argia.eus
INPRIMATU
Aita
Imanol Lazkano 0000ko ren 00a

Ama gaitzat hartuta, ama eta haurrak duten elkarren arteko lotura eta amaren gozoa aipatuz, Argiarako egin nituen bertsoen ondoren, zenbaitek, neure alaba tarteko, bota zidaten:

-     Eta aita, zer? Beti bezala libre.

    Hara hemen horren erantzuna hiru bertsotan:

Emakumeen bularrak eta
gizonezkoen paparra,
bereizte hutsa omen da berez
pekatu astun samarra.
Barka mesedez pasatu badut
berdintasunaren marra,
amari nion miresmena da
nire arrazoi bakarra.

Aita baldar bat izana naiz neu
karga ezin dut arindu;
nahiago nuen amak beraren
antzeko egin banindu,
baina txintxoen izanda ere
eta gogoz ahalegindu,
amarengan den goxotasuna
ezingo nuen berdindu.

Ta orain kezka, nire jarduna
nahiko matxista ote zan,
batzuek behintzat ez dira egon
erantzuteko perezan.
Utzi natura bere gisara
nahi duena esan dezan,
ta entzun tentuz, naturak ez du
sekula gezurrik esan.