argia.eus
INPRIMATU
EAEn enpresak haserre I+Grako laguntza publikoak direla eta
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko martxoaren 04a

2020rako, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudiekin bateratu du EAEko I+G estrategia. Aurreko asteetan gure ikerketa zentroen urduritasunaren berri eman dugu; orain enpresei dagokie. Bi hitzetan: EAEn ikerketa egiten duten enpresei diru gutxiago eta baldintzak gogortzea ekarri du 2015eko Gaitek deialdiak.

2014an 1.400 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 800ek jasoko dute nolabaiteko finantzazioa, 2015eko otsailean emandako ebazpenaren arabera. Urtea igarota eta, beraz, proiektuak amaitu ondoren ezagutu dugu finantzazioaren zenbatekoa. Ona da diru publikoaren kontrol neurriak ezartzea, baina administrazioak ere liderra izan beharko luke berrikuntzan eta kudeaketan; aurten gerrikoa estutzea eskatu zaie enpresei, eta antza denez administrazioak ez du inolako berrikuntzarik aurreikusi, publikoki bederen. Ondorioz, enpresetan urduritasuna eta haserrea zabaldu dira. Eta hori ez da egokia ikerketarako.