Injustiziaren aurkako diseinu grafikoa

  • Khader Adnanen askatasuna 66 eguneko baraualdi batek ekarri zuen, Palestinako preso politiko batek inoiz egin duen gose grebarik luzeenak. 2012ko otsaileko egun haietan epe luzeko gose greben ondorio fisikoei buruzko infografia bat bolo-bolo mugitu zen sare sozialetan. Istorio grafikoak sortzen dituen Visualizing Palestine (Palestina Ikusarazten) proiektuaren lehen agerpena izan zen hura. Harez gero, estatistikak eta diseinu grafikoa lotuz, dozenaka lan sareratu dituzte, Israelen okupazioak palestinarren egunerokotasunean sortzen dituen bortizkeria eta diskriminazio egoerak azaltzeko asmoz.

Estatistikak erakusteko ohiko infografien eta kaleko kartelen arteko hibrido ikusgarriak sortzen ditu Visualizing Palestine (VP) kolektiboak. Mundu mailako onarpena duten zenbait erakunderen datuak erabiltzen ditu horretarako: Palestinako, Israelgo zein nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeak, instituzio akademikoak eta bestelako iturri ofizialak. Facebook, Twitter, Tumblr eta visualizingpalestine.org webgunearen bitartez zabaltzen dituzte lanak.

Visualizing Impact (VI) kolektiboaren lehen proiektua da VP. Beirut, Amman, Montreal eta Ramallah artean banatuta dauden hamar lagunek osatzen dute lantaldea. Horien artean, ikerleak, diseinatzaile grafikoak, garatzaileak eta informazioaren zabalkundean aditu direnak daude.

VIko ikerketa eta ekoizpen arloetan lan egiten du Ahmad Barclay arkitektoak. VPren ideia aurki Ekialde Hurbileko beste zenbait herritara ere zabaltzeko asmoa dutela azaldu digu.

Zerk bultzatu zintuzten Visualizing Palestine proiektua abiatzera?

Palestinari buruzko albiste eta erreportaje asko dago. Gehiegi akaso. Mendebaldeko herrietan bereziki, gehiengoak jasotzen duen informazioa zehaztugabea da nagusiki. Palestinarrei egindako lapurreta, marjinazio eta okupazioari buruzko kontakizunak izan beharrean, de-facto Israelen menpe dagoen lurralde hartatik datozkigun istorioek bi indar parekatuen arteko gatazka batez hitz egiten dute maizegi. Are gehiago, palestinarren biolentzia testuinguru edo motibaziorik gabe aurkezteko joera dago, eta aldiz, Israelek erabiltzen duen bortizkeriaren justifikazio ofizialak normalean ez dira ezbaian jartzen.

Informazio gaindosi horrekin lotuta, oso zabalduta dago “gatazka ulertzea zaila da” dioen ideia. Gezurra den aurreiritzi horri egin nahi diogu aurre. Jendearengan kritikotasuna landu nahi dugu arrazoi eta argudio anitzak emanez.

Zergatik aukeratu dituzue grafikoak eta estatistikak?

Narratiba ofiziala zuzentzeko asmoz, beste multimedia proiektu batzuek bide tradizionalak edo kazetaritza herritarra erabili dituzte. VPren lantaldean ondorioztatu genuen gatazkaren jatorria azaltzeko infografiak –eta animazio grafikoa eta web interaktiboen moduko eduki bisualak– tresna egokienak direla. Nazio Batuen Erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste iturriek ezinbesteko datuak argitaratzen dituzte, baina oso era akademikoan. Adibidez, zeinek irakurriko du 200 orriko txostena Israelek atxilo dituen adingabeen inguruan? Informazio horrek gatazkaren egiazko dinamikak azaltzen ditu, baina zabaltzen duten eran nekez helduko da gizartearen gehiengoarengana. Infografiak, egoki erabiliz gero, datu gordinak era ulerterrazean aurkezteko gaitasuna du, eta gisa horretan gainera, kazetaritza artikuluen edo iritzi artikuluen edukiak gezurtatzea baino askoz zailagoa da.

Nolakoa da infografiak sortzeko prozesua?

Zirkularra: gaiak identifikatu, ikertu, narrazioa sortu eta datuak aurkeztu, diseinatu, hedatu eta eraginaren ebaluatu. Gero eta maizago kolaboratzaileekin lanean ari gara gai bakoitzaren inguruan eduki mota anitzak sortzeko, eta sarean zein saretik kanpo, horien zabalpena handitzeko.

Apurka-apurka munduko leku askotara heltzen ari da zuen lana.

Gaur arte lanak ingelesez eta arabieraz sortu eta hedatzean jarri ditugu gure indarrak. Halere, guregana jo duten taldeen eta norbanakoen lan boluntarioari esker, gaur egun gure grafikoak hamabi hizkuntzetan daude eskuragarri eta hala, dozena bat estatutan antolatu dituzte erakusketa publikoak.

Egia, aukeratutako informazio iturrien arabera eraikitzen dela diote batzuek.

Erabat objektiboa den informaziorik ez dago. Kasurik okerrenean, gertakariak desitxuratu eta desinformatzeko lanean diharduten antolakundeak daude. Eta kasurik onenean, zer gai jorratu jabeek ezarritako mugek eta testuinguruak baldintzatuta aukeratzen duten antolakundeak daude. Palestina eta Israelen kasuan, antolakunde asko Gaza eta Zisjordaniari (batzuetan Jerusalem ekialdea barne) begira baino ez dute lan egiten, errefuxiatu palestinarren eta Israelen bizi diren palestinarren egoera albo batera utziz, loturarik ez balute bezala.

Erakunde independentea garenez, aipatutako mugek ez gaituzte hainbeste baldintzatzen. Puntuak elkarlotzen saiatzen gara, errespetatuenak diren iturrietatik informazioa lortuz, holistikoagoa den irudia sortzeko. Halere, gure narrazioak ez dira egoerari buruzko egia bakarrak. Horregatik, informazio iturri askorekin lagunduta zabaltzen ditugu infografiak, gaiaz gehiago jakin nahi duenari sakontzeko aukera emanez.

Palestinarekiko jarrera politikorik hartu al duzue talde gisa?

Talde independentea gara eta beraz ez dugu afiliazio edo jarrera politikorik. Egiten dugun lan motari begira kaltegarria eta kontraesankorra izango litzatekeela uste dugu. Hau esanda, herritarren ikuspegitik eta berdintasuna, askatasuna eta ordaina jasotzeko eskubideetan oinarrituta ulertzen dugu gatazka. Goitik beherako konponbide politikoei ez diegu arreta berezirik eskaintzen. Jorratzen ditugun gaietan eta grafikoetan hori guztia islatzen delakoan gaude.

Elikadura, osasuna edo segurtasuna izateko moduko eskubideei Israelen okupazioak nola eragiten dien kontatzen dute zuen infografiek. Zer diozue Palestinako Agintearen ardurari buruz?

Justizia sozialaren prisma unibertsaletik begira egiten dugu lan, eta hori, ongi diozun bezala, ez dagokio soilik Israelen jazarpenari. Hain zuzen ere, Palestinako Agintearen (PA) rolari buruzko lan bat prestatzen ari gara. Infografia horretan azalduko dugu PAren segurtasun aparatuak gizarte zibilaren ekimenaren aurka duen jarrera gogorra, Israelen okupazioaren aurkako erresistentzia ahultzeko xedez.

Nola ulertzen duzue sare sozialen rola justizia sozialaren bidean?

Sare sozialak tresnak baino ez dira, eta aurrerantzean beste tresna batzuek haien lekua hartuko dute. Mezu ofiziala desafiatzen duen informazioa zabaldu eta sustatzeko, baztertutako gaiak gogora ekartzeko eta ekimen eta ekintza eraldatzaileen gainean arreta jartzeko, gaur gaurkoz, ireki eta aske samarrak dira. Hala ere, gero eta herrialde gehiagotan sare sozialen “irekitasuna” baliatzen da ahots disidenteen kontrako neurri gogorrak hartzeko. Bitartean, sare sozialetako aktore garrantzitsuenek gero eta indar gehiago daukate eztabaida onargarriaren mugak zaintzeko.

Gai horrekin lotuta, Electronic Frontier Foundation taldearekin batera OnlineCensorship.org proiektuan lan egin dugu. Sare sozial ezagunenetan gertatu diren zentsura kasuen berri emateko proiektua da.

Zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?

Kolektibo gisa, gure kolaboratzaileekin batera zenbait proiektu paralelotan lanean ari gara infografia eta istorio grafikoen bidez zokoratutako gaiak nabarmentzeko. Egiptoko hedabideetako zentsura edo gazteen bazterketa mundu arabiarrean, esaterako.

Gure asmoa da proiektuak kolaboratzaileek beraiek gidatzea. Visualizing Impact taldearen orain arteko filosofia eta lan moldeari jarraiki, TEDx proiektuaren eredu deszentralizatuaren antzera, “Visualizing X” bilakatu nahiko genuke Palestinarekin egin dugun moduko proiektu gehiagoren marka.

Visualizing Palestineri dagokionez, 2015ean beste talde batzuekin elkarlana sustatu nahi dugu estrategia partekatua sortzeko eta justizia sozialaren aldeko mugimendu palestinarra bere osotasunean indartzeko. Halaber, une kritiko batera heltzen ari garela jabetu gara. Gainerako gatazka historikoetan gertatu den bezala, Palestinako aldarrikapena denen ahotan egongo da, eta guk prozesu hori sustatzeko eta azkartzeko konpromisoa daukagu.

>>> Euskaratutako infografia guztiak, Axier Lopezen 'Begizta' blogean.

Argia eta Visualizing Palestine elkarlanean

Bi proiektuok Creative Commons lizentzia librea erabiltzen dugula baliatuz, Euskal Herriko testuingurura egoki moldatzen diren bederatzi infografia euskaratu ditugu Argia eta VPren arteko elkarlanari esker. Grafikoak Argiako begizta.net blogean deskargatzeko eta inprimatzeko moduan sareratu ditugu, doan eta nahieran erabiltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


NBEko Batzar Orokorrak gehiengo zabalez agindu dio Israeli okupazioa amaitzeko urtebeteko epean

181 estatu kideetatik 124k babestu dute neurria, eta hamalauk soilik bozkatu dute kontra. Ez da erabaki loteslea, eta ez da espero honen ondorioz Israelek jarrera aldatzerik.


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


Israelek Libano bonbardatuta gutxienez 492 hildako eta 1.645 zauritu eragin ditu astelehenean

Azken urteetan ikusi gabeko bonbardaketa egin du Israelek Libanoko hainbat hiritan. Astelehenean, gutxienez 492 pertsona hil dituzte eta 1.645 zauritu, Libanoko osasun ministerioak emandako datuen arabera. Horrez gain, ostiralean Hezbollahren bi komandante hil zituen Israelek... [+]


Israelek beste mediku palestinar bat hil du torturapean

Azken urtean Gazan gutxienez 60 pertsona hil dituzte sionistek torturapean, horietariko hiru medikuak, eta beste 1.000 osasun langile baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Osasun sistemaren aurkako eraso “sistematiko eta berariazkoa” salatu... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-19 | Axier Lopez
Inoiz ikusi gabeko atentatuak Libanon. Nola eta zergatik?

12 hildako –tartean bi adingabe– eta 3.000 zauritu inguru, asteartean. 26 ordu geroago, beste 20 hildako eta 450 zauritu baino gehiago, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Bi leherketa masibo eta koordinatu izan dira, lehena milaka pertsona-bilagailutan eta... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


2024-09-18 | Gedar
Sionistek bizileku-baimena eskaintzen dute, palestinarrak erailtzearen truke

Jatorri afrikarreko asilo-eskatzaileei egin die eskaintza Israelgo Estatu genozidak, 'Haaretz'-en arabera. Gaur egun, 30.000 eskatzaile omen daude egoera horretan sionisten mendeko eremuetan.


Eguneraketa berriak daude