Greyren 50 itzalak eta feminismo ortodoxoa

Facebooken bidez mezu hau hedatu da: “‘Greyren 50 itzalak gustuko dut...’. Feminista batek ez luke hori sekula esango”. Amorratu ninduen. Posible da feminista izatea eta Greyren 50 itzalak trilogiarekin gozatzea? Nik ez ditut liburuak irakurri, ezta pelikula ikusi ere, baina erantzuna argi daukat: bai borobila. Irakurri dudanaren arabera, rol sexistetan oinarrituta dago istorioa. BDSMa (bondage, lotzeko artea, nagusitasun eta mendekotasun jolasak eta sadomasokismoa) ez da berez sexista, arazoa da jolas erotikoen rolen eta eguneroko bizitzaren arteko jarraitasuna. Anastasia eta Greyren harremana zeharo desorekatuta dago: gizona nagusiagoa da, sexualitatean eskarmentu handikoa, botere ekonomikoduna; neska, ikaslea, birjina, txolina. Hortaz, Greyren paper dominantea ohetik haratago doa.

Feminista izateak berdintasun falta hori identifikatzea bermatzen du eta horrelako harremana eredugarria ez dela pentsatzea. Horregatik da hain garrantzitsua arrakasta duten kultura produktuen analisi feministak hedatzea. Ianire Estébanezek bikain egin zuen bere garaian Stephenie Meyerren Twilight nobela sorta egokitu zuten pelikulekin. Neska gazteek pelikula horiek ez ditzaten ikusi saiatu baino, lagun dezagun euren kritika gaitasuna garatzen. Hala, Twilight edo Greyren 50 itzalak ikusterakoan, ez dira Anastasia eta Bella-rekin identifikatuko; ez dute Grey edo Edward euren printze urdin bihurtuko; ez dute pentsatuko emakume izateagatik mendekotasun rola bete behar dutela eta gizonen fantasiak asetzea ez da izango euren xede erotiko nagusia. Arrakasta duten pelikula, telesail, liburu eta kantak aztertzea berdintasunaren aldeko sentikortzerako ariketa bikaina da, maitasun harreman toxikoei edota indarkeria sinbolikoari buruz hitz egiteko era eraginkorra.

Ez dut elitismo intelektuala gustuko. Jende gehienak best-sellerak eta zabor-telebista erabiltzen ditu garunari deskantsua emateko. Telesail tuntunak ikusten baditut, tuntuna naizela dioen epaia harroputza iruditzen zait. Gran Hermano VIP eta ¿Quién quiere casarse con mi hijo? bezalako saioek audientzia handia daukate, baita Hego Euskal Herrian ere. “Horren ordez dokumentalak ikusi itzazu” esan baino, eraginkorragoa litzateke saio horien kaltea ulertzeko gakoak ematea, eta beste arrakasta ereduak ere hedatzea, gazteen bizi helburua Mujeres, hombres y viceversako “tronista” bilakatzea izan ez dadin.

Bestalde, ortodoxia intelektual horren exijentziaren harira, nik kontraesanak aldarrikatzen ditut. Nire Twitter profilean, Emma Goldmani jarraituz, esaten dut: “Ezin badut perreoan egin, hau ez da nire iraultza”. Zaletasunak anitzak eta konplexuak dira. Egia da: reggaetoia dantzatzea gustuko dut, baita batxata, hip-hopa eta arin-arina ere. Horrek ez nau feminista edo musikazale kaxkarra bihurtzen. Reggaetoiaren erritmoa gustuko dut eta dantzatzeko era lotsagabe horrek euskaldunok gorputzarekin (gurea eta besteena) dugun harremana erlaxatzeko aparta dela uste dut. Feminista naizen neurrian, letra asko iraingarriak direla ohartzen naiz. Irtenbidea? Letra ez sexistak dituzten kantak aukeratu (egon badaude) edo kanta horiei iseka egin.

Eta burbuila ortodoxo batean bizi baino, pentsa dezagun Greyren 50 itzalak filmak zergatik sortu duen horrenbeste ikusmin. Esaterako, aprobetxatu dezagun BDSM feministak edota emakumeek sortutako pornografia ez sexista ezagutzera emateko. Ez dezagun feminismoa aparteko kluba bihurtu; gizartean errotutako mugimendu erakargarri bezala sendotu dezagun.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


2024-09-25 | Aingeru Epaltza
Zenbatek?

"Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Izenburu asaldagarria du Kike Amonarrizek prentsan berrikitan argitaratu duen artikuluak. Euskal Herrian baino lehenago, galdera halakotsua egin dute Katalunian. Joan M. Serraren L’ús parlat del català... [+]


Ekin eta jarrai

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]


Zergatik lotsatu?

Lotsa ahitzen ari ote zaigu? Horixe da egungo hainbat autoreren diagnostikoa. Ez da existitzen, jada, lotsarazi ahal gaituen begiradarik? Bestelakoa zen Jean-Paul Sartrek, 1943an, lotsaren inguruan deskribatutakoa: sarrailaren beste aldean, begia giltzaren zirrikituan itsatsita,... [+]


2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


Salamiren taktikaren arriskuak

Potentzientzat salamiaren taktika erakargarria da. Xerrak apurka-apurka era finean moztean datza. Horrela AEBek NATOren zabalkundearekin, nazioarteko legediaren hausturekin, erregimen aldaketekin eta nazioartean bere base militarren ugalketarekin errusiarren segurtasuna eta... [+]


Teknologia
Zoritxarrak

Domeka euritsu honetan, arduraz bizi dugu munduan dauden gatazka askotarikoak direla ezinegonean bizi diren pertsonen zoria. Urrunetik, badirudi boterera jokatzen duen hainbat agintariren eskuetatik ezin garela askatu. Beti bere burua babestu behar duen susmoarekin bizi da... [+]


2024-09-25 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Klaseko zerrenda

Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea... [+]


Materialismo histerikoa
Ezin dute euskara ikasi

Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer... [+]


Eguneraketa berriak daude