argia.eus
INPRIMATU
Davosek makillajea jarri dio kapitalismoari
Juan Mari Arregi 2015eko urtarrilaren 28a

Suitzako Davos herri txikia munduko kapitalismoaren elite ekonomiko, politiko eta mediatikoak egindako gailurraren eszenatoki izan zen joan den astean. Bilera horretara 2.000 lagun joan ziren, horien artean 40 herrialdetako estatuburuak eta multinazional eta enpresa handietako 1.500 goi kargu. Helburua munduko egoera globala aztertzea izan da eta horretarako hainbat txosten aztertu dituzte, tartean Oxfam erakundeak egindakoa. Honen arabera, biztanleriaren %1 aberatsenak gainerakoek baino aberastasun gehiago pilatu dezake 2016an. Munduan, bederatzi pertsonatik batek ez du nahikoa elikagai, eta 1.000 milioi lagun egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Lanaren Nazioarteko Erakundeak iragarri duenez, munduan enplegua kaskartu egingo da datozen bost urteetan. Krisia hasi zenetik 61 milioi lanpostu galdu dira eta 2019rako beharrezkoa izango da 280 milioi lanpostu sortzea zanga hori estaltzeko. Baina ez dirudi hala izango denik, ihes fiskala handitzen ari baita, batez ere multinazionalen eta enpresa handien artean.

Zein da Davosek eman duen erantzuna? Beti eman izan duena, ezin bestela izan. Horrela uler liteke zergatik urtetik urtera desberdintasuna, pobrezia eta langabezia handitu egiten diren. Davosen errezeta erabat kapitalista da, itxuraz hain krudela ez dirudien arren. Euren kapitalismoa makillatu nahian dabiltza, behartsuen bizkar etekinak jasotzen segitzeko. Davosetik ateratako argazkia esanguratsua da: bankariek eta enpresariek euren politikak inposatzen dituzte; gobernuek politika horiek ezarri; eta fronte mediatikoak bideratu, justifikatu eta manipulatu egiten ditu iritzi publikoaren aurrean.

Egoera globalari konponbidea aurkitzeko tresna baino, Davos kontaktuak egiteko bilkura da, enpresa handiek segi dezaten negozioak egiten. Farmazia industria, bankariak, aseguru etxeak... horiek dira onura gehien dituzten sektoreak. Kapitalismo horren aurrean, ustezko alternatiba komunista tradizionalak –Errusiakoak eta Txinakoak– ez du ezertarako balio. Ea arduraz jokatuz sistema justu eta alternatiboa sortzeko gai garen.