Aramaioko 1.543 biztanleetatik, 900 baino gehiago herrigunean bizi dira, Ibarran, eta gainontzekoak baserri-auzoetan sakabanatuta. Udalaren eta herritar askoren helburuak betetzen badira, datorren negurako Aramaio izango da herrigune guztia –eraikin publikoak eta etxebizitzak– egurrezko biomasarekin berotuko duen Euskal Herriko lehen udalerria.
Aspaldi gorpuztu zuten Aramaion landa garapenaren aldeko ekimen iraunkorra, Udalaren eta hainbat herritarren ekimenez. Helburu nagusia bertako baliabideen azterketa egin eta garapen jasangarria bermatzea zen. Jasangarritasuna hiru eremutan aurreikusi zuten: soziopolitikoan, ingurumenekoan eta ekonomikoan. Eta horretarako funtsezkoa ikusten zuten burujabetasunaren alde egitea hiru esparru nagusitan: elikaduran, energian eta turismo-aisian.
Testuinguru horretan eta udalerrian nagusi zen gas propanoaren prezioaren gehiegikeriez nazkatuta, harremanetan jarri ziren hainbat enpresa eta erakunderekin, energiaren gaineko ikerketak egiteko. Eta behin energia hidraulikoa, eolikoa, eguzkiarena eta biomasarena aztertuta, konturatu ziren azken hori zela Aramaiorako egokiena eta bideragarriena. Are gehiago, berorrena zela landa garapeneko ekimenak zirriborratutako oinarrira gehien hurbiltzen zena.
Biomasa, prozesu biologiko baten bidez lortutako materia organikoa, lehengai berriztagarria da. Aramaion zurezko biomasa aukeratu dute, egurrarena. Abantaila ugari antzeman dizkiote: herrian berotasuna sortzeko energi iturri agortezina dela; garbia; merkea, lehen sektorea bultzatzen duena; eta, gainera, lanpostuak sortzeko aukera ematen duena.
Bukatzear dagoen legealdi honen erdian udalerrian biomasa sustatzeko taldea eratu zuten, eta ordutik astero batzen da udaletxean. Talde irekia da, oso mota desberdinetako herritarrek osatutakoa: badira baso-jabeak, kaletarrak, ingurumenaz eta basoetako espezieez interesa dutenak, udal ordezkariak... Euskal Herritik kanpo gauzatu diren esperientziak ezagutu dituzte, Aramaion jarri beharreko azpiegituren gaineko azterketak egin dituzte, basoen egoera eta ustiapenari buruz hausnartu dute, zalantzak mahai gainean jarri eta partekatu dituzte... Eta ondorioztatu dute udalerriko basoetan –publiko zein pribatu– biomasa bidez energia nahikoa sortzeko baliabideak dituztela, baso-jabeek proiektuan interesa dutela, eta Aramaioko herrigunean, Ibarran, bere hedadurarengatik, obra zibila neurrikoa –txikia– egiteko baldintzak betetzen direla. Horregatik erabaki zuten biomasa bidezko energiarako azpiegitura landu eta lehen fasean herrigunean ezartzea. Bigarren fasean ezarriko lukete baserri-auzoetan.
Aramaioko alkate Ramon Ajuria proiektuaren bultzatzaile sutsua da. Uste du etxeetan berotasuna izatea eskubidea dela, eta ez luxua. “Energiaren kudeaketa publikoa defendatzen dugu. Energia herritarren ondare bilakatu beharko litzateke, negoziorako erabili ordez oinarrizko eskubide bilakatzeko. Gaur egun kanpoko merkatuen menpe gaude, prezioak nahi beste igotzen dituzte eta aukera edukiz gero, gure kasua den bezala, burujabeak izan behar dugu. Gure baliabideak erabiliz, prezioak guk jarri behar ditugu eta proiektuaren etekinak herriarentzat, herritarrentzat izan behar dira”.
Ingurumenaren alde egin nahi dutenek ere argudio ugari dituzte aukera honen alde egiteko: biomasa energia berriztagarria dela, agortezina, egurra erretzeak sortutako CO2-a zuhaitz eta landare gehiago landatuz berdintzen dela, errautsek ongarri gisa balio handia dutela, basoak zainduta izateko modua dela eta era berean suteak ekiditekoa, bertako espezieak indartzeko modua ere badela...
Sustatzaileen esanetan badira onura gehiago ere, herritar ororen egunerokoari eragingo lioketenak. Horien artean, garrantzitsuena fakturaren prezioa da. Udalak zenbaki zehatzik aurreratu nahi ez badu ere –prezio murrizketa proiektura atxikiko direnen araberakoa izango delako, besteak beste–, energia fakturak nabarmen murriztuko lirateke eta urte gutxian, gainera, azpiegitura erabat amortizatuko litzateke. Udalak galdara eraiki beharko luke herrigunean, baina etxebizitza partikularretan ez litzateke obrarik egin behar.
Argudio sozialekin jarraituta, Udalak ezarriko luke egurraren prezioa eta interesa duten udalerriko baso-jabe guztiei erosiko lieke. Energiaren kostua ere Udalak berak zehaztuko luke. Argindarraren banaketa erakunde publikoak gauzatu ahal izango luke herrian lehendik eratuta duten Aramaio Argindar Banatzailea enpresa publikoaren bitartez. Bultzatzaileek aurreikusten dute lanpostu batzuk sortu ahal izango liratekeela. Ez hori bakarrik, Aramaioko enpresa publikoak kudeaketaz arduratuko direnez, etekin ekonomikoak udalerrian geldituko dira.
Prozesu honetan guztian zehar Udalak eta ekimenaren ordezkariek Espainiako hainbat erakunderekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta beste hainbatekin bilerak egin dituzte, eta guztiek oso begi onez ikusi dute proiektu aitzindari hau. Euskal Herrian badira eraikin publikoak biomasaren energiaz berotzen dituzten udalak, baina Aramaio lehena izango litzateke herrigune oso batean halako sistema ezartzen. Baita Espainiako Estatuan ere.
Ingelesez District Heating esaten zaion sistemak hiru fase ditu. Lehenean, mendietatik egurra lortu eta erregai bihurtuko dute. Horretarako, baso-jabeekin osatutako taldeak lehengaia lortu, txikitu eta pilatuko du. Bigarren fasean, galdaran errekuntza prozesua gauzatuko dute. Galdara jartzeko inbertsioa egin behar da, eta horretarako harremanetan daude Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE), besteak beste. Hirugarren fasea ur beroa etxez etxe banatzea da. Horren kudeaketa Aramaioko Argindar Banatzailea enpresa publikoak egingo luke. Hiru faseetako bakoitzean lanpostuak sortzeko aukera egongo litzateke.
Proiektuaren bultzatzaileek eta Aramaioko Udalak argi dute egingarria dela, eta onura ugari dituela; horregatik gogor ari dira lanean herritarrei apustu honen berri ematen. Baina, ezinbestez, aurrera egin ahal izateko haien atxikimendua behar dute, sinadura eta guzti.
Horretarako, Arteman Komunikazioa enpresak lagunduta, hainbat iniziatiba lantzen dihardute. Proiektuaren eta biomasaren nondik norakoak azaltzen dituzten esku-orriak etxez etxe banatu dituzte, herritar guzti-guztiak zuzenean batzarrera deitu dituzte azalpenak eman eta eztabaida sustatzeko, beste herrialde batzuetako adituak hitzaldiak ematera gonbidatu dituzte eta egunotan erakusketa jarri dute Sastiña aretoan. Bertan panel argigarriak daude, baita propio landutako ikus-entzunezko bat ere.
“Bada beti aldaketei beldur pixka bat dionik”, azaldu du Ramon Ajuria alkateak, “baina apustu honen onurak mahai gainean daude, eta modu ezin hobea da guk daukagunari, gure baliabideei, ustiapen egokiaren bidez, merezi duten balioa emateko, aramaioar guztion mesederako”.
Proiektua bideragarria izateko beharko lituzketen atxikimenduen erdia baino gehiago eskuratu dituzte jada, eta lanean ari dira gainontzekoak lehenbailehen hel daitezen. Bitartean, Euskal Herriko beste udalerri eta erakunde asko Aramaion emango den pausoari arretaz begira daude. Eta, ziur, Aramaion martxan jarri ostean, beste askok jarraituko diotela, hainbestetan aipatzen dugun burujabetasuna praktikan jartzeko adibide gardena baita honakoa.
Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan... [+]
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Arabako hamazazpi talde, elkarte eta herri mugimenduk deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat arratsaldean Gasteizen, euripean. Bilbo plazatik abiatutako manifestazioak Foru plaza bete du ibilbidearen amaieran. Arabako landa eremua mehatxatzen duten makroproiektu guztien... [+]
Hamasei plataformak baino gehiagok bat egin dute "Araba ez dago salgai" eta "Makroproiekturik ez!" mezuekin eta manifestazioa antolatu dute elkarrekin: urriaren 26an izango da, 18:00etan Gasteizko Bilbo plazan hasita. Jarraian, manifestazioa deituz plazaratu... [+]
Makroproiektuen aurkako manifestazioa izango da, larunbat honetan, urriaren 26an, arratsaldeko 18:00retan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.
Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzara ekainaren 14an bidali zuen txostena irakurrita, nekez irudikatu daiteke haize-errotak jartzeko leku ezegokiagorik Laminoria eta Azazeta proiektuentzat Aixeindar SA enpresak hautatu duena baino: EAE osoan nekrofago espezie gehien bizi... [+]
"Sare elektrikoak eta lurraldea: sistema energetikoa eztabaidagai" hitzaldia emango du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak. Herribizigune eta Ezkeltzu Bizirik taldeek elkarrekin antolatu dute hitzaldia.
Euskal Herria Bizirik-ek, heldu den urriaren 26an, Gasteizen, Arabako herri plataformek eta nekazarien sindikatuek trantsizio energetikoaren aitzakian korporazio handiek inposatu nahi dituzten megaproiektuen aurka antolatutako manifestazioan parte hartzera animatu nahi du.
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]
Mendi horietan egin nahi dituzten zentral eoliko eta fotovoltaikoen aurkako aldarriak zabaldu dituzte urriaren 20an herritarrek egin duten mendi martxaren bidez. Arabako Mendiak Aske elkarteak antolatu du egun osoko egitaraua.