Aro politiko berriko mapa egokitzeko arazoak ditu Hexagonoak

  • Frantziako Legebiltzarreko diputatuak eta senatariak Estatua deszentralizatzeko lanean ari dira. Iaz hainbat lege onartu zituzten eta aurten ere berriak espero dira. Eskualdeen mapa berriak 2016ko urtarrilean osatuta izan behar luke. Eskualdeak berritu ondoren, departamenduaren eredua ere aldatuko omen da. Hona jarraian, 2015era begira egindako kronika.

     

Deszentralizazio legea François Mitterrand presidentearen   garaian hasi zen lantzen. Errepublikako lurraldetasunari, erakundeei eta hauen funtzionaltasunari dagokie. Errepublikako eskualdeak (erregioak) 22 dira gaur egun. Eskualdeen mapa hori 1964n egin zen. 2016ko urtarrilaren 1ean, berriz, 13 izanen dira. Hau da, eskualde zabal eta anitz hauek are zabalagoak eta anitzagoak izanen dira ordutik aitzina, Hexagonoko herrialdeen nortasuna are lausoago geratuko da mapa berrian. Eta horien artean, Euskal Herria. Mapa berria ez da guztiz bukatua, ezta eskualdeetako erakundeen eskumenak zehaztuak ere.   

Eskualdeen lege berriaren lehen proposamena iazko ekainean egin zen Frantziako Legebiltzarrean. Asanblea Nazionaleko diputatuek   mapa berriaren proiektua berretsi zuten. 277k alde egin zuten eta 252k aurka. 33 abstenitu ziren.    Iaz, 50 diputatu pasa ziren aurkakoen multzora. François Hollande presidentearen deszentralizazio politikak ataka are eta estuagotik iragan beharko du aurten. Lege berria diputatuek eta senatariek adostu behar dute, baina orain arte ez dira bat etorri. Senatariek 15 eskualde aurreikusi zuten eta diputatuek 13. Eskualdeetako mapa, eta hiriburuak zein izanen diren ez da trenkatu oraindik (ondoko mapan dituzu ikusgai). Uneon, hiriburuen izendatzea da jokoan. Senatariek eta diputatuek osatutako batzorde parekideak adostasuna erdietsi izan ezean, diputatuek ebatziko dute maparen egitura.  

Ipar Euskal Herriaren geroa

Akitania izan da Ipar Euskal Herriaren eskualdea Hexagonoaren egituran: Gironda (Bordele da hiriburua, 240.000 biztanlerekin), Pirinio Atlantikoak, Dordoinia, Landak eta Lot-eta-Garona departamenduek osatua. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 289.000 biztanle dira. Pirinio Atlantikoak departamenduan dago Bearnoarekin batera (Paue da hiriburua, 85.000 biztanlerekin), berezko lurralde ezagutzarik eta izenik gabe. Eskualde berriaren izena Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes izan liteke 2016tik aitzina. Bordele izango luke hiriburua. Besteak beste, eskualde horren aurrekontua handiena baita: 1,4 milioi eurokoa. Beste bi eskualdeek, hurrenez hurren, 660 eta 460 milioiko aurrekontua dute. Eskualde berriak 5,8 milioi biztanle izango lituzke. Euskal Herriaren ezagutza eta nortasuna are lausoago izanen dira, beraz. Kontseilu berriak 183 kide bilduko ditu.

Ezkerreko, zentroko eta eskuineko alderdiek beren interesen araberako borrokan diharduten bitartean, herrialde txikietako espresio politiko gutxituak hauteskundeetan nola moldatuko diren ikuskizun dago. Euskal alderdi abertzaleen aukerak, adibidez, orain arte mugatuak baziren, aurrerantzean ez dira aiseago zertuko. Ipar Euskal Herria ez da berezko lurralde gisara agertzen ez den bakarra. Bretainiarrek, esaterako, ez dute lortu eskualde bakarrean biltzea. Pays de la Loire eta Bretainia eskualdeak bakarra izatea aldarrikatu dute historikoki bretainiar nortasunaren aldeko alderdiek. Deszentralizazio lege berriak, II. Mundu Gerraren ondoren bi eskualdetan zatitutako Bretainia batzeko bidea errazten zuela pentsatu izan dute. Legeak lege, Frantzia zentralizatuaren aldeko alderdiak legea beren alde paratzeko trebeagoak eta indartsuagoak direla ageri da berriz ere.

Alsaziarrak, berriz, eskualde bakarrean bilduta bazeuden ere, Lorrena eta Champagne-Ardennerekin batuko dituzte. Alsaziarrak kalera atera ziren manifestatzera urte hondarrean. Estrasburgok segituko du hiriburua izaten. Gaitzerdi. Amaitu gabeko mapan izendatua dagoen hiriburu bakarra da.  

Korsika da eskualde esanguratsua Frantziako egituraketan. Eskualde berrien legeak ez du orain arte bere izaera aldatuko. Orobat, itsasoz harandiko beste lau eskualdeek (DOM-TOM izendatua) berdin jarraituko dute. Korsikarrek, alabaina, Estatutu bereziko lurralde kolektibitatea (elkargoa) osatzen dute, berezko izaeraren ezagutza.  

Departamenduetako bozak

Datorren martxoaren 22an eta 29an  eginen dira departamenduetako hauteskundeak. Ondoren, aspaldiko iragarpena betez gero, Frantziako departamenduak desagertuko dira. Urte honetan halaber, abenduan, orain osatzen ari diren eskualdeetan hauteskundeak eginen dira. Politikari askok harriduraz ikusi du Eskualdeen Mapa gauzatzeko lege berria osatzeko modua. Azken urte honetan hartutako erabakiak fite eztabaidatuak izan baitira, doi-doi aztertuak. Batek baino gehiagok horren arrazoia honela adierazi du: iragan abenduan legea onetsi izanak badu zerikusia aurtengo eskualdeetako hauteskundeak abenduan egin izatearekin. Izan ere, lege bat onartzen denetik hauteskundeak egin ahal izateko urte batek iragan behar du gutxienez. Zenbait sektore politikoren iritziz, lege berri horren gauzapena ez dagokio bere burua goi-mailako demokraziatzat jotzen duen estatu bati. Alegia, ez da eredugarria. Mapa tarrapataka diseinatua izan dela begi-bistakoa izateaz gain, eskualde berriek izanen dituzten eskumenak ez dira zehaztu orainokoan. Euren funtzioak ere ez dira ageri lege berrian, ezta ondorioz, departamenduen ordez izanen omen diren ordezko erakundeak ere. Hots, Senatuan aztertzen ari diren departamenduen eskumenak nola iraganen diren eskualde berrien instituzio berrien funtzioetara, baita nola egokituko diren ere. Frantziako Gobernuak argitu beharko du zein diren deszentralizazioaren helburu nagusiak: deszentralizazioaren xede nagusiaren hirugarren atala deritzana. Departamenduen ordezko Herri elkargoen egitura bolo-bolo zabaldu da azken urteotan, baina inork ez daki zertan funtsatzen den. Ez dezagun ahantzi ere, deszentralizazioaren politikan metropolietarako Polo ereduak deritzatenak ere aurreikusiak direla.

Deszentralizazioa

Deszentralizazioa eta egituratze berria ulertzeko Ipar Euskal Herriko bi senatarien aburuak ezagutzea besterik ez dago. Jean-Jacques Laserre senatari zentristaren hitzetan, eskualdeen mapa berriaren legea eztabaidatu denean Ipar Euskal Herria ez da aipatu izan behin ere. Halaber, berak lege kontuak ez dituela menperatzen esan du. Besteak beste, eskumenen zehaztapena, hala herri nola hirien arteko harremanak adostu beharko dira deszentralizazioaren hirugarren atala delakoaren markoan. Kontraesanak ez dira gutxi: deszentralizazioaren azken atalaren atarian daude, eta hasiera batean daudela diote ere bai. Tokiko parlamentari sozialistak, Colette Capdevielle eta Sylvie Alaux parlamentariak, eskumenak ezagutzeko zain daude. Frédérique Espagnac senatari sozialistak zer esana izan beharko luke. Alta, tokiko politikariak Parisko nagusiek esango dutenaren zain egon ohi dira. Horixe da euren ezaugarrietako bat.

Baionako Unibertsitateko Zuzenbide irakasle Eneritz Zabaleta Eskualdeen mapa berriaz mintzatu zen urte amaieran. Besteak beste, hauxe erran zuen: “Ipar Euskal Herria gaur egun baino lurralde handiago batean ariko da. Lehen galdua zegoen eta orain are galduago ikusten dut”. Pirinio Atlantikoetako Durand prefetak Ipar Euskal Herriari begira proposatutako Herri elkargoen kariz, berriz: “Legea zehaztuta ikusi gabe, ezin da deus berririk esan”. Beraz, herri elkargoaren proposamenak Batera plataformaren Lurralde elkargoaren proposamenari aitzina hartu dio. Berriki, Baterak prefetaren Herri elkargoaren proposamenari baietza eman dio urrats gisa, Lurralde elkargoaren xedetan, plataformaren eletan. Estatuak, hots, botereak berezko mekanismoak ditu herriak sortzen dituen bitartekoei aitzi egiteko. Baterari edo Hautetsien Kontseiluari, konparazione.

Zentralizazioa

Frantziako Estatuak –aldian aldiko gobernuek nahiz Parisko Legebiltzarrak; Senatua eta Asanblea barne– aspaldidanik iragarritako deszentralizazioa nola gauzatuko duen inkognita da oraindik ere. Frantziako Estatuaren egitura zentralista astuna, motel eta nekez birmoldatzen ari da. Europako estatu boteretsua izan arren, aro berriei egokitzeko arazoak ditu. V. Errepublikaren eredua zaharkitua dago. François Mitterranden aroaz gero, baita ondorengo ezkerreko gobernuen ondoren –30 urte joan dira harrez gero–, alderdi sozialistaren François Hollande azken presidenteak ez du eskuinaren bestelako politikarik gauzatu. Ezker edo eskuina izan, frantziar estatuan jakobinisten logikak nagusia izaten jarraitzen du.

EH Bai mugimendu zabala berrosatzeko xedetan

Ezker abertzalearen ildo nagusiak batzen dituen siglak dira EHB: iparraldean EH Bai, hegoaldean EH Bildu. Koalizioa izatetik mugimendu zabala izateko jaidura agertu dute azken urteotan ezkerreko alderdi abertzaleek. Izan ere, iraganeko politika bertikala egin beharrean, politika horizontalagoa lantzea eskatzen ari dira herritarrak. Iparraldeko abertzaleek aitzina hartu dute, EH Baik iazko abenduan egin zuen biltzar eratzailean lehen urratsa eman zuen. Biltzarrean, oinarri politikoak finkatzeaz gain, EH Bairen zuzendaritza berria izendatu zuten, baita Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz duten jarrera zehaztu ere.

Egiari zor, biltzarrean hartutako erabakiak ez dira hedabideetara iritsi. EH Bairen ildo nagusiak AB eta Sortu dira. Funtsean, EH Bai (2007an eratua) ezker abertzalearen iraganeko (2002an) zatiketa konpontzeko eratu zen, baita iraganeko zauriak arintzeko ere. ETAren amaierak ezker abertzaleko ildo ezberdinen aldeak murrizten lagundu du, dudarik gabe. EH Baik gatazka politikoaren konponbideaz egin dituen gogoetak eta haren jarrerak koalizioa –mugimendu zabala bilakatzeko bidean– batu eta indartu egin du ezker abertzalea. Areago, ezker abertzaleak Iparraldean sinesgarritasuna irabazi du. Horren lekuko da Baionako Agiria. Tokiko alderdi guztiek, ñabardurak ñabardura, hutsunerik hutsune, ezker abertzaleak sustatutako Gernikako Akordioa edota Aieteko Konferentziari sostengua ekarri diote. Besterik da Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaren aurrean EH Bai osatzen duten alderdiek duten jarrera. Iraganeko Euskal Departamenduaren aldarrikapena, Lurralde Elkargoa bilakatu zen azken urteotan, Batera plataformaren gidaritza zabalaren pean. Alabaina, 2013an, Pierre Andre Durand prefeta berriak Lurralde Elkargoaren ideia burutik kentzeko esan zien aldarrikapenaren bultzatzaileei. Prefetak Ipar Euskal Herriaren egituratze instituzionala Herri Elkargo aukera berriaren bidez gauzatzea proposatu du.

Egiari zor, Frantziako Estatuaren jarrera ez da ustekabekoa izan. Ustekabe handia Sortu alderdiak eman zuen hauxe adierazi zuenean bere azken (irailean) biltzar nagusiaren ondoren: “Herri Elkargoaren opzioa berezko estatus instituzionala irabazteko baldintzak indartzeko gisan ikusten dugu”. Iraganak iragan, datorren martxoan izanen dira departamenduetarako hauteskundeak. Biarnesak eta euskaldunak batzen dituen departamendurako azken bozak lirateke, aro politiko berri baten boz esanguratsuak, iraganaren eta geroaren boz mugarriak iparraldeko ezker abertzalearen etorkizunerako, baita EH Bai mugimenduaren sendotze bidean ere. Halaber, EH Bairen ibilbide berria eredu lagungarria izan liteke hegoaldeko EH Bilduren bilakabidean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


Ernaik dio bere kontrako operazioa egon izana frogatzen dutela Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenek

Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


2024-12-17 | Euskal Irratiak
Pantxoa Bimboire
“Lantegirik gabe ez dugu Euskal Herririk eraikiko”

Pantxoa Bimboire Haritxelar, Ipar Euskal Herriko Eusko Alderdi Jeltzaleko arduradun berria da azarotik. Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da.


2024-12-16 | ARGIA
Bakegileek ETAren armagabetzeari buruzko Jaurlaritzaren bertsioa gezurtatu dute, aktak erakutsiz

ETAren armagabetzean 2017ko urtarriletik apirilera gertatutakoen beren bertsioa eman dute bakegileek, Baionan astelehenez egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak armagabetzeaz egin zuen kontakizuna “faltsua eta interesatua” izan zela adierazi du Noel Etxeberri Txetx... [+]


2024-12-16 | Leire Ibar
McDonald’si boikota egiteko eskatu dute Bilboko Santutxu auzoan, Israelekin duen harremanagatik

Ehunka pertsona mobilizatu dira ostiralean Santutxun ireki berri dutenMcDonald’s jatetxearen itxiera eskatzeko. Enpresa amerikarraren aurkako boikot kanpainan aktiboki parte hartzea eskatu du mobilizazioa deitu duen Bilbo-Palestina herri ekimenak.


Eguneraketa berriak daude