Herritarron eta erakunde guztion ardura da bermatzea herritar bakoitzak euskara hautatzeko duen eskubidea. Korrika bezalaxe, euskararen erronka kolektiboa baita: norbanakoak 10 egun eta 11 gauez 2.300 kilometroko ibilbidea egiteak ez du Korrika egiten; milaka herritarrek elkarlanean ibilbidea osatzeak, horrek egiten du Korrika. Euskararen erronka kolektiboa da, eta Iruñeko Udalak prozesioari bide emanaz Korrika erdigunetik egotzi duenean bezala, euskaldunok posizioak galtzen ari gara. Ardura norbanakoaren gain jartzeari utzi eta kolektiboki hizkuntza inperialismoaren kontra egiteko garaia da.
1996an UNESCOren oniritziarekin onartutako Hizkuntz eskubideen adierazpen unibertsalak dio edozein herrik duela eskubidea adierazteko eta garatzeko bere kultura, hizkuntza eta bere antolaketa arauak. Honenbestez, euskara giza eskubide kontua da, eta giza eskubideak kolektiboki irabazten dira, ez norbanakoka.
Euskararen aldeko mezu gehienak euskaldun norbanakoengan oinarritu ditugu: “Hizkuntza bat galtzen da euskaraz dakizun horrek ez baduzu egiten”, “zuk beti egin lehen hitza euskaraz”, “zu ahaldundu”... Indibidualismoak elikatutako “zu”, “zu” eta “zu” hori ari zaigu etengabe, esan gabe esaten “ez baduzu egiten nahi ez duzulako da”, “librea zara nahi duzuna egiteko”, “denok dugu ahalmena denerako”...
Norbanakoaren ardurari osoki eutsi arren, eta nahiz eta jakin euskaldunok garela gakoa, euskararen ardura eta erronka kolektiboak direla azpimarratzea garrantzitsua da. Norbanakoaren aukera erabat baldintzatzen du gizarte osoko klimak. Hizkuntza bat ez baitu sortzen batek norberarentzat, kolektibo baterako eta kolektiboan sortzen eta garatzen da beti.
Marketin adituek “zuk egin euskaraz” esaten digute “hartu bizikleta” esaten den alaitasunez. Gomendio horiek egitea beharrezkoa da, aski ez den bezala. Txirringari egokituta al daude errepidea, bide-seinaleak, gidarien kultura? Txirringa edo euskara hartzea gure herrian esperientzia atsegina da edo zartako bat hartzeko posizioan jartzea da?
Ez dezagun herritarren artean giro txarrik jarri, ez gogorarazi 40 urtez debekatua izan dela Hegoaldean euskara.
Gutxiago sufrituko dugu, ezabatu burutik euskara debekatua, pertsegitua eta zigortua izan zeneko iruditegia hori guztia: ez dezagun euskara Eusko Jaurlaritzaren biktimen zerrendan jarri, ez dadila eskoletan euskararen historia gordina irakatsi, ez dadila curriculumetan sartu Autopsiarako frogak (Koldo Izagirre), Euskararen kate hautsiak (Dabid Anaut) edo Gartxot (Asisko Urmeneta eta Marko Armspach).
Ezin bagara libreak izan, elika dezagun behintzat irudipena. Baietz, emakume edo gizon izatea egun berdin-berdin dela, eta euskaldun izatea ere bai, denok ditugula eskubide eta aukera berberak: zer mesede egiten du ezberdintasunak seinalatzeak? Zer konpontzen dugu esanik euskara lurraldearen gehiengoan ez dela hizkuntza ofiziala eta beraz euskaraz ikastea, informatzea eta abar, erlijioa bezala, norberarengan geratzen dela, edo zehatzago, norberaren bizkar geratzen dela finantzatzea? Hobe jabetzen ez bagara egun ere euskara hutsean jarduten duenak auzitegietan eta are kartzelan amaitzeko arriskua duela.
Izan positibo, zoaz coachingera, ahalegindu zure euskara erakargarri egiten zanpatzen zaituzten elebakarrentzat, ez haserretu, eta batez ere, ez egin aurre. Kontziente ez bazara eramangarriago egingo zaizu menpeko bizimodua, elebakarren onarpena lortuko duzu, eta ez ahaztu zuk nahi bezala bizi zarela ahoz barruko zure errepublika independentean. Beraz, erantzukizuna zeurea da, egoerak egoera zuk egin beti euskaraz.
Transbertsalitate handikoa da euskararen afera, gainerako zapalkuntza eta borrokekin bat egiteko gaitasun handia duena.
Euskaraz egitea, adibidez, jarrera inperialistengandik askatzea da. Euskaraz egitea da bi estatuetatik ituan independente egiten gaituena.
Euskaraz egitea jarrera antikapitalista praktikatzea da: helburua txanponak pilatzea denean ziur badugula euskara baino aukera errentagarriagorik. Euskara hautatzen dugun aldiro ziur dirua eta konpetentzia ez diren beste helbururik lehenesten dugula.
Munduko 7.000 hizkuntzetatik erdiak mende honetan desagertuko direla diote aditu askok. Euskaraz egitea, beraz, denok berdin pentsatu, berdin jantzi, berdin jan eta berdin hitz egitera bultzatzen gaituen globalizazioari iskin egitea da. Munduan lekuan lekuko milaka hizkuntza horien alde egitea.
Euskaraz egiten duten enpresa gehienak bertakoak dira. Coca-Cola, Nestlé eta McDonald’s ez dira euskaraz mintzo. Honenbestez, gure indarrak euskara haien hizkuntz politiketan sartzen jarri beharrean, “utikan!” bidali eta bertoko eredu jasangarriak sortzera bidera ditzakegu. Euskaraz egitea elikadura subiranotasunaren alde egitea da.
Euskaraz egitea jarrera ekologista geure egitea da. Hizkuntzak ez dira, animaliak bezala, hala hautatu dutelako desagertzen, batzuek beren ekosistema (soziolinguistikoa) hausten dutelako baizik. Munduko jatorrizko herri gehienek argi erakutsi dutenez, lurrik gabe ez dago hizkuntzarik. Porlanaren abiadura handiko hedapenak badu zerikusia bizimoduak eta hizkuntzak suntsitzearekin.
Euskara da jatorriak jatorri euskaldun egiten gaituena. Paper beharrik gabe komunitateko kide egiten gaitu. Jatorriak jatorri euskaraz egiten digunak herrikidetzat aitortzen gaitu, parekotzat gaitu.
Euskara eta feminismoa elkarri lotuta doaz. Euskarak planteamendu feministekin bat datozen ezaugarriak ditu (genero markarik gabeko hizkuntza izatea, genero markarik gabeko izenak izatea Euskaltzaindiak zantar-zantar bertutea den lekuan arazoa sortu zuen arte...) eta feminismoa hizkuntzen kudeaketan ere eredu oso onak ematen ari da, zapalkuntza anitzak kontziente egin eta berauek artikulatzen saiatzen baita. Bestela galde 500 laguneko Topaketetan euskaraz bizitzeko gakoez Bilgune Feministari. Euskarak eta feminismoak zapalkuntzan eta askapenean bat egiten dutenez, batean eta bestean pizten ari da noka kontzienteki aritzeko ideia, emakumeen arteko konplizitatea eta hizkera subertsiboa sustatzeko.
Auzolanean ARGIAren webgunean 40 hizkuntzatara itzuli dugun euskarari buruzko artikulua irakurri duen munduko herritar zozoenak ere lotuko du Euskal Herriaren independentzia nahia berezko hizkuntza edukitzearekin. Gehienei berezko herri bat denaren froga nagusia izango zaie berezko hizkuntza izatea. Askorentzat berezko estatuaren beharrari zilegitasuna ematen dion faktore nagusietakoa da euskara berreskuratzeko misioa.
Urruneko perspektibatik ura bezain gardenak dira berezko hizkuntzaren eta estatuaren arteko loturak. Aldiz, surrealismoaren mugak zeharkatu ditugu azken boladan Euskal Herrian, euskara independentziarako traba ote den entzutera iritsi baikara, independentziarako motibo nagusietakoa denean. “Itxaron, lehenik independentzia eta gero beste dena” esaldiak jada inuzenteena ere konbentzitzen ez duenez, posizioak argitzeko hona euskaltzaleok erantzutea eskatzen dugun galdera: Zein izango da euskal estatuaren hizkuntza ofiziala (eta erreala) euskara ez bada?
Zeren zain gaude dagoeneko baditugun erabakigune eta erakundeetan euskara beharrezko egiteko? Zer egin bitartean ikastetxeek eta euskaltegiek azken 40 urteotan euskaldundu dituzten milaka herritarrekin? Herritar denek %100ean euskara ikasi arte gaude zain? Hala bada, batetik, epeak markatzeko ordua da. Eta bestetik, euskara ikastea unibertsala eta doakoa egiteko unea ere bada.
Hizkuntza guztiek dute balio, zilegitasun, eskubide bera. Hizkuntza guztiek baina, ez dute nagusi diren lurralderik. Are gehiago, belaunaldi honetan izan dugun galera handietako bat da jada ez dagoela herririk euskara hutsean bizi daitekeenik, euskaldun elebakarrik ez dagoen bezala. Gure begien aurrean gertatu da, erdaldunak deseroso sentitzearekin kezkatuta geunden bitartean.
Euskal Herrian erdaraz jardun arazten duenak, kontzienteki edo inkontzienteki, euskarak munduan duen lurralde bakarra kolonizatzen jarraitzen du, euskarari espazioa kentzen dio. Hizkuntzen gatazka da Euskal Herriko herritarren artean mugitzen dena. Hizkuntzen gatazka hori kontziente eta ikusgarri egitea da gakoa, mahai gainera ekarri, eta dialektikoki landu. “Pertsonala politikoa da” irakatsi digu feminismoak. Migel etorri orduko koadrila osoa erdaraz egitera pasatzen bada, ez da Migel eta bion arteko arazoa, ez da koadrila honetako xelebrekeria. Migel erdaldun elebakarra da, eta gainontzekoak euskaldun elebidunak. Hizkuntza jarrera inperialista eta kolonizatuaren arteko talka da, eta talka horretan beti txikia galtzaile suertatzen da hizkuntzaz aldatzeko presioa aldez aldatu ezean.
Euskararen lurraldean errespetuz bizi nahi duenak, euskaraz egitera bultzatu behar ditu euskaldunak. Horretarako gutxienekoa du agertzea ulertzeko jarrera, ulertzeko gogoa. Kontzienteki egiten bada hobe, “nik oraingoz erdaraz egingo dut baina zuk hitz egidazu beti euskaraz”.
Bakoitzak hautatu dezala libreki (beraz, kontzienteki) zein hizkuntzetan mintzo den. Euskal Herriko gatazka linguistikoen historia ezagututa, euskararen egoera ezagututa, norberak egin dezala hautu kontzientea, politikoa, zer hizkuntzetan hitz egin.
Eta inork ez dezala inor derrigortu ezein hizkuntzan hitz egitera. Ez dezagun hizkuntzarik inposatu.
Bistakoa da euskaldunek (=elebidunek) ez dutela inongo arazorik elkarbizitzarako. Arazoa jarrera inperialista duten elebakarrak dira. Elkarri ulertzera, horretara baikaude behartuta herritarrak elkarrekin bizitzeko. Eta ulertzeko beharrezkoa den ia bakarra borondatea da.
Bizitza osoa “ez dut ulertzen” erantzunaz pasatzea erabakitzen duenak, arazo bat biziko du bizitza osoan, bai Parisen, bai Madrilen, bai Euskal Herrian. Arazoa ez da Parisen frantsesa, ez Madrilen gaztelera, ezta Euskal Herrian euskara ere, arazoa goizero jaiki eta kalera ateratzeko tapoiak jartzea da. Lasai, gatazkan bizi nahi ez duenak berehala alboratuko ditu tapoiak eta denbora gutxian euskara ulertzen hasiko da. Eta arazoan bizi nahi duenak, ba bai, berak erabaki bezala, euskaltzaleokin arazoa izango du bizitza osoan.
Euskaraz mintzo gara gure hautua delako, kontzientea, politikoa, askea. Eta herritar gisa gure eskubidea. Hor konpon horrek azkuratzen duena.
Behin bakarrik biziko gara, eta ez gaude prest zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailako herritar gisa bizitzeko. Are, euskaldun herritarrok zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailan bizi bagara, euskararenak egin du.
Herritar diren heinean politikariei ere eska dakiekeen gutxienekoa, euskaratik eta euskaraz gobernatzea da, konplexurik gabe, hizkuntza zapaltzaileari zer irudituko beldurrik gabe, kolonizatuaren mentalitaterik gabe. Euskaratik eta euskaraz gobernatzen ez duten politikariek ez gaituzte euskaldun gisa ordezkatzen. Behin biziko gara, beraz, nahi dugun bezala bizitzea lortu dezagun: gure herrian bete-betean euskaraz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]
Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]
Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]
Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]
Gizakiok berezkoa dugu parte garela sentitzeko beharra. Parte izateko modu hori jasotako hezkuntza, ingurua... formateatzen joaten da.
Identitateak ezinegon asko sortzen du gizakiongan. Batzuetan, banaketak ere eragiten ditu, ezin dugulako jasan beste baten identitatearen... [+]
Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango,... [+]
Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.
Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]
Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]
Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]
Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]