Bittor Kapanagak (Otxandio 1925-2011) hizkuntza eta munduari buruz zituen ikuskerak jaso dira Euskera erro eta gara liburuan. Idazle euskaltzalearen lan guztien lehen bilduma da, Gerediaga Elkartearen eskutik argitaratua. Edizio lanen arduradun Juan Martin Elexpuruk lagundu digu aztiaren ospea irabazi zuen otxandiarra apur bat gehiago ezagutzen.
Argizaiolak ilustratzen du Euskera erro eta gara liburuaren azala: “Badu zerbait magikoa argizaiolak. Forma misteriotsu hori, barnean zerbait astintzen diguna. Gainera, ilunpea argitzen du, Bittorrek askotan egin ohi zuen bezala”, diosku Elexpuruk. Kontrazalean iragana eta modernitatea irudikatuta daude: “Ez zuen atzera begiratzen bakarrik. Kapanagak iragana arakatzeaz gain, orainari eta geroari buruzko proposamenak egiten jardun zuen politikan, kooperatibagintzan, euskara batuaren gorabeheretan... Pentsalaria, filosofoa zen beste ezer baino gehiago. Aztia, txamana edo orakulua zela ere badiote bere lagunek”.
Haren lanaz, berriz, horrela mintzo da editorea: “Lehenengo nabarmenduko nuke bere prosa, oso dotorea. Idazle ezagun batek esaten zidan Mitxelenaren edo Atxagaren inbidiarik ez duela estilo aldetik. Edizio lanari dagokionez, nahiko ohitua nago inoren liburuak editatzen, baina hau ezberdina izan da. Hasteko, aukeratu egin behar izan dut: gaurko euskara batura ekarri, dagoenetan utzi edo erdibideko zerbait egin. Azkenean, zegoenetan uztea erabaki genuen, eta erratak zuzentzera mugatu naiz ia bakarrik. Bittorrek ondo pentsatuta idazten zuen hitz bakoitza, eta haren espirituari iruzur egitea izango zen bere lanak gaurko batura ekartzea. Batu zalea zen arren, tximistaren bat jaurtiko zigun euskara edo gabe jarri izan bagenitu jatorrizko euskera eta bageren ordez”.
Euskera erro eta gara da, eta ez Euskara erro eta gara, alegia. “Bertsolarien adieran, bigarrenaren errima goxoago izan arren...”. Irriz hartu du burutapen hori: “Errima hobea du, noski. Baina berak zerbait bazeukan garbi horixe zen, euskera zela gure hizkuntza eta ez euskara; –era dela bigarren osagaia: hizkera, gipuzkera, bizkaiera, italiera, japoniera... Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria, euskaldunen %70k euskera, erdal hizkuntzetan ari garenean euskera eta batuan euskara? Uste dut ez zitzaiola arrazoirik falta”.
Refranes y Sentencias liburua dela eta, Mitxelenarekin sestran jardun zuen: “Bittor heterodoxoa zen, espiritu kritikoa zuen. Autoritate argudioek ez zuten harekin balio. Euskaltzaindiarekin harreman handia izan zuen, bazituen lagunak eta ez hain lagunak. Titulu gabea zenez, eta apala gainera, zenbaitek ez zion begirune handirik. Refranes y Senteciaseko esaera batzuen interpretazioarekin ez zetorren bat. Artikulu bat argitaratu zuen Euskeran. Eztabaidatuena: ‘Erioak Erezan, Butroeko alabea Plentzian’. Kapanagak ‘Manantiales en Ereza, la hija de Butrón en Plencia’ itzuli zuen. Zentzugabetzat zeukan originalak zekarrena, Mitxelenak ontzat eman zuena: ‘El tártago mató a la hija de Butrón en Plencia’. Diotenez, errenteriarra asko haserretu zen Kapanagaren lana akademiaren aldizkarian argitaratu zelako. Nolanahi ere, gaur egun gehienek diote bete-betean asmatu zuela Bittorrek”.
Euskara batua hizpidean, batuari eta euskalkiari buruzko gorabeherak izan dira betiere. Bizkaieraren bilakaera minez bizi zuen Kapanagak. “Euskara batuaren prozesua hasieratik bukaeraraino bizi izan zuen. Baionan zen 1964an, Txillardegik antolatutako bilkura erabakigarrian, baita Arantzazun ere 1968an, Euskaltzaindiaren batzarrean. Batuaren alde zegoen, baina astiro egin behar zela zioen, euskalki bakoitzetik onena hartuta. Bizkaiera euskalki arkaikoena da, forma zaharrei ondoen eutsi diena bere iritziz, eta amorruz bizi zuen euskalki horren bazterketa batua eraikitzeko orduan. ‘Euskera’ eta ‘bage’ aipatu ditugu, eta aditzean, esaterako, ‘zuek zare’ proposatzen zuen. ‘Zarete’ aberrazioa iruditzen zitzaion. ‘Orduan, zergatik ez ‘garete’?’, esaten zuen”.
Kritikoa zen “eruditoekin”. Sarri botatzen zizkien eztenkadatxoak. Euskera erro eta gara lekuko: “Gure ‘erdipurdiko aro’ honetako euskalariak zertan ari zaizkigu? Urre mea baten gain eseririk, ea lur gorrizka horrek liliak landatzeko balio ote duen analizatzen”. Alabaina, Kapanaga oso optimista zen, “Hizkuntzak, itsasoak bezela, beti joko du bere eremuak berreskuratzera”, esaldian ageri denez: “Jakitun zen hizkuntza asko galdu dela historian, baina itxaropena zuen euskarak bere eremuak berreskuratuko dituela, urak bezala. Ni ez naiz hain optimista, baina irakurri berri dut Zalduondon %1’8 zirela euskaldun 1981ean, eta orain %37 direla. Badator ura gora”.
Ura, sua, haizea, lurra, zuhaitza elementuek garrantzi handia dute Kapanagaren azterketa linguistikoan zein antropologikoan. Oso ondo ezagutzen zituen natura eta hari lotutako hizkuntza. Euskeran aurkitzen zuen gure ingurua eta iragana interpretatzeko hainbat giltza. Euskaldunon ikuskera da, agian, bere pentsamendua ezagutzeko obrarik egokiena. Hamaika gai jorratzen ditu, batzuetan gehiegi sakondu barik. “Sua ote zen Bittor Kapanaga?”, itaundu dugu Elexpuru: “Zer esan? Ura bazen eta sua ere bai, baina motela, txingar handikoa baina garra apalekoa, harrokeria gutxikoa. Gontzal Mendibili esan ohi zion, ‘Arestiren Aitaren etxea defendituko dut ondo egon da sasoi baterako, baina Amaren sua berpiztuko dut hartu behar genuke garai berrietarako’”.
Lotsatia zen, baina bere egia edozeinen aurrean agertzeko lotsarik ez zuen. Jakin-min eta sen handikoa. Goxoa eta malgua, beretzat inportanteak ziren gauzetan amore ematen ez zuena. Austeroa. Bakarrik bizi zena; ezkongabea nahita, libertatea galtzeko beldur. Psikologo ona. Berriketa-lagun paregabea. Gauzei ezusteko ikuspegietatik begiratzen zekiena. Joan badoan iragan garaiko seme: “Hamaika urte zituela bere begiekin ikusi zuen gerrateko lehen bonbardaketa. Gerra oste iluna; nerabezaroa behiak zaintzen eta irakurtzen. Hogei urterekin Eibarrera. Hura izan zen bere unibertsitatea. San Martin, Laspiur, Basauri... Han jantzi zen. Hogeita hamahirurekin Otxandiora itzuli eta herrigintzan murgildu zen, kooperatibak sortu zituen, baserria alokatu eta behiak ipini. Baina bere bihotzeko kuttuna euskera zen. Hura aztertzen eta hauspotzen eman zuen bizitza erdia”. Hil ostean, adiskide izandako hogeita sei lagun elkarrizketatu zituzten bideoz. Interneten dago guztia. “Otxandioko aztia” idatzita bila daiteke: “Miresmena da denen jarduna laburtzen duen hitza. Tematia, burugogorra zela ere esan zuen batek baino gehiagok. Gauza bat garbi bazuen ez zuen erraz atzera egingo”.
Azken belaunaldikoekin oso ondo moldatu zen halere. Igor Elortza eta Unai Iturriaga, esaterako, oso lagunak zituen. Herriko Tabernan orduak pasatzen zituen egunkariak irakurtzen, eta gazteak sarri hurbiltzen zitzaizkion berriketan egitera. Gazteak pozik eta bera ere bai.
Editoreak liburua irakurtzera animatu nahi ditu euskaltzaleak, batez ere filologoak: “Joera dago ‘ofiziokoen’ artean Kapanagaren ideiak mespretxatzeko, ezagutu gabe sarri. Ehunka etimologia proposatzen du eta euskararen iraganaz hipotesi interesgarriak plazaratzen ditu. Beti ez du asmatuko, baina beste batzuek ere ez. Ilunpean ibiltzen gara horrelako gaietan, baina ilunpe horretarako ez da argizaiola txarra Kapanagaren obra”.
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoak ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.
Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra... [+]
"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]
Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]
Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.
Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.
Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]
Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.
Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]
Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]