argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2015eko otsailaren 04a

“Nire ama iraintzen duenari ukabilkada eman eta kito” esan zuen Aita Santuak jainkoarengandik fisikoki hurren izan zen unean, hegalaldi batean egindako adierazpenetan. Eta esan bazuen, esan zuen! Bazter kristau eta ateo guztiak astindu zituen. Aita Santu batek horrelakorik esatea ere! Haren berbak, kristau dogmaren filosofiatik urrun daude, jakina, zaplastakoaren ostean, alboko masaila eskaini behar izaten baitute sinesmen mota horretako doktrinatuek.

Baina Bergoglio jauna animalia ere bada, Aita Santu izateaz gain, eta haren ahoak arrazionaltasunaren galbahetik iragazi gabeko giza erreakzio naturala jaulki zuen. Baina hark esanak ere lotura irmoa du adierazpen askatasunarekin. Kokotekoak, ostera, giza izaera-jarrera berezkoarekin, adierazpen askatasunaren erabilera gehiegizkoak sor dezakeen ondorio ustekabekoarekin, alegia.

Jakina, nik nahi dudana esateko (idazteko) askatasuna eta eskubidea baliatzen badut, trukean entzun nahi ez dudana entzuteko prest egon beharko dut. Eta batzuetan neurriko erantzuna barik, ezohiko erreakzio basatia ere gerta liteke, Pariskoa, kasu. Zenbatetan ez ote dugu entzun “Nik pentsatzen dudana esateko eskubidea dut” iruzkina –eranskin hau soilik falta zaio gonbitoka hasteko: “Herri libre eta demokratikoan bizi baikara”– goreneko eskubidea eta hesirik merezi ez duena izango bailitzan. Ados, esan (idatzi) nahi duzuna, baina mamurtu esango (idatziko) duzunak hirugarren bati kalterik eragingo ote dion. Eta hala balitz, onartu ondorioak, edo, bestela, neurtu berbak.

Jendarteak era librean pentsatu eta jarduteko botere-eskubidea du (libre albedrio); egia da, baina botere horren erabilera burlatiak, edo iraingarriak, edo probokatzaileak, demagun, ondorio negargarriak ere eragiten ditu. Askatasun beterik (absoluturik) ez dago, eskubide absolutu eta gorenekorik ez dagoen eran. Hori dela eta, deitoragarria eta arbuiagarria da uste izatea hurkoaren eskubideak errespetatzen ez dituenaren eskubideak urratzeko eskubidea duela zibilizazio mendebaldarrak, esaterako, ipar hemisferioko balio moral, etiko eta filosofikoak on bakarrak direlakoan. Hego hemisferiokoak mesprezatu, eta herriak eta pertsonak zanpatu, suntsitu, txikitu eta zirtziltzen dihardugun bitartean, adierazpen askatasunaren eta esku-hartze humanitarioaren izenean.

Kerik nahi ez duenak ez dezala piztu surik!