Bateko eta besteko kritikek itotako amak

  • Enplegua utzi eta etxean geratu delako; umea haurtzaindegira eraman eta soldata irabazten jarraitu duelako. Bi urte arte bularra ematea erabaki duelako;  farmazian erositako esnea biberoian ematen diolako. Ohean jaioberriarekin  lo egiten duelako; haurrak alboko gelako sehaskan gaua bakarrik pasatzen duelako. Errudun sentitzen diren amen belaunaldia da hau.

Dani Blanco

Irati Fernández Pujanak Feminismo y maternidad: ¿una relación incómoda? ikerketa egin du. Bandoen arteko gerra dagoen galdetu diogu: “Bandoez aritzea, modu kategorikoan hitz egitea iruditzen zait. Badago era bateko amatasuna kontatzen digun ideologia hegemonikoa (amatasun tradizionala), eta horren aurrean badaude esperientzia alternatiboak, batik bat mugimendu feministak bultzatzen dituenak. Ez dut uste norbaitek esango duenik ‘nik ama onaren idealari heltzen diot’ eta beste batek pentsatuko duenik ‘nik ez diot lehentasunik emango umearen hazkuntzari’. Ez nuke muturreko ideologiez hitz egingo”. Amatasun eredu bat edo beste jarraitzen saiatu, gizarteak ama denak egurtzen dituela esan diogu, eta baietz, modu kategorikoan horixe esan daitekeela azpimarratu digu, amak beti direla epaituak.

Feministak ere ideologia naturalizatzaileari segika

Kezkatuta daude Mari Luz Esteban antropologoa eta Irati Fernández. Ama onaren ideala indarra hartzen ari da; amatasun naturalizatzaileak edo esentzialistak ireki du horretarako atea. Azken bi mendeetan eraikiz joan da ama onaren ideala, eta hogei urteotan Euskal Herrian sendotzen ari den eredua horretan oinarrituta dago. Hainbat ama feministak ere barneratu du. Mari Luz Estebanen ustez, ideologia kontserbadore hori oso naturalizatzailea da, eta sozialki dauden desberdintasunak, zaintza lanen banaketa adibidez, naturaltzat hartzen ditu. Kode horri jarraituz gero, emakumeak eta gizonak gerturatu ordez, gero eta diferenteago egingo ditu. Irati Fernándezek ikerketa egiteko hainbat feminista amarekin hitz egin du eta badaki “feminista aurrerakoiak ere umeen hazkuntza naturalaren atzaparretan erori direla”. Haren iritziz, hazkuntza naturala ona ala txarra den eztabaidatzetik harago jo behar da, alegia, ea praktika horiek amarentzako zapaltzaileak diren ala ez.

Ama ona

Ideologia hegemonikoak saltzen digun ama ona, dena emateko prest dago eta ez du eskatuko eta ez du ezer etorriko zaionik esperoko. Ama ama da, eta beti egongo da hor, hil arte.  Hainbat eskakizun sozial ditu kode horrek, besteak beste, umea hazteak erabateko lehentasuna du eta emakume izate hutsagatik amatasunaz gizonek baino gehiago dakizu. Zehatzago esanda, eta gaur egun indarra hartu duen eredu naturalizatzaileari begira jarrita, ama onak haurdunaldi eta erditze naturalak eduki behar ditu, ama-umea azala azalari egotea oso garrantzitsua da, eta bularra ematea hobesten da, besteak beste.

Gauza bat da diskurtsoa eta bestea praktika

Feminismoak asko kritikatu du amatasuna. Adrienne Rich poeta eta saiakeragilearen ustez, bereizketa egin behar da amatasun instituzionalaren eta praktiken artean. Amatasun eredu tradizionala instituzio bihurtzen den neurrian, eta patriarkala den heinean, kritikatu eta eraitsi egin behar da. Bestetik ordea, amatasun esperientziak dauzkagu, anitzak, oso. Ez da gauza bera Europa Mendebaldeko amez aritzea, edo Afrikakoez. Ez da berdin klase sozial batekoa edo bestekoa. Antzeko zerbait dio Estebanek Hik Hasi aldizkarian: “Kontuan izan behar dugu amatasuna oso esperientzia anitza dela, eta guk homogeneizatzeko joera dugula. Diskurtsoak, ideologiak zein diren begiratu behar da, baina klase sozialaren arabera, adinaren, ideologia feminista ala ez feministaren arabera, formazioaren arabera... praktika desberdinak egongo dira”.

Ideologiak eta praktikak ez dira gauza bera, baina ideologiek amen egunerokoan eragiten dute, eredu bati edo besteari jarraitu erabakitzerakoan eragiten dute, eta gizarteak pisua duten pentsaera horien arabera gogor kritikatzen ditu amak. Eta ama denak epaitzen ditu jendarteak, atxikimenduzko hazierari heldu eta umearekin lo egiten duelako, edozein ordu eta tokitan txikiari bularra ematen diolako. Eta kode hegemonikoari aurre eginez bide alternatiboak bilatu dituen amari ere bai, ostiraletan lagunekin afaltzera doalako umea aitaren besoetan utzita eta lau hilabetez geroztik haurtzaindegira eraman duelako. Epaiek “errudunak” fabrikatzen dituzte. Gaur egun, errudun sentsazioa daukan ama saldoa daukagu.

Irati Fernándezek kontatu digu azaldu berri dugun Adrienne Richen gogoeta eta Fernándezek berak egin du ondoko hausnarketa: “Teoria feministak tradizionalki amatasuna kritikatu du emakumearentzako zapaltzailea den neurrian, baina agian, hutsune moduko bat egon da, amatasuna beste modu batean eraikitzeko hausnarketak bideratzeko. Ikerketan parte hartu duten feministek gogoeta gabezia mahai gainean jarri dute. Argi dago ikuspegi tradizionala kritikatu behar dela, baina alternatibez hitz egin al dugu?”.

Estu-estu hartutako amak

Aitak ez dira errudun sentitzen, hala dio Estebanek: “Ama bati, oraindik ere, aita bati eskatzen ez zaiona eskatzen zaio. Ikaragarrizko exijentziak ditugu amekiko. Erruduntasuna oso zabaldua dago emakumeengan, baina gizonengan ez. Gizartean presio handia dago amen gain. Ez da bakarrik hedabideetako presioa, edo diskurtso mediku-zientifikoarena... Ingurukoen presioa handia da. Ama bati edozeinek ematen dizkio aholkuak”.

Ama feministak ere errudun sentitzen dira. Nortasun feministaren eta ama izatearen artean barne tentsioak sortzen dira. Fernándezek feministekin egindako ikerketan gatazka horiek agerikoak dira. Bikote heterosexualak aztertu ditu, eta gizonaren eta emakumearen artean eraiki duten berdintasunezko hitzarmena kolokan nola jartzen den ikusi ahal izan du, batzuetan hitzarmena hausteraino. Ez baita gauza bera berdintasunean bizitzea haurrik tartean ez denean, edo amatasuna eta aitatasuna tartean sartzen direnean. Genero sistema indartu egiten da amatasunetik aurrera eta desorekak agertzen dira zaintza lanetan, etxeko lanetan, denbora eta espazioa betetzeko edo ez betetzeko moduetan. Umearen lehenengo urtean, ikerketan parte hartu zuten amek aitortzen zuten ez zirela ohartzen bikotekidearekin egindako hitzarmen hura kili-kolo zebilela. Umeak bi urte egin eta gero –haurrak bere kabuz moldatzeko gaitasun dezentea lortzen duenean izatea ez da agian kasualitatea–, emakumeok aita eta amen arteko desorekak leuntzeko estrategiak erabiltzen hasten dira. “Haurrak urtebete egindakoan hasten dira pentsatzen, ‘non dago gizon hura, esan zidana honetaz eta hartaz arduratuko zela?’. Onartzen dute tranpan jauzi direla. Betiko feminista militantea izan gura dute, haien printzipioak bere horretan geratuko direla uste dute, eta gero ez da horrela”. Fernándezen iritziz, feminismoak genero sistemaren desberdintasunekiko kontzientzia hartzen laguntzen du, eta behin egoeraz ohartuta, horri aurre egiteko estrategiak abian jarri behar dira.

Irati Fernándezek eta Mari Luz Estebanek argi dute ama onaren ideologia hegemonikoa,  amatasunaren naturalizazioaren bidez, gaurko amak presionatzen ari dela. Atxikimenduzko haziera praktikatzea erabaki duen Nahia Alkortak berriz (ikus ondoko koadroan), halako erabakia hartu duten amek pairatzen duten zama kontatzen du. Bere ustez, ama izatearen inguruan bi bando sortu dira eta elkarri mokoka dabiltza. Bi bandoak dira galtzaile.

Nahia Alkorta: "Lanean ari naiz, ume bat hazten ari naiz eta proiektu potente bat dut esku artean. Ez daukat bizitzarik?"

Bi urte eta erdiko semea du Nahia Alkortak. Donostiatik Tolosaldeko Irurara joan ziren bizitzera bikotekidea eta biak, haurra hazteko herri txikia hobe dela uste dutelako. Hirurak bizi ahal izateko bikotekidearen lanpostua mantentzea beharrezkoa izango zela erabaki zuten. Horixe dago eguneroko antolaketaren erdigunean eta horren arabera moldatzen da familia. Hiru errelebotan egiten du lan bikotekideak, eta Alkorta berriz, batik bat etxetik aritzen da lanean. Ez du ohiko –gero eta ohiz kanpokoagoa– zortzi orduko lana. Antzerki eskolak ematen dizkie haurrei eta Sabeletik Mundura proiektuan dabil buru-belarri. Eskolek bezala, egitasmoak ere, etxetik kanpo lan egitea eskatzen dio tarteka, hitzaldiak emateko esate baterako. Haurra ez dute haurtzaindegira eraman, eta 2 urtetik aurrera eskolara joateko aukera badu ere, etxean dute txikia.

Umearen erritmoak errespetatuz

Atxikimenduzko haziera du gustuko Alkortak –gaiari buruz Umea, kume bloga du argia.eus-en– eta eredu horren arabera hazten saiatzen dira haurra. Oinarri-oinarrian dago haurraren erritmoak errespetatzea; erritmo fisiko eta emozionalak. Poliki-poliki helduen mundura ohitu behar du eta horretan lagundu behar zaio umeari, etengabeko borrokak saihestuz eta alboan egonez. Oinarri horren zati oso garrantzitsua da umearen erreferentziazko pertsona. Pertsona horrekiko harreman sendoa egingo du eta hark lehenengo 2-3 urtetan erakutsitakoa berebizikoa izango da etorkizunean.

Ahal bada 6 urtera arte etxean

“Umeak bizi guztian ez ditu izango 3-4-5 hilabete. Garapen osoan lehenengo hiru urteak garrantzitsuenak direla frogatuta dago. Hiru urte horiek eskain badiezazkiokezu, zergatik ez egin? Gurea ez da EuroDisneyra joango, baina nahiago dut 9 hilabete berarekin pasatzea, astebetez EuroDisneyra joan eta gero urte osoan denborarik ez edukitzea baino”. Haurtzaindegia, haur eskola, umeen beharrak asetzeko baino helduen beharrei erantzuteko direla uste du Alkortak. Ahalegina egingo dute umea 6 urtera arte eskolara ez eramateko, baina ez dakite lortuko duten: “Gu ere bizi gara, biok ari gara lanean, Tetrisa egiten dugu ordutegiekin, guraso guztiek bezala. Agian beste mota bateko eskolaren batera eramango dugu astean bitan, eta hori ere gurasook denbora behar dugulako egingo genuke, ez umeak behar duelako. Baina gerta daiteke haurrak berak eskatzea ere”.

Haurrak haurrekin zortzi orduz?

Haurra bizitzaren parte dela aldarrikatzen du Alkortak eta egunerokoan nekez txertatzen ditugula umeak. Eskolan, parkean, eskolatik kanpoko ekintzetan, adin berekoak daude elkarrekin. “Haurrentzako eremu itxiak dira, laborategiak, ez dute jendartean parte hartzen. Gu ez gara egoten gure adineko 20 pertsonekin zortzi orduz, eta gero handik atera. Bizitzan integratu beharrean, bizitzarako prestatzeko laborategian sartzen ditugu”. Alkortaren haurra amarekin eta aitarekin egoten da batik bat, “eta erosketak egitera daramat, edo lagunekin nagoenean nire lagunekin dago, eta batzuetan parkean eta dantza tailerrean dago bere adinekoekin batera”.

“Inoiz baino biziago nago”

Behin baino gehiagotan esan diote “ez daukazu bizitzarik” esaldia. Haurra jaiotzen denean bizitza aldatzen dela ez dauka zalantzarik, edonork argi izan beharko lukeela uste du. “Oso zoriontsua naiz, lanean ari naiz, ume bat hazten ari naiz eta proiektu potente bat dut esku artean. Ez daukat bizitzarik? Ni inoiz baino biziago sentitzen naiz”. Ama bigarren planoan ez ote den geratzen galdetu diogu: “Bizitza berrira egokitu egiten zara. Egunean zortzi ordu haurrarekin pasa badituzu, ordu horiek ez dituzu bizi? Lanean pasatako zortzi orduak ez dira zure bizitzaren parte?”.

Kalean bularra ematen ikusi eta “denetarik” esan diote: “Haurra ordutegiaren menpe elikatu behar da? Biologikoki ez dago prestatuta. Bularra ematea plazera da, biona da momentua. Ez baduzu horrela bizi, ez daukazu zertan bularra eman, ez da ezinbestekoa”. Alkortaren ustez, gurasotasuna grisa da, ez zuri ez beltz, eta grisak azpimarratzen ez badira amatasun eredu desberdinak aldarrikatzen dituzten bandoen arteko gerra hasten da, “eta bi bandoek galtzen dute”.
 

Beti amatasunaz?

Mari Luz Esteban antropologoaren ustez, asko hitz egiten da amatasunaz eta beti amaz aritzeak arriskua du. Erdigunean umeen zaintza jarri behar dela dio, eta horri buruz hausnartu eta eztabaidatu. Zaintzaren ardura (maila desberdinetan) amak, aitak, gizarteak, erakunde publikoek dute. Gaur egun ere, haurraren zaintza amaren ardura izatea da ohikoena eta behin eta berriz amatasunaz jarduteak ez du laguntzen zurrunbilo horretatik ateratzen.

Ekonomia feminista

Ekonomia feministak gizakiaren bizitza erdigunean kokatu beharko litzatekeela dio. Bizitza babesteak, besteak beste, zaintza lanak ikusgarri egitea eta baloratzea esan nahi du. Hausnarketa hori ez al dago kontraesanean feminismoak kritikatzen duen ideologia hegemonikoarekin, hau da, amatasun tradizionalaren ereduarekin?

Irati Fernández Pujana: Ekonomia feministak dio, parametro patriarkal eta kapitalistak bertan behera utzi ahal izateko, bizitza erdigunean jarriz gero mekanismo instituzional, sozial eta pertsonal guztiak zaintzaren inguruan mugituko direla. Baina jakina, abiapuntutzat sexu bereizketa baldin baduzu, hau da, amari lan hauek dagozkio eta aitari beste hauek, ekonomia feministaren mezutik ondorioztatuko duzuna da zaintzari aurre egin behar diona emakumea dela, ama. Abiapuntuak ez luke horrela behar. Sexu bereizketa alboratzen baduzu, zaintzari eta etxeko lanei, jendarte parekide hipotetiko batean, denok erantzun beharko genieke.

Feministekin egin nuen ikerketan bikote heterosexual batek honela jokatu zuen bi semeen zaintzaren aurrean: umeen zaintza lehentasuna izango zen eta horren arabera amaren eta aitaren agenda, denbora, espazioak, harremanak, militantzia, lana, moldatuko zituzten.

Umeak jarri zituzten erdigunean. Emakumeak kontzientzia feminista handia zuen, eta haren ustez umearekiko eta bikotekidearekiko harremana ez zen ari gauzatzen modu naturalizatzailean.


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Generoa
2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Gizon bati espetxe zigorra ezarri diote, Donostian emakume bat bortxatzen saiatzeagatik

Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]


Mazango auzia
20 urteko kartzela zigorra Dominique Pelicot senar ohiari eta fiskalak eskaturikoa baino zigor apalagoak beste 50 bortxatzaileei

Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


2024-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Loa

Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-16 | Julene Flamarique
Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohia salatu zuen emakumea babestu dute epaiketaren atarian

Biktimak 13 urte zituenean, 1998 eta 2001 artean, Lointek kirol taldeko Mario Lopez entrenatzaile ohiaren parteko sexu abusuak jasan zituen. Emakumeak duela urtebete salatu zuen, eta epaiketa 2025eko urtarrilaren 14tik 16ra egingo da, Bizkaiko Auzitegian. Mugimendu... [+]


2024-12-16 | Leire Ibar
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte

Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


2024-12-06 | ARGIA
Emakume batek jazarpena salatu ondoren, beste 30 emakumek seinalatu dute gizon bera

Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin... [+]


Eider Perez de Heredia, Nafarroako Berdintasun teknikaria
“Eraso sexisten beldurra zabaldu eta horrekin negozioa egiten ari dira”

Zur eta lur hartu dituzte Nafarroako Berdintasun teknikariek festa girorako enpresa zenbaitek egindako proposamenak. Edalontzia estaltzeko tapak edo eta edarian drogarik dagoen ikusteko eskumuturrekoak.


Teknologia
Mundu digital bortitza

Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Eguneraketa berriak daude