argia.eus
INPRIMATU
‘UK’ aldizkaria desagertu eta ‘Hiruka’ abiatuko da
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko abenduaren 23a
Azken “UK”, egitasmo berriaren berri ematen.
Azken “UK”, egitasmo berriaren berri ematen.

Batek ez, bi komunikazio proiektuk itxiko dituzte ateak, baina ordainetan hiru euskarritan arituko den komunikazio egitasmoa jarriko dute abian Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean.

Hiruka komunikazio taldeak atari digitalari, paperezko astekariari eta irratiari helduko die. Bistan denez, ez dira ezerezetik sortuko, orain arteko ibilbideaz baliatu eta proiektu sendoagoa egiteko asmotan dira Uribe Kostan.

Getxon, ia duela 20 urte Bizarra Lepoan aldizkaria sortu zuten eta 1999an UK aldizkari bihurtu zen.

UKberri.net atari digitalak berriz, 11 urteko ibilbidea egin du. Koska irratia ere hainbat urtez entzun ahal izan zen uhinetan.

Urtarrilarren bukaeran paperezko astekaria eta atari digitala hasiko dira lanean eta hilabete batzuk geroago Justuri Irratia abiatuko da. Uribe Kostako komunikazio talde euskaldun berriak irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu du. Egitasmoa sostengatzeko bazkide erabiltzaileak eta laguntzaileak izango ditu.  

Erabiltzaileen kasuan, pertsona juridikoek 1.000 euroko inbertsioa egingo dute eta norbanakoek 100 eurokoa. Laguntzaileen kasuan, pertsona juridikoek 200 eurokoa eta norbanakoek 50 eurokoa. Gainera, 33 euroko kuota ordaindu beharko dute urtero.