argia.eus
INPRIMATU
GAL eta kontzientzia objekzioa
Rosa Maria Martin Sabaris 2014ko abenduaren 11

Unibertsitateko ikasketen azken eraldaketa 1999an hasi zen Boloniako Adierazpena sinatu zenean. Etorkizunean izango genuen ikasketa eredua hasi zen sortzen. Orduko ikasleen protestak handiak izan ziren, eurek ikasketa plan berriak ezagutuko ez zituzten arren. Aitzitik, egun unibertsitatean ditugun ikasleak haurtzaindegian zeuden orduan, eta ez zuten aukerarik izan hezkuntzaren merkantilizazioaz eztabaidatzeko. Iragan laburra dute egungo ikasleek. Ez dute gogoratzen Boloniako Adierazpena, eta ez dute ulertzen GAL akronimoak beste batzuongan sortzen duen egonezina.

Ikasketa Plan berrien sorkuntza garaian, Gradu Amaierako Lana, Gradu Bukaerako Lana izan zedin ahaleginak egin ziren, garai beltzak ez gogoratzeagatik edo. Baina azkenean toki gehienetan GAL izenarekin gelditu da unibertsitateko oinarrizko ikasketei amaiera ematen dion lana. Ikasle askorentzat GAL ikasturte amaieran entregatu beharreko lana da, ez besterik.

Horrelako lau ikasleren tutoretza egokitu zait aurten. Irakasleak arloak eskaintzen ditu, eta emaitza akademikoen arabera, sistemak ikasleak esleitzen dizkio. Nire kasuan, arloa dokumental baten ekoizpena eta errealizazioari dagokio. Alegia, ikasleek dokumental bat egin behar dute.   

Tutoretza-bilerak egiten hasi naiz lau ikasleekin batera. Eta beti bezala, zera iragarri diet: ni lagun izango nautela ikasketa prozesuan; nik dokumentala egiten lagunduko diedala, baina gaia aukeratzeko erabateko askatasuna dutela. Hasi dira buruan bueltaka dituzten gaiak aipatzen: ahozko kultura, arrantzaleen bizimodua, isiltasuna, musika talderen bat, agility izeneko jarduera berria...

Laugarren ikasleak bat-batean bota du berea:  “Guardia Zibila”. Isilunea.  Txistua irentsi dut. Urtero luzatzen diedan galdera atera zait:  “Eta ikuspuntua?”. Ikasleak guardia zibilen bokazioari buruzko dokumentala egin nahi duela zehaztu du. Orduan, beste ikasle batek zera galdetu dio: “Zertarako? Duten irudia garbitzeko?”. Azken galdera ez zaio gustatu gaia proposatu duenari.
Bulegotik irten direnean, a zelako fardela utzi didaten pentsatzen gelditu naiz, a zelako zeregin zaila, a zelako erronka! Lankideekin komentatu dut. Batek nik lan horren tutoretza ez nukeela egin beharko esan dit, “gutxienez, Guardia Zibilak barkamena eskatu arte”.

Unibertsitateko hezkuntzan zeintzuk dira kontzientzia objekzioa egiteko arrazoiak? Zeintzuk mugak?