argia.eus
INPRIMATU
Astronomiazalearen buruko mina
Jakoba Errekondo 2015eko otsailaren 11
Sulfitoak gehitu ohi zaizkio ardoari, luze iraun dezan. Ardogintzan gehien erabiltzean den sufrea petroliotik eratorria  da.
Sulfitoak gehitu ohi zaizkio ardoari, luze iraun dezan. Ardogintzan gehien erabiltzean den sufrea petroliotik eratorria da. Quinn Dombrowski-CC By SA

Eskinoso batek mila ezkur jaso eta ezkutatu omen ditzake negurako. Bada 5.000 ere pilatu ditzakeela dioenik. Iritzi guztietako zientzialari eta astronomiazaleak daude... Bakoitzak berea dio, baina eskinosoari ez diote bere distira urdina kenduko.

Eskinosoa bezalako balakaririk ez dut ezagutzen. Kantu, buila, zalaparta, pio, txio eta txorrotxio, denetik dario. Haren kantu losintxari guztiek belarriak laztantzen dizkidate, maite-maite. Eta hori egiten dakienak ez du buruko minik.

Zientzialari eta astronomiazaleek, bai, makina bat buruko min izaten dute. Buruko mina buruko minaren ondotik. Izan ere, mila edo 5.000 ezkur diren zehatz jakin behar hori ez da eraman erraza izango. Ohaideari galdetu behar... Eta mundua buruko minaren inguruan deraikitela iruditzen zaie. Koitaduak. Ardozalearen buruko mina...

Sufre dioxidoa (SO2) azukrea alkohol bilakatzeko hartziduran bertan sortzen da. Antioxidantea da, eta mikrobioak haztea eragozten du. Baita suntsitu ere. Hain langile fina izanik, ardoei aparteko sulfito dosiak ematen zaizkie. Horrela, ardogileak badaki bere ardoak luze iraungo duela, buruko minak buruko min. Ardogileak bere buruko mina kentzen du, eta edalontzian edaleari eman. “Sulfitoak dauzka”. Buruko mina beretzat. Astronomiazale izan edo ez, ardoa edan eta buruko mina izatea ez da harritzekoa. Sulfitoaren lanak dira. Azpilanak. Ardogintzan erabiltzen den sufrea petroliotik eratorria baita. Petroliotik ardora, gure erregaira.

Egungo ardo onenak sortzen ari den ardogintza biodinamikoan, astronomiazaleen ilargiari eta planetei aparteko garrantzia ematen dietenak sumendietako sufre naturala erabiltzen hasi dira. Erromatarrek Etnakoa omen zerabilten. Haiek bai jakin buruko mina eta astronomiazalea zer ziren.