argia.eus
INPRIMATU
Erloju atomikoak dio: hiru minutura gaude kataklismotik
  • 2015ean handitu egin dira mundua hondamendira iristeko aukerak: klimaren aldaketa geldiezina, arma nuklearren modernizazioa, arsenal atomikoen sakabanatzea...  Agintariei eta herritarrei ohartarazteko, Atomic Scientist zientzialari taldeak bi minutuz aurreratu du Doomsday Clock famatua: hiru minutu geratzen zaizkigu ernatzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko otsailaren 05
Cilff Owenek egin eta The Columbianek hedatutako argazkian, Bulletin of the Atomic Scientistseko Sivan Kartha eta Richard Somerville prentsaren aurrean, “Azken Juizioaren Ordularia” bi minutuz aurreratzen, hondamendi totala irudikatzen duen gau erdirako b
Cilff Owenek egin eta The Columbianek hedatutako argazkian, Bulletin of the Atomic Scientistseko Sivan Kartha eta Richard Somerville prentsaren aurrean, “Azken Juizioaren Ordularia” bi minutuz aurreratzen, hondamendi totala irudikatzen duen gau erdirako bost minutu ez baina hiru baizik geratzen ez zaizkigula azaltzeko. Zientzialariek munduko lider eta herritar guztiei zabaltzeko aurkezturiko agiriak dio, besteren artean: “Gaur, Gerra Hotza bukatu eta 25 urtera, elkarte honetako kideok zehaztasunez aztertu dugu munduaren egoera eta ohartu gara gizadia arrisku handian dagoela. Doomsday Clock delakoaren orratzak gauerdi hiru minutu gutxira aurreratu ditugu, hondamenditik 2014an baino bi minutuz gertuago gaudelako. Uneotan benetan handia da katastrofe mundiala gertatzeko probabilitatea eta hondamendi arriskua gutxitzeko behar diren ekintzak oso azkar hartu behar dira”.

Azken Juizioaren ordularia da,  “Doomsday Clock”, eta gizakiok munduaren akaberarako bidean barnatzen ala hartatik urruntzen ari garen azaltzeko asmatu zuten AEBetan gai nuklearretan adituak diren zientzialari nagusiek. Urtarrilaren 22an alarma zabaldu dute, ordularia gauerdiko hamabiak bost gutxitik hiru gutxira aurreratuz: historian oso gutxitan bezain hurbil omen gaude azken debacle handitik.

Argiako orriotan bertan Azken juiziorako bost minutu falta, diote zientzialari atomikoek titulatu genuen 2009ko ekainean, etaZazpi minutu falta dira’, dio erloju atomikoak 2003ko ekainean. Hamabi urte geroago, planetak gaur ezagutzen dugun itxuran biziraun dezan zientzialariek arriskuak nola handitzen ikusi dituzten seinale.

Paradoxikoki, munduko lehen bonba atomikoa asmatzen jardundako zientzialariek, AEBetako Gobernuaren  Manhattan Project famatuan aritutakoek, sortu zuten 1945ean Bulletin of the Atomic Scientists, zientzialari atomikoen agerkaria. Bi urte beranduago aurkeztu zioten publiko zabalari “Doomsday Clock”, Azken Juizioaren Ordularia.

18 aldiz aldatu dizkiote orratzak. Hondamendia hurbilen 1953an ikusi zuten, Gerra Hotzaren beroenean. Aldiz, unerik lasaiena zientzialariontzako 1991n gertatu zen, Berlingo harresia erori eta Sobiet Batasuna hondoratu zenean. Ziurrenik une hartako pozean ez ziren ohartu munduaren aldaketa geopolitiko sakon hark bere baitan zeramatzala ondorengo garaietako liskarren haziak. Oraingoenak.

1947tik erlojuak irudikatu ditu gauerdirako falta diren minutuak, hau da, katastrofe nuklearrera iritsi artekoak. Zientzialariok jabetuak ziren AEBek lehen bonba zapartarazi ostean bere eta Sobiet Batasunaren artean hasitako lehiak une batetik bestera ekarri zezakeela gizakia suntsitzerainoko gerra totala.

Geroztik Atomic Scientists elkarteak lan eskerga egin du arma nuklearren kontrolaren alde, baina gero eta gehiago joan da muturra sartzen denborarekin Lurreko jendeentzako agertu diren arrisku berrietan. Klimaren mehatxuez gain, teknologia berriek berekin ekarri dituzten arrisku orain arte ezezagunak ere aztertzen dituzte.

Buletinaren ekipoko zientzialariek –tartean 17 nobel saridun direla– erabakitzen dute gizadiaren  eguna betirako amatatzeko gehiago ala gutxiago falta den. Zergatik deliberatu dute minutuen orratza bost gutxitik hiru gutxira hurbiltzea?

Kazetarien aurrean ordulariaren orratzak mugitzeko ekitaldian honela azaldu du urtarrilaren 22an buletineko zuzendari exekutibo  Kennette Benedictek: “Gaur gizadiaren bizirautea bera mehatxupean jartzen dute erremediorik jartzen ez zaion klimaren aldaketak eta arma nuklearren lehiak, berekin dakarren arsenal izugarri handien modernizatzearekin. Eta munduko liderrek horietan huts egiteak arriskuan jartzen ditu Lurreko jendeak oro”.

Buruzagiei eta herritarrei hoska

Klimaren aldaketak sortu duen arrisku itzelaz, berriz, Sivan Kartha zientzialariak esan du agintariek ez dutela urrats funtsezkorik eman,  ez dutela eten beroketa eragiten duten kutsakorren alorrean eduki duten jokabide koldarra, iniziatiba ez dutela hartzen, urteotan sortutako espektatibak ez direla bete.

“Orain ezin gara harritu, beraz, emaitzez. Munduak isurtzen dituen negutegi eraginezko gasak gaur %50 gehiago dira 1990ean zirena baino. Usuriak 2000tik gaurdaino handitu dira aurreko hiru hamarkadak batuta baino gehiago. Erregai fosilak eskuratzeko azpiegituretan jarraitu dugu urtean bilioi bat dolar baino gehiago inbertitzen, eta horiei gehitu behar zaizkie erregai fosilei emandako ehunka mila milioitako diru-laguntza publikoak. Jokabide hau aldatu dezakegu eta aldatu beharra daukagu azpikoz gain”.

Atomic Scientists elkarteko Sharon Squassonik, armen ugaritzea gelditzeko programetan aspaldiko aditua bera, aitortu du Gerra Hotzaren amaieraz geroztik halako baikortasun bat egon dela jendeen artean, arma atomikoak dauzkaten estatuak gai izango zirelakoan lehia nuklearra kontrolpean edukitzeko eta pixkanaka lortuko zutela urruntzez suntsiketa atomikoaren leizearen bazterretik.

Baina baikortasun hau haizeak eraman du, funtsean bi alorrotan: arma nuklearren modernizatzea    sustatu dute potentzia handiek eta lehendik zeuzkaten armak desegiteko programak ahultzen utzi dituzte, programok ia geldiarazteraino.

Squassonik salatu duenez, “nahiz eta AEBek eta Errusiak gaur ez dauzkaten dozenaka milaka arma atomiko Gerra Hotzaren garaian zeuzkaten moduan, horiek gutxitzeko ahalegina izugarri mantsotu da azken urteotan, Krimeako krisia baino askoz lehenagotik. 2009tik 2013a bitartean Obamaren administrazioak ez du arsenaletik erretiratu 309 buru nuklear baizik”.

Arrisku larri gehiago ere izendatu dituzte “Doomsday Clock”en minutu-orratza aurreratzerakoan. Bata, argindarra sortzen duten zentral nuklearren erregaiak metatzeko eta segurtatzeko sistema egokirik ez edukitzea. Bestea, hondakinok arma atomikotarako erabiltzeko gaitasuna munduan zehar barreiatu izana, potentzia nuklear klasiko handien aldean estatu eta talde askoz gehiagoren eskueran jarriz arsenal nuklearrak.

Hirugarrenik, teknologia berriek sortutako arriskuak ere aipatu dituzte. Berrikitan Ebola birusaren erasoari aurre egiteko estatuak zein ahul jokatu duten ikusirik, zientzialariak oso kezkatuta daude biologia sintetikoaren alorrean eta zer esanik ez bioterrorismoan sortu diren arrisku itzelez.        

“Doomsday Clock”en orratzak aldatuz, larrialdiaz ohartarazteko deiadar dramatikoa egin dute: “Zientziak garbi azaldu du: negutegi eraginezko gasak ez badira mozten munduan, katastrofe klimatikoa gerta daiteke. Arma atomikoei dagokienez, batzuek arma atomiko ‘mugatuak’ deitzen dituztenek ere eragin ditzakete jendeen galera masiboak eta mundu osoko ingurumenarentzako kalte larriak. Arren erregutzen diegu [we implore] munduko lider politikoei elkarrekin egin dezatela lan, azkar erreakzionatu dezatela zorrotz gutxitzeko beroa atxikitzen duten gasen isurketa globala, bereziki karbono dioxidoarena, eta murriztu ditzatela arma atomikoen arsenalak”.

Jende arruntentzako ere badaukate deia zientzialariok: “Munduko herritarrei ere egiten diegu erregu beren buruzagiei bultza diezaieten ekitera. Mehatxua hurbiltzen ari zaio gizadi osoari. Gizadiak orain erantzun beharra dauka, oraindik astia geratzen den bitartean”.