argia.eus
INPRIMATU
Hemengo beste Falcianiak
Juan Mari Arregi 2015eko otsailaren 18a

Egunotan HSBC bankuko 203 herrialdetako 106.000 bezeroen –iruzurgileak eta iheslari fiskalak–; zenbait izen filtratu dituzte hedabideek; 200.000 milioi dolar zituzten euren kontuetan. 9.187 Frantziako Estatuko bezeroak dira, 2.694 Espainiako Estatukoak, eta 169 euskal herritarrak. Hori guztia ezagutu da Hervé Falcianiren lanari esker, informatikaria eta banku suitzarreko langile ohia. Bere burua arriskuan jarriz, bankuan gordetzen ziren datu sekretuenak eskuratu zituen. Enpresari, bankari, narkotrafikatzaile, politikari, aktore eta kirolari aberats askok hortxe dituzte euren diruak. Bada, informatikariak dio 106.000 iruzurgileak izebergaren punta baino ez direla.

Ondo legoke Euskal Herrian ere jakitea zein diren pertsona boteretsu eta aberats horiek, gure diru-kutxa publikoei iskin egiten dieten enpresari, bankari, notario, mediku eta abarren izenak. Horiek iruzur egiten duten bitartean, langileek beren nomina eskasarekin aurre egin behar diete eguneroko zergei. Foru aldudientako arduradunek esana dute hemen ere iruzurra badagoela, Suitzara joan behar izan gabe. Eta badituztela beren zerrendak. Horiek publiko egin beharko lirateke, iruzurgilea delinkuentea baita, osasun publikoari, hezkuntza sistemari eta zerbitzu sozialei eraso egiten diena, langabetuak, pentsionistak eta behartsuak kaltetzen dituena. Jendarte osoaren kontra ari den pertsona da.

Foru aldundiek ez badituzte publiko egiten zerrenda horiek, ez al da egongo euskal Falcianirik horiek lortu eta filtratuko dituena? Egungo araudiak dio hori delitua litzatekeela, baina herritarrentzat –eta eurek dute subiranotasuna– lan eredugarria eta solidarioa litzateke, eta inolaz ere delitua. Delitua behar luke zerrenda horiek ezkutatzea.