"Ingelesa ez, euskara da baliagarria Nafarroan"

  • Espainolismo linguistikoak erreminta ezin hobea aurkitu du euskara isolatzeko: ingelesa. Hizkuntza horren inguruan mito eta gezur asko dagoela uste du Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari madrildarrak. Joan den urteko hondarrean izan zen Iruñeko Katakrak-en, Manu Robles-Arangiz Fundazioak gonbidatuta. Nafarroako Gobernuaren eskoletako Ingelesa Ikasteko Programa izan zuten ardatz berak eta gainerako hizlariek.

“Denok gure seme-alabak multinazionaletako goi-mailako exekutiboak izateko hezten ari al gara bada?”Argia

Gauza bat da ingelesa erabilgarria den ala ez, ikasteak merezi duen ala ez. Jakina merezi duela ingelesa ikasteak, baita beste hizkuntzak ikasteak ere. Dena dela, ingelesak baditu gaur egun hainbat ezaugarri mitiko, batzuetan magikoak. Ezaugarri horiek kolonialismo linguistikoarekin daukate zerikusia. Alegia, herritarrak bere hizkuntza hitz egiten du, badator kanpoko hizkuntza eta sinetsarazi diote hizkuntza hori askoz erabilgarriagoa dela, askoz hobea dela, ezaugarri ia magikoak dituela. Jada ez zaitu inork konbentzitu behar hizkuntza hori ikasteko. Gogorarazten dizuet Penintsulan gauza bera gertatu zela gaztelaniarekin, eta gaur egun ere gauza bera gertatzen da.

Jende orok hitz egiten du ingelesa

Gezurra. Japonian Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatu zenean, hainbat kazetari harrituta zegoen, japoniarrek ez baitzuten ingelesa hitz egiten. Arazoa ez dago Japonian, baizik eta Japonian askok ingelesez hitz egiten duten sinesmen horretan.

Egia da, Europako hainbat herrialdetan, Herbehereetan, eskandinaviar herrialdeetan, ingelesez oso ondo moldatzen den jendea aurki daiteke, baina ezin da esan Europan hala gertatzen denik. Frantzian, Alemanian, Errusian, Grezian, Italian ezin dugu elkar ulertu ingelesez. Jakina dagoela ingelesez egiten duen jendea, gaztelaniaz, frantsesez edo italieraz bezala. Edonork ingelesa hitz egiten duela indarrez sartu zaio jendeari buruan eta ikasi behar dutela sinetsi dute, erabiliko duten ala ez, lanean behar duten ala ez, pentsatu gabe. Are okerragoa, sinestuta dago ingelesa ez badaki sekulako gabezia duela, kulturalki akastuna dela, analfabetoa.

Horregatik, inkestetan jendeari galdetzen zaionean ingelesa ba al dakien baietz erantzuten du. Beldurra ematen die bestelakorik erantzuteak. Ideologia zentzugabe horren arabera, ingelesa globalizazioaren hizkuntza da. Ez. Ingelesa baliagarria da, baina batzuetan berez ez dauzkaten ezaugarriak atxikiz, hizkuntzak inposatu egiten dira. Bere garaian gauza bera gertatu zen latinarekin eta grezierarekin.

Lanerako, egunerorako, beharko duzu

Lan ona aurkituko duzu. Hara non, Alemanian erizain izan nahi duenari alemana eskatuko zaio, alemana hitz egiten duten gaixoak artatu beharko baititu. Frantziara joan eta ileapaintzaile edo arotz izan nahi badu, frantsesa jakin behar du frantsesekin aritzeko. Hau esan ohi didate: “Maila handiko exekutiboek-eta ingelesa jakin behar dute”. Denok gure seme-alabak multinazionaletako goi-mailako exekutiboak izateko hezten ari al gara bada?

Beraz, ingelesa ez da baliagarria Nafarroan, ez behintzat egunerokoan. Ingelesa erabilgarria da, merezi du ikasteak, literatura interesgarria dauka, ez diot ikasi behar ez denik, baina ez esan mundu osoan ulertzeko balio dizun hizkuntza dela. Beno bai, agian, munduko aireportu guztietan. Dena dela, aireportuan ahalik eta denbora gutxien egoten gara, 6-7 ordu badaramatzat handik ateratzeko desiatzen nago. Museoetan ere bai, ados. Museo handietan, zeren ni Armeniako museoetan egon naiz eta han errusieraz baino ez zuten hitz egiten. Baina umeak ez ditugu heziko museoetan bizitzeko ezta? Gure seme-alaben heziketa ingelesaren inguruan sortu den ideologia baino askoz serioagoa da.

Ingelesa eztabaidaezina da

Interes politikoa al dago ingelesa neurriz kanpo balioztatzeko eta euskarak gutxiesteko? Mito aureolari aurre egin behar zaio, zeren besteak beste ingelesari berari egiten dio kalte, hizkuntza hori besteak bezainbesteko duina baita. Hizkuntza inperialista eta inposatzaile gisa agertzen da, baina hizkuntzak ez dira hala.

Aureola horren barruan, bitxia da, ingelesa eztabaidaezin bihurtu da, inork ez du zalantzan jartzen ingelesa ikasi behar den ala ez. Are gehiago, hizkuntza menperatu behar da, hitz-jario jatorra behar da izan. Kultura handiko jende askok sufritzen du, ingelesa ez dakielako. Nik lana egiten dudan unibertsitatean ingelesa menperatzen ez duen oso kultura maila handiko jendea dago. Ingelesa ez menperatzeagatik kulturalki gabezia handia dugula esaten digute.

Espainolismo linguistikoak euskara isolatzeko erreminta ezin hobea lortu du. Inork zalantzan jarriko ez duen zerbait aurkitu behar badugu, badakigu zein den erreminta perfektua: ingelesa. Erreminta ezin hobea euskarak hezkuntza sisteman aurrera egiten jarrai ez dezan. Euskara ikasi beharko da, baina askoz garrantzitsuagoa da ingelesa ikastea.

Nik jarraitzen dut esaten Nafarroan egunerokoan bizitzeko askoz garrantzitsuagoa dela euskara jakitea ingelesa jakitea baino. Informatikako multinazional batean lan egiteko litekeena da ingelesa eskatzea eta ez euskara, baina Nafarroan euskara hizkuntza erabilgarria da, ez da hizkuntza atzerritarra. Horregatik, hiru eleko hizkuntza ereduaren ideiaren aurka egiten dut, hiru elekoa gaztelania, euskara eta ingelesa ulertzen badugu. Akats handia da. Euskara ezin da jarri gaztelaniaren eta ingelesaren mailan. Hiru elekoak horrela beharko luke: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza. Ingelesak frantsesarekin, italierarekin... lehiatu beharko du eta ez du inolako arazorik izango horretarako, eta atsekabez diot. Zeren ingelesa ikasteko erabiltzen den denbora erdian frantseseko erdi maila lor daiteke, adibidez. Ezagutzen dut bizitza guztia ingelesa ikasten ari den jendea eta ez dena gai telesail bat jarraitzeko. Denbora erdia frantsesa, italiera edo portugesa ikasteko erabili izan balute... Beraz, hiru eleko eredua euskara, gaztelania eta ingelesa izatea onartezina da. Euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza beharko luke izan, eta atzerriko hizkuntza bakarraren ordez bi badira bi. Ingelesak ez die garrantzia eta denbora kendu behar euskarari eta gaztelaniari. Hori bai, gaztelania Nafarroan hizkuntza nagusia izanda, eta euskara gutxiagotua, denbora gaztelaniari kendu behar zaio, ez euskarari. Jakina, uste badugu euskarak indar handiagoa hartu behar duela, bestela noski ezetz.

Nafarroan intentzio politikoa ote dagoen ingelesa gehiegi balioztatzeko eta euskara gutxiesteko? Espainolismo linguistikoaren sustraiak anglizismo inperialistaren berdinak dira. Gaztelania eta ingelesa, katalana eta euskara baino goragoko hizkuntzak dira.

Jakina, ingelesa sartzeko intentzio politikoa dago, ingelesa ez da eztabaidagarria.

 


ASTEKARIA
2015eko martxoaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-10-22 | Julene Flamarique
Antzinaroko euskaraz idatzita egon litekeen inskripzioa aurkitu dute Lantzeko meategi batean

“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


2024-08-29 | ARGIA
Hezitzaile lanpostuetarako euskarazko eta gaztelaniazko azterketak ordu berean, Barañainen

Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.

 

 


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Eguneraketa berriak daude