argia.eus
INPRIMATU
Amerikaren ahots
  • Poesia Kaiera, Anne Sexton. Itzultzailea: Harkaitz Cano. Susa, 2015.

Igor Estankona 2015eko martxoaren 24a

“Amerika,/ non daude zure egiaztagiriak?” galdetzen dio erretorikoki Anne Sextonek (Massachusetts, 1928-1974) kontinenteari. Fikzio konfesionalaren musak, tripei hitzak jarri zizkien emakume buruargiro zoroak, depresioei adjektiboak jarri dizkio beste behin.

Hilekoak eta drogak ekarri zituen literatura lau xamar batera Anne Sextonek, eta bere garaiko olatuaren gainean lortu zuen errekonozimendua. Ez zen, zentzu honetan, beste idazle madarikatu bat izan. Sarien eztia –eta mikatza– probatu zituen, batez ere poesia alorreko Pulitzerrarekin, 1967an, Live or Die liburuarekin.

Plath baino eratsuagoa eta aurreikusteko errazagoa, Sextonek amerikar poeta klasikoen segurtasuna ekarri zion zalantzaren garaiko lirikari, eta politika egitea lortu zuen kategoria ideologikorik erabili barik. Gauzak erakustearekin nahikoa zuen. Irakurleak bihurtzen du beraz Sexton aldarri: “Emakumeak beratzen jarria du bihotza./ Erauzi egin diote,/ eta kixkalita dagoelako/ azken ekintza bezala/ ur-xorrotaz freskatzen du errekan”.

Harkaitz Cano bera ere idazle ezagun baten uhin-bide bihurturik ageri zaigu antologia ondo aukeratutako honetan. Idatzia du donostiarrak berari Sextonen heriotza egiten zaiola laburpen bat ederra: “Cougar auto gorriaren bolante aurrean jarri eta motorra piztu zuen gero. Baina ez motorra bakarrik –eta xehetasun hau ez da hutsala–, irratia ere bai. Anne Sextonen amaiera lazgarriaren teatraltasunak laburbiltzen du bere bizitza. Adikzioa, alaba ere baden amaren larru babestailea, abiaduraren poz bizia, bere buruko ahotsak tapatzeko irratia”. Asaldatzen duten ahotsen korua ederto entzuten da antologia honetan. Canori ez zaio aditzen ia. Eta Sextonek gorrotatutako Jainkoaren imitazio inkontzientea garbiro dakusagu: Jainkoa bera dira bere maitasun, amorru eta salaketa ozenak. Poetak mundua oro erakusten digu, gauza itsusiak eta gauza bikainak, eta esan barik artez dena dela efimeroa, dena efimeroa dela sentitzen du batek. Sextonen euria eta inurri gorriak euskal irakurlearen esku daude orain Munduko Poesia Kaieretan. Egia esan bildumarekin gozatzen ari gara, hunkitzen gaituzten irakurraldiak opatzen ari zaigu. Eta zehazki Sextoni buruz asko idatzi da, eta Sextonen idatziak han eta hemen argitaratu dira, baina orain behintzat esan dezakegu: euskaraz daukagu harribitxi hau.