"Gertatzen dena kontatzeko gaude, ez protagonistak izateko"

  • “Goizak argitara ematen du gauaren egia. Egunak patu ilunena du hurrengo gaua”.

Karrera bukatuta, Palestinako albiste agentzia batera joan zen lanera Ane Irazabal, eta geroztik freelance kazetari dihardu, batez ere Ekialde Hurbilean.
Karrera bukatuta, Palestinako albiste agentzia batera joan zen lanera, eta geroztik freelance kazetari dihardu, batez ere Ekialde Hurbilean.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zergatik Ekialde Hurbila?

Betitik erakarri naute Israel eta palestinarren arteko gatazkak, islamak, islamismoak, Ekialde Hurbileko mugimendu politiko eta erlijiosoek... Askotariko gutxiengoek izugarri aberasten dute eskualdea. Karrera bukatzean, Palestinako albiste agentzia batekin hasi nintzen lanean, eta bertan bizi ostean, gatazka hori ezin zela modu isolatuan aztertu, ikuspegi osoagoa behar nuela, jabetu nintzen. Horregatik ekin nion freelance gisa beste herrialde batzuetara mugitzeari. Itxaroten geratzen denak ez dauka zereginik. Inork ez dizu hilabeteko soldata eta itzultzaile zein kameralari batekin korrespontsaliarik eskainiko. Are gehiago, berri-emaile figura desagertzen ari da.

Ekialde Hurbila ala Ekialde Hurbileko gatazkak dira albiste?

Gatazkek bakea edo barealdia baino gehiago saltzen dute. Ez dio alferrik Xavier Aldekoa kazetariak gerra-kazetariaren figura zabalduta dagoela, baina ez dagoela bake-kazetaririk. Albisteetan ere merkatu bat dago, denok dakigu zerk saltzen duen eta zerk ez. Badakit medio batzuei toki batzuetatik idazteko proposamena luzatuz gero ez didatela erantzungo, baina azken ordukoa edo gerra bat kubritzera noala jakin bezain pronto gainean izango ditudala. Horregatik da zaila Breaking News-ari uko egitea. Jaten ematen dizun eskuari ezin diozu hozka egin. Oreka bilatzea da gakoa. Breaking Newsean lan asko egin badut, beti hartzen dut beste leku batzuetara erreportajeak idaztera joateko tartea, dirua galduko dudala jakin arren. Guk askotan molotofak, harriak, bonbak, misilak... erakusten ditugu, baina ekaitza baretzean zein da herrialde horien egunerokoa? Niretzat askoz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa izan arren, ez dago hori kontatzeko interesik. Horrek errealitatetik aldentzen gaitu, baina krisiak beharrezkoaren eta garrantzitsuaren arteko bereizketa ekarri duenez...   
Kazetariak sistemaren txotxongilo bihurtu dira?

Toki berera bat-batean 200 kazetari batera iristen garenean, zaila da besterik pentsatzea. Normala da gauez bonbardatu dutena biharamun goizez kontatu nahi izatea, baina batzuetan, eraman egiten gaituztela dirudi. Elkarrekiko eragin handiegia daukagu. Denok gabiltza BBC, Al Jazeera eta kazetari jakin batzuk nora mugituko. Hedabide handien agenda politikoek markatzen dute erritmoa. Nork erabaki zuen aurreko uztaileko albistea Gaza izango zela eta ez Siria? Zibil gehiago hil ziren Sirian Gazan baino. Egia da kazetariak errazago sartzen garela Gazan Sirian baino, baina hor interes bat dago.
Interesak interes, zein da zu bezalako kazetari baten funtzioa?
Lehen gehiago sinesten nuen funtzio pedagogikoan. Orain ez dakit pedagogia egitea dagokigun. Gu gertatzen direnak, ikusi ditugunak, salatzeko gaude. Bertan egon ezin dutenen begiak dira gureak. Nahi nuke amak edo Arrasateko koadrilak nire kroniken bidez gertatzen ari dena ulertzea, ni sumindu naizen bezala sumintzea. Kontzientziak pizteko gaude. Horregatik diot beldurra jendeak kontatzen ari naizena ez ulertzeari. Azken ordukoa kontatu beharraren beharraz, askotan ez daukagu espaziorik hariari jarraipena egin eta guztia testuinguruan kokatzeko. Hori hala, bideo batean, nahiago dut pertsona baten esperientziaren bidez errealitatea islatzen saiatu. Horrekin geratzen da jendea, ez azken orduko hildako kopuruarekin.

Zuria eta beltzaren artean nola, enpatia eta enpatia ezaren artean gabiltza?

Kazetariak ezinbestekoa du enpatia. Gazan, etxera iritsi eta negar asko egindakoa naiz. Dena den, nazioarteko kazetariok, eta Mendebaldeak oro har, injustiziarekin enpatizatzen dugunean ere guri ezin zaigula gertatu sinetsita bizi gara. “Ai gaixoak, onartezina da, baina guri ez zaigu gertatuko!”. Sarraskiak eta bortxa urruneko kontuak iruditzen zaizkigu, betiko salbu dagoen lur batekoak garela. Baina iaz Lampedusan topatu genituen errefuxiatu Siriarrek ere gauza bera aitortzen ziguten: “Palestinan gertatzen zirenak guri ezin zitzaizkigula gertatu uste genuen, Damaskon salbu ginela, ondo bizi ginela”. Lau seme-alabarekin, ezer gabe, patera batean iritsi berriak ziren. Horregatik diot benetako enpatia parekoaren larruan sartuz lortzen dela, eta horretarako zuri ere gerta dakizukeela sinetsi behar duzula. Hori lortzean jartzen zaizu oilo-ipurdia.

Gatazken zuria eta beltza agertzen dira beti. Non dago grisa?

Askotan ez gara istorio bila joaten, hau edo hura esango digutenen bila baizik. Aurrez daramazun istorioa kontatzea da errazena. Nik sinesten dudan kazetaritza, ordea, buru-begiak zabaldu eta jendeak kontatu nahi dizunaren berri ematea da. Gure aurreiritzien mailako sinplifikazioetara jausten garenean arriskutsu bihurtzen gara. Jendeak ulertzeko moduko istorio sinpleak nahi baditugu, zer da samurrena? Bi bando erakustea. Baina bertako errealitateak askoz konplexuagoak dira, Palestinan denak ez dira Hamas edo Fatah-koak. Era berean, zer gertatzen da Mahmoud Abbasekin? Nazioartean lider berezi baten dirdira du, baina Palestinan inork ez du bere diskurtsoa sinesten. Gauza bera Hamas eta Fatahren arteko adiskidetasun itunekin. Guk, Mendebaldetik, “poza Gazako kaleetan” izendatzen dugu, baina jendearekin hizketan hasi eta inork ez du sinesten. Errealitatea oso urrun dago agentzietatik iristen diren berri eta irudietatik.

Zergatik tematzen gara Ekialdea Mendebaldeko betaurrekoetatik begiratzen?

Ekialde Hurbila ulertzeko beraiekin bizi behar zara, euren egunerokoa ezagutu, haien kode sozial eta kulturalen jabe izan, eta batez ere, aurreiritziak albo batera utzi eta hutsetik ikasteko prest egon. Oso zaila da, ordea, gure filtroak alde batera uztea. Niri izugarri lagundu dit bertako kazetariekin lan egiteak. Gertatzen ari dena bizi dute, egoeraren eta jendartearen ezagutza zorrotza daukate, uneoro dakite nola jokatu eta nola ibili... Esaterako, kazetari  batentzat ezinbestekoa da jendearengana nola zuzendu jakitea. Bertara heldu eta gutxira, gizon oso islamista bat elkarrizketatzea egokitu zitzaidan, eta eskua luzatu nionean, atzera egin eta ukatu egin zidan. Zorionez, ez zuen gaizki hartu, baina nire akatsa izan zen: holako pertsona bati ezin diodala bostekorik eman jakin behar nuen. Zentzu horretan, gehiago kostatzen zait gizonezkoengana hurbiltzea. Emakumeekin errazagoa da dena. Ekialde Hurbileko emakumeak oso indartsuak iruditzen zaizkit, duintasunaren paradigma dira. Haiek dira benetan familia gidatzen dutenak. Jendartean daukaten rola guk uste duguna baino askoz aktiboagoa da. Hemen feministatzat ditugun emakume asko baino feministagoak iruditzen zaizkit. Etxetik ateratzea, metroa hartzea, erosketak egitea, lanera joatea... duintasun handiz daramaten eguneroko borroka bat da.

Eguneroko borroketan, zer dira kazetariak, traba ala erabili beharreko arma?

Batzuentzat traba eta beste batzuentzat probestu beharreko arma. Palestinan, eta Ekialde Hurbileko herrialde gehienetan oro har, jendeak bere etxeko ateak irekitzen dizkizu, aho-bizarrik gabe kontatzen dizute euren errealitatea. Palestinarrek badakite nazioarteko kazetariak baliatu behar dituztela, oso errotuta dauden Israelen agenda eta diskurtsoari aurre egiteko. Askotan etsita topatzen ditugu, kontatzeak ezertarako ez duela balio sinetsita, baina ezin gara kea saltzen hasi. Guk ezin dugu ezer aldatu, ez gatoz inori laguntzera, errealitatea kontatzera baizik. Bestalde, leku batzuetan, kazetari lana oso kontrolatuta dago. Azken aldiz Gazan izan nintzenean, bai Israelek eta bai Hamasek kontrolatzen gintuzten. Hala ere, Ekialde Hurbilean, traba burokratikoak traba politikoak baino handiagoak dira. Esaterako, Egipton, estatu kolpearen ostean, kazetariontzat asko gaiztotu da egoera. Ezin duzu ia kamerarik kalera atera, koaderno batean apunteak hartzen ikusiz gero geratu egiten zaituzte, prentsa-txartela lortzeko burokraziak sei hilabete iraun dezake, eta prentsa-txartelik gabe harrapatuz gero arazoak izan ditzakezu. Herrialdearen eta momentuaren arabera asko aldatzen dira kontuak, eta aldiro joko-arauak zeintzuk diren jakitea komeni da.

Egiptoz ari gareno, zer geratu da udaberri arabiar hartatik?

Ezer ez. Are gehiago, ez genioke udaberri arabiarra deitu behar. Negu gorrian sartuta gaude, erregimen militarren itzulera eta gerra zibilen leherketak dira nagusi. Agian, Tunisia da salbatzen den irlatxoa, baina han ere bueltan dira Ben Aliren azeri zaharrak. Oso naifak izan gara. Akats handia izan zen herritarren esku soilik zegoen iraultza bat zela pentsatzea. Ez zegoela bestelako interesik sinetsi genuen, herritarren botereak sistema guztia eraistea lortuko zuela. Begira orain... Antzeko zerbait gertatzen da sare sozialek iraultzan jokatu zuten paperarekin. Egia da tresna garrantzitsua izan zirela, baina bertan zebiltzan ekintzaileak kanpoan ibilitakoak ziren, ingelesa zekitenak, mendebaldartuak. Ez zuten jendartea ehuneko ehunean ordezkatzen. Egipton denek ez daukate internetik.  

Konponduko da inoiz Israel eta Palestinaren arteko gatazka?

Oso eszeptikoa naiz. Eugenio García Gascón kazetariak dio Israel zeharo isolatuta bi minututan konpondu litekeen gatazka dela. Baina ba al dago horretarako borondaterik? Gaur egun, israeldarrak mahaian esertzen direnean badakite ez dutela ezer galtzeko, ez dela auziaren mamia aipatuko, eta ondorioz, ez zaie ezer axola. Konbentzituta nago egoerak urtetik urtera okerrera egiten duela. Horrek zer bukaera izan dezakeen? Entzuten denaren arabera, Gaza Egiptoren esku geratu liteke, Zisjordaniaren konkistak ez luke etenik izango, Zisjordaniako palestinarrak A eremuetan utziko lituzkete, eta gainerako guztia Israelen esku geratuko litzateke. Horrela, presio demografikoak palestinarrak Jordania eta beste herrialde batzuetara mugitzera behartuko lituzke. Hori da Israelen azken helburua eta denbora ere alde du, ez dauka inolako presarik.
Gerrak daudeno, iraungo dute gerra kazetarien mitoek?
Lanean nabilenetik gerra kazetarien lana desmitifikatu dut. Egia da gerra batera bazoaz kontuz ibili behar duzula, baina ez zait bidezkoa iruditzen kazetari batzuei ematen zaien heroi tratamendua. Hemen inor ez da suizida, denok hartzen ditugu gure neurriak. Guk ere gure figura desmitifikatu behar dugu eta gure lana egitera goazela esan. Gertatzen dena kontatzeko gaude, ez protagonistak izateko. Kontaktu sare ona baduzu, uste baino errazagoa da dena. Horregatik da garrantzitsua gerren zurrunbilotik atera eta lekuetara itzultzea. Ez duzu zertan beti sua dagoen unean sua dagoen lekura joan. Inbertsio bat izan daiteke aktualitatearen fokupetik at dagoena bisitatzea. Kontaktu sareak landu behar dira, jendearekin egon, zure begiz egoerari pultsua hartu... Ez dakizu sekula noiz eta nola itzuliko zaren, eta errealitatearen irudi gaurkotua eduki ezean zure analisi guztiak okerrak izan daitezke. Hori, esaterako, mitotik urrun dago, baina gure lanbidean oinarri-oinarrizkoa da.    

Mitoa da nazioarteko freelance kazetari batentzat agenda antolatu ahal izatea?

Nik ez daukat agendarik. Asko jota, hemendik hamabost egunerako planak egin ditzaket. Astero erreportaje pare bat ateratzen saiatzen naiz, eta azken orduko albiste potoloago bat jarraitzera banoa minimo batzuk antolatuta abiatzea gustatzen zait. Horrek askatasun itzela ematen dit, nik egindako lanaz bizi ahal izatea pribilegiotzat dudalako, nora joan erabaki dezakedalako, baina bestalde, loturak hor daude. Ederra da astebeterako benetan gustatzen zaizun leku batera joan ahal izatea, edo bi aste hartzea arabierazko ikastaro intentsibo bat egiteko, baina hain da boladakako lan ezegonkorra gurea, zaila dela uneoro oreka emozionalari eustea. Hala ere, gustatuko litzaidake urte batzuetan horrela jarraitzea, badakidalako geroan ez naizela oraingo bizimodura itzuliko. Badakit pertsona moduan, emakume moduan eta kazetari moduan nire lehentasunak aldatzen joango direla. Badakit ez dudala bizitza osoan horrela ibili nahi, baina momentuz pozik nago.

Nortasun agiria

Arrasaten sortua, 1984an. Historia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikus-entzunezko komunikazioa Mondragon Unibertsitatean. Karrera bukatuta, Palestinako albiste agentzia batera joan zen lanera, eta geroztik freelance kazetari dihardu, batez ere Ekialde Hurbilean. Besteak beste, Argia, Berria, EITB edo Telesur-entzat egiten du lan.

Denbora

Parisko atentatuak, Greziako hauteskundeak, Kuba eta AEBen arteko harremanen berrartzea... Gertatzen den unean, albiste oro da hil ala biziko. Denborarekin, alta, giltzurruneko harriak nola, desagertu arte txikitzen da notizia. Teloiaren gibeleko esku beltzak ez bada, ez du ezerk irauten. Elkarrizketa egin dugun egunetik argitaratu denera auskalo zer ez den gertatu. Nola egiten zaio denborari kontra kazetaritza ordulariaren aurka ari denean?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-07-17 | David Bou
Agur esaten ikastea

Zerbaiti edo norbaiti agur esatea abandonuarekin, amaierarekin eta, azken batean, dolu-prozesuarekin lotutako ekintza izan ohi da. Seguru noizbait esango zenutela –edo norbaiti entzungo zeniotela– “ez zaizkit agurrak gustatzen” esaldi tipiko eta topikoa... [+]


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-08 | Sustatu
Nola informatzen dira euskal gazteak? Sare sozialekin nagusiki, eta telebistan gero

Ikusiker Ikusentzunezkoen Behategiaren txosten berrienak euskal gazteek informazioaren / albisteen kontsumoan duten interesa aztertu dute. Emaitzak interesgarriak dira; laburbilduta, informazioaren interesa egon badago, eta informazio-iturri fisa, sare sozialak dira gehienen... [+]


Israelek kazetari palestinarrak hiltzeko patroi bat jarraitzen duela erakutsi dute

Kazetarien Babeserako Batzordeak adierazi du 103 kazetari hil dituztela sionistek urriaren 7tik eta 150etik gora zenbatu ditu Gazako Osasun ministerioak. Txosten batek ohartarazi du kasu batzuetan nahita hil zituztela, kazetariak zirela jakinda.


Aske geratu da Julian Assange, AEBekin akordiora iritsita

Erruduntzat joko du bere burua Euskal Herrian gauerdia denean egingo den epaiketan. Erresuma Batuan espetxean egon den denborako –bost urte eta bi hilabete– espetxe zigorra ezarriko diote. Horrela, aske geratuko da.


Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


2024-06-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Benetako espioia ote da ba Ewan Gerxkovitx kazetari estatubatuarra?

Errusiako epaileek leporatzen diote, besteak beste, Armata errusiar tanke modernoenaren ekoizlea den Uralvagonzavod enpresako dokumentu klasifikatuak gainean zeramatzala harrapatu zutela. 20 urteko zigorra jaso dezake. Baina benetako espioia ote zen? Zoritxarrez, ezetz esango... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


Euskalerria Irratiaren izenean kontu faltsu bat sortu dute instagramen, iruzurra egiteko

Sare sozial horretako hainbat erabiltzaileri zozketa bat irabazi dutela dioen mezua bidali diete kontu faltsutik, euskara txukunean idatzita. Mezua jasoz gero, ez klikatu esteka eta ez eman datu korronteari buruzko daturik, iruzur bat da eta. Euskalerria Irratiak kontu hori... [+]


2024-06-06 | Aiaraldea
Atxikimendu kanpaina abian, Amurrioko Udalak dirulaguntza itzuli diezaion Aiaraldea Komunikabideari

Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. 


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude