Berlingo Etnologia Museoak euskaldunen altxor bat ezagutarazi du berrikitan. Etxe hartan gordetzen diren Lehen Mundu Gerrako milaka grabazioetako batzuk euskaraz daude. Gerra hartan preso egondako euskaldunen ahotsak entzun daitezke kantuan.
Ez dira euskarazko grabazio zaharrenak, baina Gerra Handiaren erdian harrapatu zituzten ahotsok garai latzaren lekuko paregabe dira.
Gerra Handian (1914-1918) Alemaniako preso esparruetan mundu osoko soldaduak izan zituzten gatibu, parte hartu zuten estatuek euren kolonietako milaka gizonezko eraman zituztelako borrokara. Esparru horiek laborategi modukoak ziren alemaniarrentzat, eta presoekin esperimentatu zuten makina bat arlotan, baita etnologia eta musikologiazko ikerketak egiteko ere.
Informazio horren zati bat ikusentzungai jarri du orain Berlingo Etnologia Museoak, apirilera arte zabalik duen erakusketan: esparruetan ateratako argazkiak, objektuak eta baita garai haietako artxibo soinudunak ere, tartean euskaldunek kantatutako hainbat ale entzun daitezke. Hala, argizarizko xafletan duela ehun urte grabatuta geratu ziren Gernikako Arbola, Adios izar ederra, Lili bat ikusi dut, Ziburutik Sararat, Amodio ohore, Atharratze jauregian eta Lurraren pean sar nindate abestiak entzuteko aukera dago, euskal herritarren ahotik kantatuak.
Kantok ez dira grabaturik ezagutzen ditugun euskarazko zaharrenak. Lehenago, 1900 urtean, Azoulay doktoreak eginak zituen grabazio fonografikoak. Horiek Pariseko Antropologia Museoan aurkitu zituen Inaxio Lopez de Arana itzultzaile gasteiztarrak. Ezagunagoak dira Rudolf Trebischek 1913an Euskal Herrian egindako grabaketak; euskalki guztietako kanta, kontakizun, ipuin eta pasadizoak bildu zituen, tartean Gernikako Arbola kanta ikurraren lehen grabazioa.
Orduan, zer dute bereizgarri Berlingo Etnologia museoko argizarizko xaflek? Testuingurua. Europa goitik behera aldarazi zuen gerra baten erdian, sorterritik urrun zeuden preso euskaldunen ahotsa da berton entzuten dena.
XX. mende hasieran Thomas Edisonen asmakizunak, fonografoak, ibilbidetxoa egina zuen uhinak bibrazio bihurtzen. Gerra Handiaren batera, Wilhelm Doegen eskola irakasle berlindarrak gatibu esparruetako hizkuntzak eta musika grabatzeko burutapena izan zuen, hango aniztasuna ikusita. 1915ean Berlinen Komisio Fonografikoa sortu zuten helburu horrekin eta ikerlariak lanean hasi ziren (ikus 7. orrialdeko koadroa). Hala, 1916ko abendutik 1918ko abendura artean jasotako kantak eta ahotsak 1.651 argizarizko diskotan grabatu zituzten. Kantak eta musika berriz 1.031 argizarizko xafletan. 1920an erakundea desegin egin zuten eta bilduma ere euskarriaren arabera banatu zuten: xaflak eta diskoak.
Gaur egun argizarizko diskoak Lautarchiv Soinuen Artxiboan daude, Humboldt Unibertsitatearen ardurapean. Lehen Mundu Gerraren ostean, Berlinen disko horiei buruzko foiletoak argitaratzen hasi ziren, tartean Karl Bouda filologoak euskarazko ahots eta kantez eginiko transkripzio fonetikoak. Jose Maria Etxeberria etnografoak 2008an publikatu zituen kanta horien zerrenda eta transkribapenak, Euskarazko grabaketak 1913-1917 liburuan. Zehazki ia bi dozena disko dira; Etxeberriaren esanetan Boudak disko gehiagoren berri ere bazuen, baina “seguruenik disko hauek eta Berlingo Fonetika Institutuan gordetzen ziren beste material asko Bigarren Mundu Gerran deuseztaturik geratu ziren”.
Argizarizko xaflen patua beste bat izan zen. Bilduma hori Artxibo Fonografikoan geratu zen hasiera batean, baina Bigarren Mundu Gerran Sobietar Batasunera eraman zuten, Leningradera, 1960an Ekialdeko Berlinera (DDR) eta 1991n Berlineko Etnologia Museora itzuli zuten berriro. Zortzi urte geroago Unescok 30.000 xafla inguru gordetzen duen bilduma hori Munduaren Memoria izendatu zuen. Tartean daude orain arte ezezagunak genituen eta gutxienez euskarazko 75 kanta dakartzaten 34 xafla.
Euskaraz dauden 34 xafletako bakoitzak 2 minutu inguru irauten du. Denbora horretan batzuetan kanta bat, bestetan bi edo hiru kanta motz grabatuta daude. Orokorrean ez dira kanta osoak grabatu, kantaren ahapaldi bat, batzuetan bi. Ahots ederrak eta kantatzen ohitutakoak antzematen dira. Gehienetan bakarka aritzen dira, baina badaude binaka, bertsotan ariko balira bezala, eta kanon moduan kantatzen dituzten kantak. Ez dago gatibuen egoera esplizituki aipatzen duen kanta edo bertsorik. Kanta guztien corpusa bere osotasunean entzunez gero eta jakinda zein egoeratan sortuak diren, bigarren mezu bat antzematen zaie: gatibu daudela adierazi nahi dutela interpretatu daiteke.
Berlingo Etnologia Museoko musikologia atalekoek ikerketa proiektua sortu zuten 2012an. Argizarizko xaflak prestatzen eta digitalizatzen hasi ziren, adituek eta interesatuek musika hori jasotzeko aukera izan dezaten. Urteen poderioz eta leku aldaketen ondoren xafla asko hondatuta zeuden. Xaflak erabiltzen diren aldi bakoitzean ere hondatuz doaz, argizaria oso material biguna delako. Zorionez zenbait burdin gorrizko negatibo eginda zeuden 1991n. Hauetatik berriro xaflak egin dituzte proiektukoek, bertan grabatutako musika digitalizatu ahal izateko. Jadanik xafla guztietako negatiboak eginda dituzte galbanizatze prozedura batez. 2014ko azaroaren 27an proiektuko bi kidek eman zuten hitzaldian garbi azaldu zuten kanta horiek ez dituztela sarean jarriko, interesatuei eta adituei baizik ez dizkietela helaraziko.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) grabaketen kopia bat dauka, Berlingo Etnologia Museoarekin hitzarmena sinatu baitu materiala helburu zientifikoetarako erabiltzeko. Bertako kide Maite Deliartek dioenez, berrikitan material osagarria ere igorri diote Berlindik, grabazioen eta kantarien inguruko informazio zehatzagoarekin, baina horiek oraindik aztertzeke daude. Deliartek EKErentzat idatzitako aurkezpen-txostenean dioenez, gutxienez hiru presoren ahotsak antzeman daitezke eta zuberera eta lapurtera dira erabiltzen dituzten euskalkiak; kanta gehienek izaera herrikoia dute. Salaberri mauletar legegilearen bildumako zenbait kanta daude, baita bertso jarri ezagunak edo Azkuek Cancionero popular vascon jasotakoak ere, Iparragirreren Gernikako Arbola ez da falta esaterako.
Hermann Urtel erromanista Komisio Fonografikoko kideetako bat izan zen. Gerra amaitutakoan, zera idatzi zuen Doegenek argitaratutako Unter fremden Völker (Herri arrotzen artean) liburuan euskal gatibuez: “Frantziarren gatibu esparruetan interesik handiena herri paregabe hark sortu zuen denbora guztian, alegia, azken mendean zientzialarien ardura etengabea izan duen Iberiar jatorrizko herri hondar [restvolk] honek, euskaldunen herriak. (...) Preso-esparruetan zeuden ehunka ordezkari ikusi ondoren ezin da besterik gabe ‘tipo’ uniforme bat antzeman. Txikiak, malguak, katu modukoak eta bizi-biziak zirenak ikusten ziren, aldiz handiak, tenperamentu isileko bizkarzabal figurak ere bai. (...) Frantziako hiru euskalki nagusien ordezkarietara mugatuta ginen, lapurtar, behe nafar eta zuberotar hizkeretara”. Pena adierazten du Urtelek ez dutelako hegoaldeko ‘tiporik’ esparruetan euskaldunen ikerketa oso bat egin ahal izateko.
Komisioak euskal kantak eta kontakizunak ere grabatu zituen: “Guk badugu frantziar euskaldunen kanten eta ipuinen bilduma eder bat –dio Urtelek–, hoberena Salaberrirena da. (...) Berezia da euskaldunen musika. Benetako euskal kanta bati segituan antzematen zaio jatorria; doinu horiek bitarte melodiko motzetan mugitzen dira eta badirudi ez dutela inolako loturarik Europako beste herrialdeetako kantekin, albaniar kantekin ezik”.
Fonografoaren aurrean kantatzeko gatibuak nola aukeratzen zituzten jakitea ez da erraza. Urtelek hizkuntza erromanikoetan mintzatzen ziren gatibuak zituen begiz jota. Gerra Handian ari ziren herri erromaniko gehienak alemaniarren areriotzat zituen, eta soldadu gatibuen esparruetan beraien hizkuntza ondo ezagutzen zuen “material ugari” aurkitzea espero zuen. Adituak zioenez gatibuok pozik hartu zituzten Komisioko kideen egitasmoak, inork ez omen zion grabatzeari uko egin, gehienez lotsa adierazten zuten batzuk grabagailuaren aurrean. Orokorki beraien jatorriagatik edo gaitasunengatik aukeratzen zituzten aurrena, bigarren pauso batean, bai kantariei, bai hizlariei kanta edo istorioaren testua bakoitzaren dialektoan idaztea eskatzen zieten. Paperean paratutako testua berriz, adituek gatibuekin batera lantzen zuten eta segidan transkribapen fonikoa idazten zuten. Paperean idatzitako testu hori zen grabagailuaren aurrean errepikatu behar zutena, kantatuz edo esanez.
Badirudi Urtel zenbait euskal abesti grabatzerakoan bertan egon zela, George Schüneman batera. Bigarren hau izan baitzen Komisioko xafla guztiak grabatu zituena. Schünemann musikologoa zen eta preso esparruetan musika grabaketak egiteko arduradun izendatu zuten. Berak Edison markako fonografo bat erabiltzen zuen grabaketetarako. Fonografo horiek argizarizko xafletan gordetzen zituzten soinuak. Argizarizko xaflatan gordetzeko teknika soilagoa zen eta maneiatzeko errazagoa, diskoen teknika baino. Horregatik Schünemann preso esparruetara joaten zenean itzultzaile baten laguntza baino ez zuen behar izaten.
Baina kanten transkribapenik ia ez dago. Galdu egin ziren ala ez ziren inoiz egin, hori ez dakigu. “Deigarria da zenbat eta zein gutxi sortu zuten gatibuen eremuetan ibili ziren ikerlariek beraien jakintza arlotan”, dio Monique Scheer kultur zientzialariak 2010ean gai horretaz argitaratu zuen artikuluan (Captive Voices: Phonographic Recordings in the German and Austrian Prisoner-of-War Camps of World War I). Musika grabaketa hauetatik Schünemannek bakarrik argitaratu zuen bere “Habilitazioa” –2. doktoradutza– 1923an.
Schünemannek utzi zituen idazkietan adierazten du gatibuak poztu egiten zirela beraien ahotsa entzutean eta batzuetan presoak ere itzultzaile lanetan aritzen zirela eta beste kide batzuei kantatzea proposatzen zietela. Edisonen fonografoak grabaketak egin ondoren orratza aldatu eta entzuteko aukera ematen zuen. Tresna berri haren aurrean beldurra kentzearren grabaketak berehala jartzen zizkieten askotan entzungai presoei. Esparruan behartuta zeuden lanetatik libratzea zekarren zeregin horretan parte hartzeak. Kantatu nahi ez zutenei zigarroak eskaintzen omen zizkieten. Grabaketak gehienetan horretarako prestatutako geletan egiten ziren, soinu-kalitate hoberena lortu ahal izateko. Geletan ikatzezko berogailuak egoten ziren, baita gatibuak behatzen zituzten zaindariak ere.
Soldaduak beraien armadatako batailoietan jatorriaren arabera zeuden sailkatuta gehienetan. Soldadu gatibuak beraien uniformeak gordetzen zituztenean begi-bistakoa zen haien sailkapen militarra. Gizon gatibu horiei militarra eta etnikoa ez ziren beste identitate zeinu guztiak kendu zizkieten. Egun batetik bestera behartuak izan ziren esparruetako egoera “multikulturalean” bizitzen. Soldadu euskaldunak grabaketak egin ziren garaian Rottleberoden (Sachsen-Anhalt) zegoen eremuan zeuden preso. Eremu hartan preso zeuden soldaduek bertako zerrategian egin behar izan zuten lan.
Grabaketetako kantari euskaldunak presondegi batean, edo akaso gehiagotan, urteak egin zituzten soldaduak ziren. Oraindik ez dakigu handik bizirik atera ziren ala ez; gerra amaieran bizirik jarraitu zutenek zer egin zuten ere ez. Gerra Handian parte hartu zuten euskal soldadu guztien ordezkari, aldi berean gerra aurretik bizitza pribatua zuten pertsona libreak ziren.
Galdera asko daude oraindik erantzun gabeak. Aurrerantzean egingo diren ikerketek euskaldunen memoria historikoa lantzeko edo argitzeko prozesuan urratsak emateko balioko dute. Bestalde, grabaketak egiterakoan euskal presoen eta alemaniar adituen arteko botere erlazioa aintzat hartu beharko litzateke, bestela, grabaketa haiek egin ziren egoera egalitarioaren fantasia errepikatzeko arriskua baitago.
Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]
Londres, 1917ko azaroaren 2a. Arthur James Balfour Britainia Handiko kanpo harremanetarako idazkariak gutun bat idatzi zion Lionel Wakter Rothschild juduen komunitateko buruzagiari, hark Federazio Sionistari bidal ziezaion. Balfour adierazpena esan zitzaion idatzi horri, eta... [+]
Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]
Lisboa, 1709ko abuztua. Bartolome de Gusmão apaizak erakustaldi berritzailea egin zuen Indietako Etxean, Joan V.a Portugalgoaren eta bere gortearen aurrean: aire berozko globo baten aireratzea.
Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]
XIX. mendearen amaieran, ukrainera modernoaren arauak ezarri zirenean, haietako batek zioen hiriburuaren izena Київ zela ukraineraz, eta haren forma latinizatua, hau da, mendebaldeko herrialdeek erabili beharreko exonimoa Kyiv zela. Baina munduko txoko gehienetan... [+]
XX. mendeko teoria makroekonomiko garrantzitsuenetakoaren sortzaile izateaz gain, artezale amorratua eta Bloomsburyko kidea ere bazen John Maynard Keynes.
Dublin (Irlanda), 1904. James Joyce (1882-1941) idazlea kontakizun bilduma bat idazten hasi zen, gerora Dubliners (Dublindarrak) izenburua izango zuena. Hiru bat urtetan osatu zuen liburua, baina ez zuen berehala argitaratzea lortu. Seigneur edo jaunaren esku dago oraindik.
Bermeo (Bizkaia), 1918ko azaroa. Gripe espainiarra deitutakoak 23 hildako eragin zituen herrian, hilabete bakarrean. Pandemiaren bigarren olatua zen 1918ko udazkeneko hau.
Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]
Sobietar Batasuna, 1920ko azaroaren 18a. Sobieten Gobernu Zentralak abortua legeztatzeko dekretua onartu zuen, historian lehenengoz. Handik aurrera, librea izateaz gain, doakoa ere izango zen. Urte batzuetan behintzat.
Moskuko Plaza Gorriaren izena nondik datorren pentsatzean bi aukera bururatu ohi zaizkigu...
Krimeako konkista zuzendu zuen militarrak, Ukrainako gobernadore Grigori Potemkinek (1739-1791) Katalina II.a erreginari aurkeztu zizkion herri idilikoak faltsuak omen ziren. Hortik dator “Potemkin herria” esamoldea.