Hil honen 22an eta 29an izanen dira Pirinio Atlantikoetako bozak, bi itzulitan ohi bezala. Alta, boz hauek kantonamendu kopuruan eta hautagaitzen eraketan aldaketak ekarri dituzte: 27 kantonamendu dira departamenduan, hauetako hamabi Ipar Euskal Herrian, lehen 21 ziren. Hautagaiak parekideak dira hauteskunde-barruti bakoitzean: emazte eta gizon kopuru bera.
Paueko Kontseilu Nagusiko egiturak berrituak izanen dira bozen ondoren. Erregioen –eskualdeak– egituratze berriak aldaketak ekarriko ditu departamenduetan. Bi egituren eskumenetan aldaketak izanen dira –NOTRe legearen arabera garatzen ari dira–, baina ez dira zehatz-mehatz ezagutzen. Gizarte laguntzetan, azpiegituretan eta hezkuntzan aldaketak izan litezke departamenduaren kaltetan, antza.
Biarno eta Ipar Euskal Herria daude Pirinio Atlantikoak departamenduan. 2015eko aurrekontua 803 milioikoa da, azken gobernu kontseiluak onartua. Egungo presidente Georges Labazéek (PS) ez du bere burua aurkeztu. Bera da departamenduko lehen presidente sozialista. Hauteskundeotan, 143 dira hautagaiak eta horietako 108 berriak; 76 dira euskal hautagaiak. Kontseilu Nagusiko hautetsiak 52 dira, eta orain arte, zortzi baino ez ziren emakumeak. Aurrerantzean, 27 emakumek eta 27 gizonek beteko dituzte Paueko Kontseilu Nagusiko aulkiak, Nafarroako Parlamentua ere deitua.
Amaitu berri den legealdian, historian lehen aldikoz, PS izan da indar politiko nagusia departamenduan. Alabaina, PSko oraingo boz zerrendetan ez dago Georges Labazée biarnesa, ez Frantxoa Maitia garaztarra, ezta Atharratzeko Arnaud Villeneuve auzapeza ere. Hendaiako auzapez eta departamenduko lehendakariorde Kotte Ecenarro jalgi da lider berri gisara. Chantal Kehrig-ekin aurkeztu da Hendaiako hauteskunde-barrutian. Donibane Lohizuneko Jean Henri Aguerretche-Julie Bergara, Baionako Henri Etcheto-Marie Chistine Aragon eta Juliette Brocard-Christophe Martin bikoteak ere pisu handikoak dira alderdi sozialistan. PSk Europe Ecologie Les Verts taldearekin akordioa lortu du zenbait kantonamendutako zerrendetan; Baionan eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarren, adibidez.
Eskuinak eta zentroko alderdiek historikoki kudeatu duten departamenduko boterea berreskuratu nahi dute. UMP eta Force64 alderdiek bat egin dute horren xedez. Jacques Laserre presidente zentrista ohia, Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu da berriz ere, Anne Marie Bruthekin batera aldi honetan. Miarritzen Max Brisson eta Maider Arostegui dira hautagai nagusiak. Donibane Lohizunen bi bikote daude eskuinaren izenean: Ziburuko axuanta Isabelle Dubarbier da ezagunena. Angeluko Claude Olive auzapeza Baionako 1. kantonamenduko hautagaia da. Landa edo baserri munduan, zentro-eskuineko beste izen ezagunak hauek dira: Beñat Inchauspe Hazparnen, Vicente Bru Uztaritzen eta Pepela Mirande Zuberoan.
Euskal Herria Bai (EH Bai) hautagaitza abertzalearen lema Herrian bizi, lan egin eta erabaki da. Lurralde Elkargoa eta aldaketa sozioekonomikoa aldarrikatzen ditu. Iparraldeko hamabi kantonamenduetan soilik aurkezteak Kontseilu Nagusiko aulkien erdiespen kopurua mugatzen dio. Bidaxune-Amikuze-Oztibarren Anita Lopepe-Xabi Larralde bikotea da buruan buru. Donibane Lohizunen, berriz, Peio Etcheverry-Ainciart eta Leire Larrasa dira lehen hautagaiak. Hiriburuko auzapez Alain Iriart –egungo kontseilari abertzale bakarra Pauen– Errobi Aturri kantonamenduan aurkeztu da, Fabienne Ayensa da bikotekidea.
EAJ lau kantonamendutan aurkeztu da. Jean-Michel Iribarne eta Itxaro Bethart Uztaritze-Errobi barrutian. Francis Gellie eta Nicole Terunad Urdazurin. Donibane Lohizunen Gaxuxa Elhorga eta Jean Pierre Etcheverry. Hendaiakoan, berriz, Jean Tellechea eta Itziar Aizpuru. Jeltzaleen asmo behinena herritarrengana iristea da. Zuekin hemen! dute kanpainako lema.
Alderdi edota mugimendu horien hautagaitzen bi aldeetara Fronte Nazionala (FN) eta Ezkerreko Frontea daude; bi muturretan. Kantonamendu guztietan aurkeztu ez arren, Le Pen markako zerrendek ustekaberen bat eman lezakete. Ezkerreko Fronteak, berriz, Hendaia eta Baiona aldean dauka atxikimendu gehiena.
Hauteskunde hauen berezitasunak berretsi ditzagun: kantonamendu edo hauteskunde-barrutien kopurua gutxitu izana eta hautagaien parekidetasuna. Departamenduetako azken bozak izan litezke hala berean. Ipar Euskal Herriaren kasuan –Pirinio Atlantikoak desagertuko direlakoan–, tokiko zenbait jarduera politiko Paueko Kontseilu Nagusitik Bordeleko Kontseilu Nagusira iragan litezke. Alta, orainokoan ez dira ezagutzen erregioetako eta departamenduetako eskumen politiko berriak. Horiek horrela, kanpaina gorabeheratsua iragarri dute politikariek. Egoera hau ez da ere kezka bakarra alderdi politikoentzat. Hexagonoko hauteskunde nagusietan abstentzioa goiti ari da, eta herritarrengandik hurbilago dauden instituzioetarako bozetan ere abstentzioaren mamua ageri da.
Frantziako instituzio nagusietan ezkerra da nagusi uneon, PS buruan buru: Asanblea Nazionalean, Eliseon (François Hollande presidentea) zein Matignonen (Manuel Valls lehen ministroa). Akitaniako eskualdeko buru Alain Rousset da eta Georges Labazee jokoan dagoen departamendukoa. Pirinio Atlantikoetako presidenteak berak ezkerrak irabaztea zaila ikusten duela adierazi du publikoki.
Ezkerraren politikaren porrotaren ondoren, eskuinaren itzulera sumatzen da. Kontseilu Nagusia eskuinaren esku baino, zentro-eskuinaren esku egon da, departamenduko buru ohi François Bayrou ikur nagusia izaki. Zentro-eskuinaren aliantzak Kontseilu Nagusiaren gidaritza berreskuratzea errazten du. Halaber, FNren emaitzek argituko dute eskuindar bozemaileen joera, baita ezker muturreko emaitzen joera agertuko ere.
EH Bai eta EAJ itxaropentsu agertu dira aurre-kanpainan. EAJ bere izenean aurkeztu da, eta horrek emango du bere ahalmenaren benetako neurria. EH Baik, bestalde, Euskal Herriaren garai berrian oinarritu du kanpaina. Alain Iriart hautagaiaren erranetan, EH Baik gora eginen du eskualde guztietan.
Martxoaren 9an abiatu da kanpaina. Aspaldi igurikatzen den politika aldaketaren atarian giro politikoa nahasia da.
Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.
Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.
Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]
Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko– EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]
Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.
Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.
Nafarroa Behereko zati bat, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian %73ko parte-hartzea izan da (Frantziako estatukoa %65,5). Ezkerreko Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz nagusitu da bozen %38,01ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko... [+]
Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.
Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetan nagusitu da Batasun Nazionala, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefekturak emandako datuen arabera. Nagusitasuna ia erabatekoa da Lapurdin.
Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela... [+]
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.
Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]