Iberiar penintsulak azken urteotan ezagutu duen eskandalurik handiena ari da egosten: elektrizitate konpainia handienei 3.400 milioi euroko laguntzak eman ostean, horiek berreskuratzea “ahaztu” dute agintariek. Orain arteko iruzurrak txiki uzten dituen kopuru izugarri horrek lurrikara sortu beharko luke herritarren artean.
Nola neurtu 3.400 milioi euro? Onena izan liteke konparazioak egitea. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua datorren urterako, 10.639 milioi euro, Osakidetzarako 3.390, enplegu eta politika sozialetarako 1.064. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu propioa 1.570 milioi. Gipuzkoako Foru Aldundiarena 780 milioi euro. Kopuruokin alderatu ditzakegu Espainiako estatuak elektrizitate konpainia handiei barkatu dizkien 3.400 milioiak.
Zehazkiago esanda Espainiak korporazioei kobratu gabe oparitutako 3.393 milioi horietatik 1.562 Endesari dagozkio eta 1.159 milioi Euskal Autonomia Elkarteak bere enpresa ikurretako bat bezala aurkezten duen Iberdrolari. Kopuru txikiagoak bereganatu dituzte Viesgo (432), Fenosa (276) Cantábrico (155) eta Elcogás (119) konpainiek. Nekez ukatuko du inork klase guztietako murrizketa eta miserien garaiotan administrazio publikoek galdutako milioi horiek izan beharko luketela herritarren arteko kezka iturri nagusietakoa.
Baina nola galdu liteke 3.393 kilo euro? Jose Afonso kantari portugesak Coro dos Tribunais abestian laburbildutako formularekin: “Guarda o teu roubo, guarda-o bem / Dentro de um papel a lei”: “Gorde ondo ostu duzuna, gorde ondo / Lege agiri baten barruan”. Lege batean oinarrituta Espainiako oligarkiak egindako lapurretaren kronika da Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak argitara atera duena.
Espainiako establishmentaren egunkari nagusia den El Paísek titulu hau zekarren azaroaren 16an: “La Fiscalía investiga a Industria por perdonar 3.000 millones a eléctricas”. Kronikan azaldu zuen Rodríguez Zapatero lehendakari zela 2007tik 2010era bitartean gobernuan aritutako zenbait goi kargu galdezkatu dituela ustelkeriaren kontrako fiskalak, “argitzeko ea PSOEren gobernuak konpainia elektrikoei barkatu zien 2.500 eta 3.500 milioi euro arteko zorra”.
Lehen salaketa 2013ko uztailean aurkeztu zuen energia berriztagarrietara igarotzeko trantsizioa aldarrikatzen duen erakunde batek, ekologiaren eta justiziaren aldeko pertsonalitate eta mugimenduak biltzen dituen Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak. Bigarren salaketa aurkeztu zuen aurrekoaren osagarri, diru publikoen iruzurra ikertzea eskatuz. Antza denez, ustelkeriaren kontrako fiskaltza derrigortuta aurkitu da gaia ezagutu behar zuten zenbait goi karguri deklarazioa hartzera, oraingoz lekuko gisa soilik.
1997an hasi zen kontua. Argindar zerbitzua osorik liberalizatu zelarik, konpainiek egindako inbertsioak arintzeko Jose María Aznarren gobernuak, ministro zelarik Josep Maria Piqué, megawatio bakoitzeko 36 euro oparitu zizkien. Zenbait eztabaida eta gorabeheraren ostean –oposizioan zegoen PSOEren kontrako botoarekin– laguntza publikoa 8.600 milioi eurotan geratu zen (1,441 bilioi pezeta orduan). Konpainiak hasi ziren laguntza hori bezeroei kobratzen hileroko fakturan, herritar guztiei alegia. Costes de Transición a la Competencia (CTC) deitzen zitzaion propinatxoari.
2005erako, ordea, argindarra asko garestitua zen, petrolioaren eta gasaren igoeragatik, eta konpainiak aurreikusitakoa baino gehiago ari ziren irabazten. 2006ko ekainean gobernuak eten zien CTCen ordainketa. Jose Montilla zen –laster Generalitateko president izango zena– Industriako ministro.
CTCak eten bai... baina ordura arte konpainiei gehiegiz pagatu zitzaiena itzultzeko eskatzea ahaztu zuen administrazioak. Orain fiskala galdezka hasi denean badirudi goi karguei ez zitzaiela erabat ahaztu zorra erreklamatzea baina kobraketa lanak patxada handiz egin zituztela. Patxada susmagarriz, kontutan edukiz azkenerako iraungi egin zela legez kobratzeko epea.
Montillarekin Energia zuzendari zen Ignasi Nieto gogoratzen da garbiki gehiegi kobratu zutela Iberdrolak, Endesak eta enparauek, liberalizazioa aprobetxatzeko goregitik egin zituztela kalkuluak. Ekologistek aipatu dituzten zifrak berretsi ditu gainera, eta dio goi teknikariei –Estatu abokatuei– 2006an eskatu ziela zer egin erabakitzeko informea. Txostena atzeratu zen... 2008ko martxoa arte. Funtzionariook ohartarazten zuen konpainiei zorra kobratzeko epea 2006an hasi zela eta 2010ean iraungiko zela.
Ministro bat joan eta bestea etorri, Montillaren ondoren Joan Clos, gero Miguel Sebastián... 2010 urtea pasatu zen eta agur kontsumitzaileek korporazioei pagatutako gehiegizko 3.493 milioi euroak.
Nuevo Modelo Energético plataformako eledun Cote Romerok esan du: “Espainian ez da hau adinako iruzurrik gertatu sekula”. Handiak izanagatik askoz txikiagoak diren iruzurrek zalaparta handiagoa sortu dute: Urdangarin 16 milioi, Pujol 32, Palma-Arena 42, Barcenas-Gürtel 120, Marbella 500, Andaluziako EREak 721... Lekutan daude Iberdrola, Endesa eta beste lauak 3.393rekin.
Gaia Europako Legebiltzarrera ere eramanik, Argiako irakurleek ezaguna duten Florent Marcellesi gidari ekologistak salatu du argindar zerbitzuaren liberalizazioa abiatu zenetik agintari politikoek babestu dituztela oligopolioan ari diren enpresa handien interesak. “CTCena ez da iruzur elektrikoa den icebergaren pikoa baizik. Sartuta gauden krisi sistemikotik atera nahi baldin badugu, derrigorrez egin behar dugu energiazko trantsizioa, energi iturriak demokratizatuz eta ate birakariak behingoz suntsituz”.
Ate birakariak (revolving doors ingelesez) deitzen zaie agintari handiek beren jardunean politikatik enpresa handietara eta alderantziz, enpresa handietatik goi karguetara, egiten dituzten jauziei. Aipatzen dugun kasuan, korporazio elektrikoak eta oro har energiari lotutakoak ezagunak dira agintari politikoak fitxatzeko daukaten ohituragatik. Tartean presidenteak, ministroak, sailburuak eta klase guztietako goi karguak, begiratu besterik ez dago Iberdrola, Repsol, Enagas, Gas Natural, Endesa, Gamesa, eta abarren administrazio kontseiluetan.
CTCena bezalako iruzurrekin lortutako inpunitateaz harrotuta, lapurreta berrien albisteak ugaritzen doaz geroztik. Tarragonan (Katalunia), Ebroren bokalean Castor hobian gasa metatzeko baimena lortu zuen ACSk (Real Madrideko Florentino Perez buru) ikusi denean hori ezinezkoa dela inguruetan lurrikarak eragiten dituelako, kalteordainetan Estatuari kobratu nahi dizkio... 1.350 milioi euro.
Bitartean, Javier Marotok Gasteizen jendeak berotzen ditu gure artera deus gabe iritsitako etorkinen kontra.
Gasteizko Mercedeseko langileek bederatzi orduko bi txandetan egingo dute lan aste bitartean, eta larunbat goizetan zortzi orduz, 2025eko martxotik aurrera. Hori da enpresako patronalak iragarri duena iragan astean, gehiengo sindikala aurka azaldu bada ere. Osasunerako eta... [+]
Altsasuko enpresak likidaziorik gabeko hartzekodunen lehiaketa iragarri zuen pasa den asteartean, 48,8 miloi euroko zorra baitu autobusen enpresak. Gaur egun 367 pertsonak egiten duten lan bertan.
Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.
Palestinako BDS mugimenduaren presioaren eta eskala handiko boikot kanpaina baten ondoren hartu du erabakia Carrefourrek. Izan ere, finantza-galera erraldoiak sortu dizkio kanpainak, eta enpresaren ospea kaltetu du.
Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela” mehatxu egin zuten. Iberdrolako presidenteak ordea, zerga honek bere kontuetan “oso gutxi suposatzen duela” adierazi zuen duela aste bi. Bankuen... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Urriaren 15ean, lan arloko ekonomialarien topaketetan, mahai inguru interesgarri bat egin zen. Patronalak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta sindikatu batek parte hartu zuten. Eztabaidagaia lan munduan gero eta oihartzun handiagoa duen absentismoa izan... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Apirilean egin zituzten hogei langilek Facebooken azpikontrata den CCC Barcelona Digital Services enpresaren aurkako salaketak, oinarrizko eskubideak urratzen dituztela adierazi zuten langileek, gaur egun mila inguruk salatu dute. "Gestapo" gisa definitzen dute lan... [+]
Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]
2023ko maiatzean iragarri zuten Volvo multinazionalak inbertsio handia egingo zuela Nafarroako Sakanako autobus enpresan. Orain, ordea, akordioa bertan behera gelditu dela adierazi dute bi enpresek.
Hainbat lagun elkartu da ekainaren 19ko goizean EHUko Gipuzkoako errektoreordetzaren egoitzan, Ibaetan EHUk CAFekin dituen harremanak eten ditzala eskatzeko. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu zuen protesta, CAFek "palestinar lurren okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna salatzeko". Berriz exijitu diote enpresako zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemen tren arina eraikitzeko proiektuan.
Ordiziako Orkli kooperatibak 50.000 euroko funtsa jarriko du "komunitatetik sortutako ekimenak" laguntzeko. Orklidea izena jarri diote programari eta Euskal Herri osoko proiektuak aurkeztu daitezke.