argia.eus
INPRIMATU
Erleak zirri
Jakoba Errekondo 2014ko abenduaren 23a

Etxean etxeko bezala erle eultzea izateak garai bateko bizimoduan erleak zuen garrantzia garbi asko adierazten du. Erlea nahi eta ezkoa zen fruitu batzuk jaso ahal izateko. Sagarra, adibidez, erleak ernaltzen du. Mahatsa ez, haizearen nahikeriara lotua dago. Eztiaz eta argizariaz gain etxeko urteko edaria zegoen erleen esku: zizarra, pitarra eta sagardoa. Nola ez zuten ba eultzea zainduko? Etxekoa, familiakoa zen erlea. Argazkian, Aramaioko Olaetako Ubidena baserriaren aurrealdean, sarrera nagusia eta leihoen artean, eultzea. Eultzera barrutik irits daiteke.