Platonek esan zuen: “Garagardoa asmatu zuena gizon jakintsua zen”.
Ez Platonek ez guk, ez dakigu nor izan zen gizon –edo emakume– hura, baina Neolitoaren hasieran, duela 12.000 urte inguru asmatu omen zuten. Patrick McGovern arkeologoak Jiahuko (Txina) aztarnategi neolitikoan 9.000 urteko garagardo arrastoak aurkitu zituen, zeramika zati batzuetan itsatsita. Horiek aztertu eta edabearen osagaiak bereizi zituen: garagarraz gain, arroza, mahatsak, eztia eta elorri txinatarraren fruituak zituen garagardo zahar horrek. Sam Calagionek garagardogile estatubatuarrak osagai horiekin errezeta berreskuratzen saiatu zen, eta emaitza Chateau Jiahu izenez merkaturatu zuen (argazkian). 9.000 urteko garagardoa interneten dago salgai.