Melanesia, 1774. James Cook kapitain ospetsuak hareazko uharte handi bat marraztu zuen egungo Kaledonia Berriko eremua hartzen zuen mapa batean. Uharteari Sandy (hareatsua, ingelesez) izena jarri zion kapitainak, asmamen biziaren eta orijinaltasunaren erakusle. Irla hura behin eta berriro mapetan azaldu zen 2000. urtera arte. Cookek marraztutako tokian ura besterik ez zegoela egiaztatu zuten arte, alegia. Posible al da esploratzaileak ustez aurkitutako hondar piloa, mendeen poderioz, urpean geratu izana? Ez, gune horretan ozeanoak 1.400 metroko sakonera baitu.
Kontua da sasoi batean frantziarrek existitzen ez den lur zatiaren gaineko eskubideak aldarrikatu zituztela, baita lortu ere. Orduz geroztik, ur eremu huts horrek Ile de Sable du izena.
Baleazale ingeles batek, Dougherty kapitainak, Australiatik gertu irla txiki bat aurkitu zuela jakinarazi zuen 1841ean. Apaltasun osoz, Dougherty uhartea deitu zion. Jatorrizko deskribapenean kapitainak zioen ustezko lur zatitxoa elurrez estalita zegoela, baina 1909ko espedizio bat ez zen irla topatzeko gai izan. Urte batzuk geroago, Cooken eta Doughertyren herrikide batek, Davis kapitainak, zera idatzi zuen: “Irudipena daukat Dougherty uhartea urtu egin dela”. Irla hura ere ez zen existitzen baina, kasu honetan, balea arrantzaleak ez zuen ikusitakoa asmatu; besterik gabe, iceberg batekin egin zuen topo.
1798an James Rennel kartografoak, Mungo Park esploratzaile eskoziarrak emandako informazioa baliatuta, Afrika erdialdeko mapa batean milaka kilometroko mendikatea marraztu zuen: Kong mendiak. Mendikate eskergak, besteak beste, egungo Nigeria eta Sierra Leona zeharkatuko lituzke alderik alde.
Rennel Londresko Royal Geographical Societyko sortzailea izanik, inork ez zuen zalantzan jarri hark marraztutakoa eta, ehun urtez, bidaiariek itzulinguru luzea egin zuten orografia malkartsua saihesteko. Luis-Gustave Binger frantziarrak mendikatea berariaz esploratzea erabaki zuenean, jakina, ez zuen ezertxo ere topatu. Eta, hala, XIX. mendearen bukaeran Kong mendiak mapetatik kentzen hasi ziren.