argia.eus
INPRIMATU
Gorotz melenga
Itxaro Borda 2015eko martxoaren 18a

Auzoa ez dute patitzen, beltzak eta arabiarrak partida dituzte, zainetan plazaratzen diren biktima gaizoak dira, larderiazko aroaren etorrera iragartzen digute gaiztoki: ikusiko duzue zer gertatuko zaizuen gobernuan diratekenean… mehatxuak eta izuak banatzen dituzte ahapez, ordezkatzen duten alderdia ez delako, jada ederki banalizatua den arren, arras katolikoa –errateko moldea da, noski–. Euskaldunak dira, fededunak, Frantziaren iragan distiratsu baten nostalgikoak, min eta zauri guztiak beti besteren erruz datozela errepikatzen zinpurtzen direnak!

Errobi eskualdean, semea FNko zerrendaburu duen emazteari begira nagokio. Oilo koloka urguilutsu eta egoskorraren antzera bermatzen zait aitzinean: ez dut bere gorrotoa ulertzen, dena dauka zoriontsu izateko bizitza ezer ez duen lagun protsimoaz jeloskor higatu gabe. Kopeta apaltzen dut eta, ezintasunaren uholde itogarria bailitzan, negar gutizia nigan igotzen nabaritzen dut. Gorotz melengak zikintzen ez duen izkina izpirik ez baita gehiago herra zilegi bezain lege dagoen bazter hauetan.

Irabazten utziko al ditugu?