzia da duintasuna ematen diguna”. Unibertsitate mailan, harreman sarea sortzea proposatu dute eta guneak okupatzetik harago, bertan proiektu autogestionatuak garatzeko gonbita luzatu die ikasleei: “Oso garrantzitsua da enpresa mundutik egin duten unibertsitatearen kolonizazioari buelta ematea. Horretarako alternatibak sortu behar dira”.

Errekaleor Gasteizko auzo berreskuratutik ere izan da ordezkaririk. Kontatu duenez, auzoa botatzeko eta etxebizitza berriak eraikitzeko plana prestatu zuen Gasteizko Udalak, baina 2013an ikasle talde batek Errekaleorreko eraikin bat okupatu zuen. Auzoak ematen zituen aukerak ikusi eta alternatiba integrala planteatu zitekeela ondorioztatu zuten. Gazteen ikuspegia gehitu dio mahai-inguruari Errekaleorreko kideak: “Etxebizitza behar bat da eta gazteok behar hori gehiago sumatu dugu, baliabideak urriak direlako: lana lortzea zaila dugunez, gurasoen laguntzaz eta jende askorekin batera alokatzea baino ez zaigu geratzen”. Pertsonalki, okupatzea oso aberasgarria dela iritzi dio: “Egoera horretan bizitzeak irudimena eta elkar zaintza garatzen ditu, eta gure kasuan, auzoa zaintzea ere badakar”.

Herri Unibertsitateen loratzea

Leioatik!, Buiaka! eta Haraba! ikasle proiektu komunikatiboek, Ibaeta eta NUPeko ikasleekin batera, Topatu.info-k koordinatutako dokumentala egin dute elkarlanean: Haziak, Herri Unibertsitateen loratzea. Ohiko irakaskuntzaren aurrean, campus bakoitzeko ikasleek Herri Unibertsitateen bidez eraikitako alternatiba prozesua nola bizi izan duten jaso du dokumentalak, testigantza ugari bilduz. Martxoaren 31n aurkeztu dute dokumentala eta ikusgai dago Topaturen eta Argiaren webguneetan. Herritik herriarentzat ikasleek eraiki nahi duten hezkuntza eredua da Herri Unibertsitatea, gobernuetatik iritsitako azken erreformei aurre egiteko tresna izan daitekeena.