argia.eus
INPRIMATU
Ez al gara espetxeetatik aterako?
GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2015eko martxoaren 26a

Zalantzarik gabe espetxeak dira, langabezia eta krisia izan ezik, gure albistegietan eta solasaldietan gehien errepikatzen den gaia. Azken egunotan, adibidez, hainbat berri izan ditugu hizpide, beti espetxeen inguruan. Denek merezi dute hausnarketa.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak bisita egin dio Rafa Diezi. Zentzuzkoa dirudi horrelako ekimen batek, etorkizunari begira hainbat presoren egoera eta gogoeta politikoak ezagutu ahal izateko. Baina, bisitaldia zakarki bukatu zen, funtzionario bati –zuzendaritzari, beraz– Diezek Fernandezi erakutsitako papera atsegin ez zitzaiolako, dokumentua politikotzat jo zuen eta. Gogor eta argi hitz egin du horretaz Fernandezek. Baita gogorki eta manipulatuz hainbat hedabidek ere, ETArekin bildu zelakoan Eusko Jaurlaritzako idazkaria.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Alberto Plazaola presoaren askatasuna, Auzitegi Nazionalak erabakitakoa. Auzitegi Gorenarentzat atzerrian betetako espetxe zigorrak ez zaizkie metatu behar Espainian betetakoei, eta beraz, Auzitegi Nazionalak eman zuen ebazpena baliogabetu da, Plazaolak espetxera itzuli behar du. Ustezko filtrazioari esker, presoak alde egin du eta ezinezkoa izan da ebazpena betearaztea.

Valentin Lasarte kalean da, hemeretzi urteko zigorra bete eta gero. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegiak,  Gregorio Ordoñez eta Fernando Mugica, besteak beste, hiltzeagatik. Lasartek Langraitz bidea hartu zuen eta birgizarteratzeko bidea egin du: aukera horrexegatik Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) kanporatua izan zen. Horren harira Rafael Catalá, Espainiako Justizia Ministroa “harrituta” azaldu da, epai batzuk “epeltzat” joz, eta Consuelo Ordoñezek, COVITEko presidenteak eta Lasarteren biktima baten arrebak, injustutzat jo du, justiziarekin kolaboratzeko borondaterik agertu ez duelako.

Hiru gertaera horiek hausnarketara gonbidatzen gaituzte. Alde batetik, gizarte osoak poztu beharko luke preso batek, bere zigorra beteta –zegozkion espetxe onurak kontuan harturik– kalean dagoelako, eta kasu zehatz honetan, gizartera itzultzeko asmoa adierazi duelako –gogoan hartu behar dugu, zentzu horretan, Consuelo Ordoñezekin bildu zela espetxean–. Lasarte, beste hainbat bezala, euskal presoa izan da, eta gaur egun euskal herritar librea. Ezingo du inoiz bere iragan krudela ezabatu, noski, baina gizarte honek egindako delituei ezarritako zigorra bete du eta bere jardueraz hausnartu ahal izan du. Ez dut ukatuko bere biktimentzat eta haien senitartekoentzat injustua izan daitekeela, baina, beharbada, biktimen “mendeku” beharra eta gizartearen “justizia” beharra ez datoz bat. Larriagoa da Justizia Ministroak bere harridura azaltzea: horrek ez dauka inolako justifikaziorik eta azalpen bat baino gehiago eman beharko luke horri buruz –beste herrialde batzuetan dimititzera derrigortuta egongo zen–.

Plazaolaren ihesak ez dauka justifikaziorik. Ulertzekoa da inork espetxeratu nahi ez izatea, baina norberaren ardurei eta erantzukizunei aurre egin behar zaie. Halere, aurreko batean esan nuen moduan, Auzitegi Gorenak oso interpretazio zorrotza egin du Europako arauei buruz; Auzitegi Nazionalaren arabera okerra. Ez ahaztu iazko abenduan magistratu horiek Espainiako Gobernuaren presioak salatu zituztela gai honi buruz, hain zuzen ere. Kezkagarria, ezta?

Fernandezenak ere ez dauka justifikaziorik, baina espetxeetako “erregimena” omen da. Gogorra, ezta? Zergatik ezin da politika egin espetxeetan, birgizarteratzeko bide ezin hobea baldin bada? Akaso beste politika bat eskatzen zaielako presoei? Baina gizarteratzea ez da, inolaz ere, norberaren idei politikoak aldatzea, giza eskubideak errespetatzea baizik, besterik ez.