argia.eus
INPRIMATU
Metal super-hidrofugoa laster merkatuan?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko otsailaren 05

Ura aldaratzen duen edozein materiali hidrofugo esaten zaio. Naturan badaude joera hidrofugoko landareak, baina gutxi dira. Halaber, industrian, eraikuntzan... erabiltzen ditugun material gehienak, guztiak ez esatearren, ez dira hidrofugoak. Material horiekin egindako makinek eta egiturek pixkanaka euren propietateak galtzen dituzte, eta aldiro berritu behar izaten dira.

Rochesterreko Unibertsitatean (AEB) Chunlei Guok zuzendutako lantaldeak, naturan aurkitu daitezkeen landare hidrofugoak behatuz, haien ezaugarriak metaletara iragatea lortu du. Landare hidrofugoen propietate nagusia zimurtasun nanometrikoko gainazala izatea da; ezaugarri hori metal xafla txiki bati iragatea erdietsi dute. Nola? Femtosegundo-laser baten bidez metal xaflara izpiak bidaliz. Laser mota horretan, izpiaren iraupena femtosegundo batekoa da; femtosegundoaren eta segundoaren arteko erlazioa segundoaren eta 32 milioi urteren artekoaren berdina da.

Sistema horren bidez lortutako gainazal hidrofugoak abantaila handi bat du: orain arte lortutako material hidrofugoak urarekiko 70 graduko inklinazioa behar zuten beren ezaugarriak mantentzeko, eta oraingo honek bost gradukoa baino ez.