argia.eus
INPRIMATU
Maskaradaren izenean, amen!
Joanes Etxebarria 2015eko urtarrilaren 28a

Kritikatzea maite dut, betitik, eta batzuetan ikusgarri bat ikusi gabe ere kritikatzen dut; halako herrian egiten delako, halako gaia aipatuko delako, edo halako umore txarrez iratzarri naizelako. Funtsean, halakoa naizelako.

Oraingoan ere ikusi gabekoa kritikatuko dut, baina ez gaiztakeria hutsez. Gai honetan barnatu nahi duenari Antton Lukuren Libertitzeaz liburua aholkatzen diot, nik azaletik aipatuko baitut. Aurtengo maskaradak abiatu berri dira Idauze-Menditik, eta ene bizi laburrean sekula ikusi ala entzun ez nuen gisan, meza batekin hasi dira. Alta, uste nuen erritu paganoa zela, eta mundua alderantziz ezartzeko ospatzen zirela inauteriak. Uste nuen botere harremanak, egun batzuetan baizik ez bada ere, pikutara igortzeko erabiltzen zirela gorriak eta beltzak, hots maskaradetako pertsonaiak. Lagunak Lukuren liburua itzultzen didanean (nahi dükalarik Lolüz!) hori guztia konfirmatuko dut.

Ez dut anartean maskarada ikusi, baina espero dut gero plazan, arratsaldeko jokoan, eliza pikutara igorri zutela... baina baditut dudak.