argia.eus
INPRIMATU
Bertsolaria
Imanol Lazkano 2015eko martxoaren 18a

I

Gazte berri bat sartzen denean
bertsoaren zerbitzura,
lehenengo langa aurkituko du
entzulearen zentsura,
esaten dena, kantaera ta
jende aurreko itsura,
izarretara gidatuko du
edota bota putzura.

II

Lehenengo koska gainditzeko gai
bada landare berria,
saio batzuek eskaintzen ere
hasiko zaio herria,
baina aldiro eman nahi badu
eskatzen zaion neurria,
eguneroko lana ta lana
izango du oinarria.

III

Herriak berak gidatu arren
landaretik izarrera,
une batean ezin du ahantzi
prestakuntzaren jarrera,
bestela berriz aurkituko du
entzulearen barrera.
Amaitzen ez den ikasketa da
bertsolarien karrera.

IV

Gerora ere entzulegoa
beti epaile serio,
ordura arte egindakoak
ia ez dio balio.
Aldi oroko sorpresa nahi du,
gehiago eskatzen dio,
horregatikan saio bakoitza
bihurtzen da desafio.

V

Hanka puntetan gabiltza beti
ez zaigu uzten pausatzen,
etenik gabe geure buruak
eta bertsoak osatzen,
munduko kirol aberatsena
ari baikara gauzatzen,
hizkuntzarekin jolas eginez
goza araziz gozatzen.

VI

Kirol horretan etenik gabe
banatzen dira sariak,
une oroko estimu gozo
eta txalo ugariak,
beraiekiko ditugun zorrak
hain direnez nabariak,
mundu horrekin ez inoiz ahaztu.
Animo bertsolariak!